Ezkurra II-Zaldua I eta Segurola-Azpiroz bikoteek lehenengo garaipena lortu dute

Ezkurra II-Zaldua I eta Segurola-Azpiroz bikoteek lehenengo garaipena lortu dute

Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen astelehen ilunabarrean, Erremontari saioaren (ETB1) barruan eta Ezkurra II-Zaldua I ETA Segurola-Azpiroz bikoteek lehenengo garaipena lortu zuten. 

Ezkurra II.ak eta Zalduak lehenengo partidua jokatu zuten txapelketan, Gurutzeta sagardotegia ordezkatuz, eta garaipen esanguratsua eskuratu zuten, 30-23, Aldabe eta Larrañagaren aurka. Hauentzako ere lehenengo partidua izan zen eta punturik gabe geratu ziren. Aldabek eta Larrañagak Bereziartua sagardotegia ordezkatzen dute. 

Partidua ongi hasi zen urdinentzat. Aldabe bikain hasi zen, tantoak amaitzen, eta Larrañagak mendean zuen Zaldua. horri esker 2-8 aurreratu ziren markagailuan. Hala ere gorriek azkar erreakzionatu zuten eta zortzina berdintzea lortu zuten. Ezkurra II.ak motorrak berotu zituen eta Zaldua sakearekin min egiten hasi zen. Partidua berdinduta joan zen 13-12ra arte, baina orduan gorriek lau tantoko abantaila hartu zuten, 16-12. Ez zen abantaila erabakigarria, inondik inora, baina Ezkurra eta Zalduak ongi eutsi zioten lauzpabost tantoko aldeari amaierara arte, 21-17, 23-19, 25-21, 27-22, 28-23. Azken bi tantoak gorriek egin zituzten eta punturik gabe utzi zituzten aurkariak. Josetxo Ezkurra izan zen onena 16 tanto eta bost akatsekin. Zalduak ongi babestu zuen Ezkurra zortzi tanto eta bi akatsekin. urdinetan Aldabek 11 tanto eta bost akats egin zituen eta Larrañagak bost tanto eta tanto bakarra hutsegin zuen. 

Bigarren partiduan Segurolak eta Azpirozek aurreko asteko arantza atera zuten. Bikain aritu ziren Goikoetxea eta Barrenetxearen aurka. 25-30 lortu zuten garaipena eta 20-29 ere joan ziren aurretik. Azken tanto hori egitea kosta zitzaien, baina lortu zuten. Gorriek puntua batu zuten azken bost tantoei esker. Oso partidu sendoa izan zen, lau erremontistak ongi aritu ziren eta akats gutxikoa izan zen. Markagailuan tanto bolada luzeak ikusi ziren, baina urdinak bolada gehiago eta hobeak izan zituzten. Bai Segurola eta bai Azpiroz bikain sartu ziren partiduan eta 0-5 eta 3-10 aurreratu ziren. Hala ere, gorriek tanto bakarrera hurbiltzea lortu arren, 12-13, bigarren bolada izan zuten urdinek eta 12-13tik 12-21era joan ziren markagailuan. Sendo, abantailari eutsi zioten eta hamar tantoko aldea ere izan zuten 18-28koan. 20-29 eta gero partidua ixtea kosta arren, azken tantoa urdinen alde erori zen 25-30. Atzelarien partidua izan zen eta hori bien artean parekotasun handia izan zen. Barrenetxeak 14 tanto eta lau akatsekin amaitu zuen eta Azpiroz bere pare aritu zen 12 tanto eta bi akatsekin. Aurrean Segurolak partidu oso ona burutu zuen hamar tanto eta akatsik egin gabe. Hamarreko partidua. Goikoetxeak 9 tanto eta lau akats egin zituen.

