Juanenea eta Goikoetxea V.ak bihar, ostegunean, itxiko dute, Kutxabank Torneoko, final laurdenetako ligaxkaren fasea hirugarren partiduarekin. Lehenengoan Juaneneak erraz gainditu zuen Ansa II.a 30-19 eta bigarren partiduan Ansak erraz gainditu zuen Goikoetxea 30-21.Emaitza horiekin Juaneneak eta Ansak launa puntu dituzte eta Goikoetxeak bat bera ere ez. Hala ere, hiru erremontistek dituzte sailkatzeko aukerak, hori bai Juaneneak du sailkatzeko aukera gehien. Saldiasko aurrelariak nahiko du 20 tantorekin aurrera jarraitzeko. Kasu horretan launa puntuko berdinketa egongo litzateke eta tanteoan nafarra sailkatuko litzateke. Goikoetxeak aurrera jarraitzeko 17an, 18an edo 19an utzi behar du biharko aurkaria. Tanteoa bere alde edukiko luke. Ansak behear duena da Juanenea 17 tantora ez iristea. Kasu horretan puntu bat galduko luke saldistarrak eta bi urnietarrak launa berdinduko lukete eta beraien arteko partidua Ansak irabazi zuen. Beraz, Juaneneak du sailkatzeko aukera gehien. Orain arteko partidu denak irabazi ditu eta faborito argia da ez sailkatzeko bakarrik, baizik eta partidua irabazteko ere hautagai nagusia da. Bikain ari da jokatzen eta gehiago dela erakusten ari da.Hurrengo fasera sailkatzen dena finalerdietako ligaxka jokatuko luke. Bertan, Endika, Urriza eta Barrenetxea sartuko dira lehian eta lau erremontista onenen multzoan egotea esan nahi du horrek. Gainera, Kutxabank Torneoan beste hiru partidu jokatzea ziurtatuko luke. Goikoetxeak aukerak inzan nahi baditu oso ongi aritu beharko du sakean eta peloteoan hutsegiterik ez egin. Juanenea seguru dabil, akatsik egin gabe, eta errestoan eta defentsan ere ongi ari da.