Juaneneak 20 tanto behar zituen Kutxabank Torneoko finalerdietako ligaxkara pasatzeko eta 20 tanto egiteaz gain, berriro irabazi zuen. Oraingoan 30-24 gailendu zaio Goikoetxea V.ari final-laurdenetako ligaxkako hirugarren partidan eta 8 puntu lortu ditu bere bi partidak irabazita. Atarikoak gehituz gero, Saldiaskoak bost garaipeneko txapelketa bikaina eta porrota ezagutu gabe darama.
Juanenearen garaipena ez zen erosoa izan eta Goikoetxeak gauzak zaildu zizkion. Agian Saldiaskoa ez zen kantxaratu beste partida batzuetako tentsioarekin eta hori nabaritu egin zen partidan zehar.
Partida honek ez zuen piloteo askorik izan eta bi aurrelariek azkar bukatu zituzten tantoak. Hor egin zuen tanto gehien Juaneneak eta markagailua desorekatu zuen.
Markagailuak 21-20koa erakusten zuen eta jarraian sei eta biko partzialarekin bost tantoren aldea hartu zuen, 27-22.Hor erabaki zen partidua. Juaneneak sei tantoko aldea hartu zuen, 11-5, baina Goikoetxea bi tantora jarri zen, 15-13 eta 18-16, eta emozioak gora egin zuen 21-20koan. Aipaturiko 27-22koa eta gero, 30-24 irabazi zuen Juaneneak. Goikoetxeak arazoak jarri zizkion Juaneneari eta arerio zaila duela argi geratu zen.
Juaneneak merezimendu osoz egin du aurrera kanporaketan eta ligaxkako sailkapenaren buruan Juanenea geratu da zortzi punturekin, Ansa II.ak lau punturekin jarraitu dio eta Goikoetxeak puntu bakarrarekin itxi du sailkapena. Lehenengoa bakarrik sailkatzen da hurrengo fasera.