ORIAMENDIK 2026KO ERREMONTEKO BANAKAKO TXAPELKETAKO AZKEN FASEKO PARTE-HARTZAILEAK AURKEZTUKO DITU

ORIAMENDIK 2026KO ERREMONTEKO BANAKAKO TXAPELKETAKO AZKEN FASEKO PARTE-HARTZAILEAK AURKEZTUKO DITU

Datorren abuztuaren 6an, osteguna, Chillida Lekuk 2026ko Erremonteko Banakako Txapelketaren aurkezpen ofiziala hartuko du. ORIAMENDI 2010, S.L.-k antolatuko duen azken banakako txapelketan modalitateko sei erremontistarik onenetako batzuk bilduko dira.

Datorren abuztuaren 6an, osteguna, 18:00etan, Chillida Lekun egingo da 2026ko Erremonteko Banakako Txapelketaren aurkezpen ofiziala. Aurtengo edizioak esanahi berezia izango du, ORIAMENDI 2010, S.L.-k antolatuko duen azken Banakako Txapelketa izango delako eta Galarretako pilotalekuan jokatuko delako.

Aurkezpenean txapelketaren lehiaketa-formatua, egutegia eta edizio honetako xehetasun guztiak ezagutzera emango dira. Beste behin ere, gaur egungo erremontistarik onenetako batzuk bilduko dituen txapelketa izango da.

Txapelketako azken faseko koadroa iazko finalistak izan ziren Aritz Juanenea eta Endika Barrenetxea pilotariek osatuko dute. Haiekin batera ariko dira Xabi Azpiroz, Josetxo Ezkurra, Iban Larrañaga eta Kemen Aldabe. Sei erremontista hauek erremonte profesionaleko egutegian prestigiorik handiena duen txapeletako bat lortzeko lehiatuko dira.

Aurtengo edizioak, gainera, izaera bereziki sinbolikoa izango du; izan ere, ORIAMENDI 2010, S.L.-k antolatuko duen azken Banakako Txapelketa izango da, eta horrekin amaiera emango zaio erremonte profesionalaren eta Galarretako pilotalekuaren historia garaikidean aztarna utzi duen aro bati.

Aurkezpen honen harira, ORIAMENDI 2010, S.L.-k komunikabide guztiak gonbidatu nahi ditu ekitaldira bertaratzera, txapelketaren xehetasun guztiak bertatik bertara ezagutzeko eta protagonista zein zaleentzat esanahi berezia izango duen edizio honen hasierarekin bat egiteko.

AZKEN OSTEGUNA GALARRETAN

AZKEN OSTEGUNA GALARRETAN

Ostegun honetan, uztailaren 16an, 16:30etik aurrera, Galarretak jardunaldi oso berezia biziko du. Jai Alai Summer Season txapelketaren bigarren hitzorduak Galarretaren historian oso errotuta dagoen tradizio bat berreskuratzeko aukera emango digu egun batez: erremontearen ostegunak.

Hamarkada luzez, ostegunak eta larunbatak egun bereziak izan ziren Galarretan. Belaunaldiz belaunaldi, zaleak pilotalekuan elkartzen ziren erremonteaz gozatzeko, eta pilotaren hotsak bizia ematen zien Galarretako hormei. Urteen poderioz, ordea, ostegunetako jaialdien tradizio hura desagertu egin zen.

Ostegun honetan itzuliko da. Eta kasu honetan, azken aldiz.

2026a Oriamendi 2010 enpresak erremonte profesionalaren kudeaketaren ardura izango duen azken urtea izango da, eta, horregatik, uztailaren 16ak hitzez azaltzen zaila den esanahia du guretzat. Agian, askorentzat beste jaialdi bat besterik ez da izango. Galarreta ezagutzen, maite eta urte luzez bizi izan dugunontzat, ordea, ez.

Ostegun honetan, gure jardunaren barruan azken aldiz, erremontearen pilotaren hotsa ostegunez entzungo da berriro Galarretan.

Jardunaldiak, gainera, Jai Alai Summer Seasonen erakargarritasuna izango du, erremontariak ohikoak ez dituzten postuetan lehiatuko baitira. Hiru partida jokatuko dira, eta egitarau osoa erantsitako irudian kontsulta daiteke.

Oriamenditik gurekin bat egitera eta Galarretaren historiako pasarte txiki honetaz gozatzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Oraindik partida ugari geratzen dira jokatzeko.

Baina ostegun hau, azkena da.

Azken sarrerak eskuragarri Binakako Erremonte Txapelketaren finalerako, Galarretan

Azken sarrerak eskuragarri Binakako Erremonte Txapelketaren finalerako, Galarretan

Gaur arratsaldean, 16:30etik aurrera, Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko da Binakako Erremonte Txapelketaren finala, denboraldiko hitzordu berezienetako bat, eta beste behin ere ikusleen aldetik erantzun handia izango duena.

