Juanenea eta Endika finalerako sailkatu dira; Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a, berriz, kanpoan geratu dira

Juanenea eta Endika finalerako sailkatu dira; Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a, berriz, kanpoan geratu dira

Sailkapena ez da mugitu azken jardunaldian, eta Ansa II-Larrañaga eta Urriza-Zubiri ariko dira finalerdian.

50. Urteurrenaren Txapelketako ligaxka amaitu da, eta sailkapena ez zen mugitu hirugarren eta azken jardunaldian. Beraz, Juanenea eta Endika finalera sartu dira, lehenengo postua lortuta, eta Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a kalean geratu dira, nahiz eta azken jardunaldian euren partida irabazi. Ansa II-Larrañaga eta Urriza-Zubiri izango dira larunbateko finalerdia jokatuko duten bi bikoteak.

Joan den larunbateko lehenengo partidan, Ansak eta Larrañagak 32-35 garaitu zituzten Urriza eta Zubiri. Irabazleek 20 tanto behar zituzten, eta segituan bete zuten helburua. Galtzaileek 29 behar zituzten, eta aurretik iritsi ziren 29-25. Azken tantoetan, 2-10eko partzialarekin, urdinek ligaxkako bigarren garaipena lortu eta, bederatzi punturekin, bigarren postua eskuratu zuten. 

Bigarren partida hasi baino lehen, Goikoetxea V.ak eta Barrenetxeak ez zuten sailkatzeko aukerarik, baina ongi aritu ziren, batez ere Goikoetxea, eta garaipena lortu zuten, tanto bakar baten aldearekin, 35-34, Juanenea eta Endikaren aurka. Lehenengo postua eskuratu eta finalera sailkatzeko, 29 tanto behar zituzten urdinek, eta helburua lortu zuten. Hala, 10 punturekin, ligaxka irabazi zuten.

Datorren larunbatean Ansa eta Larrañaga Urriza eta Zubiriren aurka lehiatuko dira. Bederatzi eta sei punturekin bigarren eta hirugarren sailkatuta, finalerdirako postuak bereganatu zituzten. Goikoetxea eta Barrenetxeak bost batu dituzte. 

Orain arte partida biziak ikusi dira, eta, jardunaldiz jardunaldi, gero eta joko hobea ikusi da Galarretan. Orain, azken bi partidak falta dira, garrantzitsuenak, eta txapelduna nor izango den jakitea.

 

Juaneneak eta Endikak finalerdia ziurtatu dute Galarretako 50. urteurren txapelketan

Juaneneak eta Endikak finalerdia ziurtatu dute Galarretako 50. urteurren txapelketan

Urrizak eta Zubirik ere irabazi egin zuten, baina Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.ak puntua egin eta lehian mantentzea lortu dute.

50. Urteurreneko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen, eta Juanenea eta Endika nagusitu ziren, 35-30, Ansa II.aren eta Larrañagaren aurka. Bigarren partidan, Urriza eta Zubiri izan ziren garaile, 29-35. Goikoetxea V.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka. 

Garaipen horrekin, Juaneneak eta Endikak zortzi puntu dituzte sailkapenean, eta, gutxienez, txapelketako finalaurrekora iristea ziurtatu dute. Gainera, datorren asteko hirugarren partidan puntu bat lortzen badute, finalean ariko dira, ligaxkan lehen postuan geratuko direlako.

Ansa II.ak eta Larrañagak bost puntu dituzte, puntu bakarra batu eta gero. Urrizak eta Zubirik, berriz, lau dituzte; bat gehiagorekin, finalerdia ziurtatutako dute. Goikoetxea eta Barrenetxea atzelari hernaniarra, ordea, hirugarren jardunaldian irabaztera behartuta daude. Puntu bat lortu zuten 29. tantora iritsi zirenean, eta horrek oraindik itxaropentsu mantentzen ditu; izan ere, hori gabe orain kanporatuta egongo lirateke. 

Azkenengo jardunaldian, Juanenea eta Endika liderrek Goikoetxea-Barrenetxea izango dituzte aurkari, eta Urrizak eta Zubirik Ansaren eta Larrañagaren kontra jokatuko dute. Bigarren partida horretan bi bikoteek puntua lortzen badute, finalerdian izango dira, eta irabazleek lehenengo postua lortzeko aukera izango dute. 

Larunbateko bi partidetan maila igo egin zen, lehenengo jadunaldiarekin alderatuta. Partida politak ikusi ziren, eta berdinduagoak. Juanenearen maila nabarmendu behar da. Asko jokatu zuen, eta horrek ekarri zuen garaipena. Bigarren partidan, Zubiri ederki aritu zen, eta, Urrizarekin batera, bi huts bakarrik egin zituzten. Seguroago airtu ziren aurkariak baino, eta hor egon zen gakoa.

Urdinak jaun eta jabe izan dira lehenengo jardunaldian

Urdinak jaun eta jabe izan dira lehenengo jardunaldian

Juanenea-Endikak eta Ansa II.a-Larrañagak nahiko erraz gainditu dituzte Urriza-Zubiri eta Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a 50. Urteurreneko Erremonte Txapelketan.

Erremontea bueltatu berri da Galarretara 50. Urteurreneko Txapelketarekin, eta zaleek gozatzeko aukera izan dute berriro. Hiru partida jokatu ziren lehenengo jaialdian, eta urdinak izan ziren nagusi txapelketako bi partidetan. 

Lehenengo partidan, Juanenea eta Endika 28-35 nagusitu ziren Urriza eta Zubiriren aurka; bigarrengoan, Ansa II.ak eta Larrañagak 23an utzi zituzten Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a. Bi emaitza horiekin, garaileek launa puntu batu dituzte sailkpenean, eta galtzaileak punturik gabe geratu dira. Ligaxkan aurrena sailkatzen dena finalean sartuko da; azkena, berriz, kanporatua izango da, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatu beharko dute.

Bi partidak parekotasunak izan zituzten. Lehendabizikoan, Urrizak eta Zubirik lan gehiago eman zizkieten Juaneneari eta Endikari, baina haiek ongi irabazi zuten. Launako berdinketa izan eta gero, hamar tantoren aldeak lortu zituzten. Gorriak lau tantora hurbildu arren, gehiago ez zuten urduritu bikote urdina. Endika izan zen erremontistarik onena, eta Urrizak ohi baino okerrago jokatu zuen.

Bigarren partidan, pilota azkarrago mugitu zen, eta pilotakada bikainak ikusi ziren, baina emozioa falta izan zen. Hasiera-hasieratik alde egin zuten markagailuan Ansa II.ak eta Larrañagak, eta eroso eraman zuten partida. Barrenetxeak ezin izan zuen bere onena eman, eta Larrañaga eta Ansa oso ongi aritu ziren, bikote sendoa osatuz. Aldeak handiak izan ziren, eta 23-35eko markagailuak ederki adierazten du kantxan bi bikoteen artean egon zen koska. 

ekipazio ofiziala

salgai

Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!