Ansak 30-21 irabazi dio Goikoetxeari Kutxabank Torneoaren finalaurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian eta nahiz eta bederatzi tantoko alde izan kanpoan geratu da. Juaneneari egin zion mesede gehiena garaipen horrek eta orain hirugarren eta azken jardunaldian Goikoetxea eta Juanenearen arteko partiduak erabakiko du zein sailkatuko den. 

Goikoetxeak 20 tanto edo gutxiagoan utzi behar du Juanenea
Juaneneak 21 tanto egitearekin nahikoa du eta Goikoetxeak sailkatu nahi badu 20 tanto edo gutxiagoan utzi behar du aurkaria datorren ostegunean. Kasu horietan launako berdinketa egongo litzateke sailkapenean hiru erremontisten artean eta tanteoak erabakiko luke. 

Bederatzi tanto erreskadan erabakigarri Ansaren alde
Partiduak bi zati desberdin izan zituen. Lehenengoan partidu parekatua ikusi zen, baina bigarren zatian Ansa jaun eta jabe izan zen. 17-18 atzetik zela 9-0ko partziala egin zuen Ansak eta 26-18 aurretik jarri zen. Ordura arte Goikoetxeak agindu zuen markagailuan eta sei tantoko aldea ere eduki zuen 8-14koan. 
Ansak sakearekin arazoak zituen eta bost falta eginak zituen 20 tanto egin aurretik. Bere herrikideak aukerak zituela zirudien, baina irabazleak ongi erreakzionatu zuen eta zuzendu zenean nagusi izan zen kolpearekin. 
Goikoetxeari kosta egiten zitzaion tantoak egitea eta tantoak amaitzeko arazoak zituen. Ansak 22 tanto egin zituen peloteoan eta sakearekin beste bost. Peloteoan bi akatsekin amaitu zuen. Goikoetxeak 11 tantorekin amaitu zuen, sakearekin beste hiru tanto egin zituen eta guztira bi huts egite egin zituen.­