Goizeko lehen ordutik sarreren salmenta ia erabat agortuta dago, eta une honetan zutik ikusteko azken sarrerak baino ez dira geratzen eskuragarri, eserlekua duten sarrera guztiak dagoeneko agortuta baitaude.

Binakako Txapelketaren finala urtero izaten da Galarretan jende gehien biltzen duen jaialdietako bat. Duela bi denboraldi, sarreren eskari handiak hainbat zale pilotalekutik kanpo uztea ekarri zuen, sarrerak agortu zirelako. Egoera hori berriro gerta ez dadin, Oriamendi 2010ek aurrez ematen du gaurko jaialdiaren aforoaren egoeraren berri.

Hori dela eta, antolakuntzatik sarrerarik ez duten pertsonei pilotalekura ez gerturatzea eskatzen zaie, aforoa betetzen denean ezingo baita barrura sartu. Eskuragarri geratzen diren azken sarrerak webgune ofizialean eros daitezke: www.oriamendi.eus.

Oriamendi 2010ek zaleen ulermena eta babesa eskertu nahi ditu, eta gaur arratsaldeko finala erremontearen festa handi bat izatea espero du, bai kantxan eta bai harmailetan.

Binakako Erremonteko Txapelketaren finala urtarrilaren 2ra aurreratu da

Binakako Erremonteko Txapelketaren finala urtarrilaren 2ra aurreratu da

Oriamendi 2010 enpresak, erremonte profesionalaren kudeaketaz arduratzen den erakundeak, Binakako erremonte Txapelketaren finalaren data aldatzea erabaki du. Hasiera batean 2026ko urtarrilaren 3an jokatzekoa zen finala, eta azkenean 2026ko urtarrilaren 2an, ostirala, jokatuko da, ordutegi bera mantenduta (16:30ean) eta Hernaniko Galarreta pilotalekuan.

Erabakia urtarrilaren 3rako aurreikusita zeuden izaera jendetsuko hainbat kirol- eta kultura-ekitaldi batera aztertu ondoren hartu da. Antolakuntzatik uste da egun berean hainbat ekitaldi handiren arteko gainjartzeak kalte egingo ziela bai ekitaldiei, bai zaleei. Beste erakunde antolatzaile batzuekin harremanetan jarri ondoren, egutegi-egokitzapen hau egitea egokiena dela ondorioztatu da, publikoari hainbat ekitalditara joateko aukera errazteko helburuarekin.

Oriamendi 2010etik lasaitasun mezua helarazi nahi zaio publikoari, izan ere, urtarrilaren 3rako sarrerak erosi dituzten pertsonek ez dute inolako izapiderik egin beharko: data dagoeneko eguneratuta dago webgune ofizialean, eta sarrerak baliozkoak izango dira urtarrilaren 2ko finalera sartzeko. Era berean, urtarrilaren 2ko finalerako sarrerak jada salgai daude www.oriamendi.eus webgunean.

Erremonteko Binakako Txapelketaren finalak 2025. urteari amaiera bikaina emango dio.

Informazio eguneratu guztia www.oriamendi.eus webgunean kontsultatu daiteke.

Azaroaren 7an txapelketan debutatu behar nuela esan zidatenean ezin nuen sinetsi

Azaroaren 7an txapelketan debutatu behar nuela esan zidatenean ezin nuen sinetsi

Julen Deskarga hernaniarrak gaur debutatuko du profesional mailan, 20 urterekin, Galarretan Bigarren Mailako Binakako Txapelketan. Martirenarekin batera, Susperregi eta Eskudero izango dituzte aurkari aurreneko partiduan.

Julen Deskarga (2005, Hernani) hernaniarrak bihar debutatuko du profesional mailan Bigarren Mailako Txapelketan. Martirenarekin batera arituko da Susperregi eta Eskuderoren aurka, 17.30etatik aurrera. Esku pelota utzi eta gero saskia jarri eta beste bide bati ekin dio Deskargak. Erremontea, Deuston ikasten duen magisteritza eta kirola ikasketekin uztartzen du.Urduritasuna nabaritzen al duzu debuta egin aurretik?
Orain arte nahiko lasai egon naiz eta oraindik ere lasai nabaritzen dut nire burua, baina pixkanaka nerbioak hasi dira agertzen.Lehendabiziko partiduan Martirena izango duzu bikote, Gurrutxagaren eta
Eskuderoren aurka. Nolako debuta espero duzu?

Gurrutxaga ezin du jokatu lesio baten ondorioz eta Susperregik ordezkatuko du. Bikote nahiko gogorra osatzen dute, txapelketa honetan aurkituko ditugun denak bezala. Hori bai, gogotsu nago zer moduz doakidan ikusteko eta ea irabazteko aukera dugun.

Noiz erabaki zenuen esku pelota utzi eta erremontean hastea?
Orain urtebete. 2024ko urrian hasi nintzen erremontean eta esku pelota utzi nuen erremontean hastearekin batera.

Zer moduzko esperientzia izan da azken urte hau?
Egia esan oso polita. Hasieran oso galduta nengoen eta pelota jotzen ere ez nuen asmatzen, baina pixkanaka ikasten joan naiz entrenamenduetan. Oso gustora aurkitu naiz, gero eta gustorago.

Azken urtean asko entrenatuko zenuen 
erremontean. Txapelketan arituko diren kideen parean ikusten duzu zure burua?
Egia esan, afizionatuetatik profesionaletara maila asko aldatzen da. Pelotetan ere ezberdintasun nabariak daude. Hasieran   aldea asko nabaritzen nuen, baina konfidantza asko hartu dut eta nahiz eta sentitzen dudan mailan oraindik aldea badagoela, uste dut beraien parean jarriko naizela.

Afizionatuetan partidurik jokatzeko aukera izan duzu?
Ez, tamalez. Gaurko erremontean ofizialki jokatuko dudan lehenengo partidua izango da. Ea nola doan, gogo askorekin nago debutatzeko.

Ikasketa prozesu honetan zer izan da zailena?
Afizionatuetan sei erremontista izan gara eta entrenamenduetara bakarrik joan behar izan dut batzutan. Lau elkartu eta partiduren bat jokatzea ez da erraza izan. Zailtasun gutxi izan dut.

Prozesuan zein izan da bidelagun edo maisu lanetan aritu dena?
Endika Barrenetxearekin eta Kike Elizalderekin ikasi nituen postura oinarrizkoak eta profesionaletan debuta egin aurretik Urtzi Gurrutxaga eta Aitor Aiestaran izan ditut bidelagun. Azkenaldian, berriz ere, Kike Elizalderekin aritzen naiz entrenatzen.

Aurrelaria zara. Nola erabaki zenuen hor jokatzea?
Afizionatuekin entrenatzen hasi nintzenean aurrean jarri nintzen. Esku pelotan ere aurrelari nintzen eta uste dut aurrelari izateko gaitasun gehiago ditudala. Ez naiz indarreko pelotaria, gehiago naiz abileziko pelotaria.

Erremontean hasteko prozesua nolakoa izan zen?
Ez nuen inoiz pentsatu erremontean amaituko nuenik. Esku pelotan eskuko minekin hasi nintzen kadete mailan eta ez nuen bururik altxatzen. Aitak pelota ez uzteko eta erremontea probatzera animatu zidan. Endika Barrenetxearekin hitz egin eta saskia probatu genuen.

Galarretara joateko ohiturarik bazenuen?
Oso gutxitan joan nintzen, pare bat aldiz. Azken urtean askotan izan naiz bertan, baina aurretik txikitan Euskal Jai Berrin izan nintzela gogoratzen dut. Donezteben badut familia, erremonte zalea.

Erremontea esaten den bezain zaila al da?
Zaila da benetan. Batez ere pelotak hartzen duen abiadurarengatik. Kokatzen jakitea oso zaila da. Pelota nahi den lekuan jartzea dakarren abiadurarekin ia ezinezkoa da. Distantziak hartu behar dira. Kikek asko erakutsi dit horretan.

Defentsa lana ere zaila izaten omen da.
Batez ere. Oso zaila izaten da pareteko defentsa eta behar bezelako posturak hartzea. Beldurra ere ematen du abiadura oso azkarrean sartzen baita pelota ezker hormara. Gehien gustatzen zaidana errematea da. Ez dakit ongi edo gaizki egiten dudan, baina gustokoen jokaldia hori da.

Ez dakit inoiz horrenbeste Hernaniko erremontista inoiz izan den profesionaletan.
Bagara batzuk. Mattin Arluziaga, Aiestaran anaiak, Endika Barrenetxea…

Erlazio berezia sortzen al da? Laguntzen zarete?
Endikak asko lagundu dit hona iristen. Gauza asko antolatzen ditu eta edozein zalantza galdetu eta argitzen saiatzen da, jator. Entrenamenduetan Paulo eta Aitor Aiestaran, eta Mattin Arluziagakin oso gustora aritzen naiz. Orokorrean denak animatu didate.

Erremontean profesionaletan debutatuko zenuela esan balizute orain 14 hilabete, ez zenuke sinistuko. 
Ezta pentsatu ere. Azkenengo bi edo hiru hilabeteetan pare bat aldiz deitu zidaten profesionalekin entrenatzeko eta orduan bai hasten zara pentsatzen profesional izan zaitezkeela. Izugarrizko ilusioa egin zidan eta azaroaren 7an debutatu behar nuela esan zidatenean ezin nuen sinetsi. Oso goiz iruditzen zitzaidan.

Gainera txapelketa batean.
Hori da. Aurreneko partidua txapelketakoa izateak suposatzen du presio gehiago izatea, baina gogo gehiago ere sortzen du.

Txapelketan debutatzeak esan nahi du enpresan maila ona duzula ikusi dutela?.
Ez dakir. Agian bai, baina hori denborarekin ikusiko da. Konfidantza badut eta asmatu duten edo ez, jokatu ahala ikusiko da.

Harmailetatik animoak ez dira faltako.
Jende pixkat gerturatuko da animatzera.