Oialume Zar eta Larre Gain sagardotegiek lortu dituzte lehenengo lau puntuak

Oialume Zar eta Larre Gain sagardotegiek lortu dituzte lehenengo lau puntuak

Sagardoaren Txapelketa Oialume Zar eta Larre Gain sagardotegien garaipenekin atzo hasi zen. ETB1eko Erremontari saioaren barruan, Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar) Ansa eta Juaneneari (Petritegi) irabazi zieten jaialdiko lehen partidan, eta Urrizak eta Zubirik (Larre Gain) 17 tantotan utzi zituzten Segurola-Azpiroz (Petritegi).
Txapelketako lehen bi emaitza hauek Oialume Zar eta Larre Gain berdinduta utzi dituzte, lidertzan, lau punturekin. Setien hirugarren geratu da bi punturekin eta Petritegik ez du punturik lortu.
Bi partidek bi istorio ezberdin izan zituzten. Lehenengoak emozio handia izan zuen eta bigarrenak, aldiz, Urriza eta Zubiriren alde egin zuen erditik aurrera. Hori bai, nahiz eta aldea handia izan, lehen erdia berdindua izan zen.
Sagardoaren Txapelketa modurik onenean hasi zen. Goikoetxea V.ak eta Barrenetxeak garaipena lortu zuten Ansa II.aren eta Juanenearen aurka, lau erremontistak indartsu eta mailarik onena erakutsiz. Urdinek bost tantoko errenta izan zuten 15-20 eta 16-21ekoan, baina Goikoetxeak bi paretetara egindako tantoek gorriak hurbildu zituzten eta partida hobeto bukatu zuten. Barrenetxearen pilota arrimatu bat ezin izan zuen Juaneneak itzuli, Oialume Zarri lau puntuak emanez.
Barrenetxeak bere erara atera zuen, modu ikusgarrian, eta Goikoetxeak ez zuen ia akatsik egin. Juanenea ez zen zimurtu eta atzelari hernaniarrari aurre egin zion, atzealdean dagoenetik jokatu duen partidarik onenean. Ansa II.ari kosta egin zitzaion arriskatzea eta amaiera aldera egin zuenean bi pareta erabakior bat huts egin zuen. Tanto horrek 29-28koa suposatu zuen.
Bigarren partidan ez zen emozio bera izan. Urriza eta Zubiri pitzadurarik gabe jokatu zuten. Zubirik min egin zuen sakearekin eta Azpirozek ezin izan zuen inoiz mendean hartu. Urriza besteen gainetik nabarmendu zen. Denetik eta ondo egin zuen. Segurola eta Azpiroz saiatu ziren eta partida berdinduta eraman zuten lehen hamar tantoetan, baina gero partida hautsi zen eta gorrien bigarren zatia ikaragarria izan zen. Markagailua gorabehera, piloteoa izan zen nagusi, nahiz eta tantoak Zubiri eta Urrizaren aldean erortzen ziren ia beti. Urrizak erakustaldia eman zuen 19 tanto eginez. Urdinek gutxienez puntu bat salbatu zuten.

Sagardoaren Txapelketa ‘Erremontari’ saioarekin bueltan da astelehenetik aurrera

Sagardoaren Txapelketa ‘Erremontari’ saioarekin bueltan da astelehenetik aurrera

XII. Sagardoaren Txapelketa aurkeztu da gaur Galarretan eta aurten pasa den urtean izan zuen arrakasta ikusita, ildo beretik jarraituko du txapelketak. ETB1eko ‘Erremontari’ saioaren barruan jokatuko da, aurten ere, txapelketa astelehenero, apirilaren 25an hasi eta ekainaren 20an bukatuta finalarekin.Bigarren urtez jarraian tradizioa eta modernitatea uztartuko dira Galarreta frontoian eta aurten gainera ikusleak izango dira.

Tradizioa kirola bera da, xextoak, pilotak, frontoia berak irudikatzen dute eta modernitatea saioan zehar eskainiko diren irudiak kamera berezien bitartez eta saio baten barruan jokatzeak berak. Harmailetan ikusleek kolorea emango diote txapelketari eta noski, giroa ere bai.Saioan, Sagardoaren txapelketa guztia emititzeaz gain elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Apirilaren 25etik aurrera, astelehenero gauetan ETB1en  eskainiko da eta bi orduko iraupena izango du prime time-an.


SEI BIKOTE, ZAZPI JARDUNALDI, FINALERDIA ETA FINALA

Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte. Ondorengoak dira bikoteak eta ordezkatzen dituzten sagardotegiak: Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Urriza-Zubiri (Larre-Gain), Aldabe-Larrañaga (Bereziartua), Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta), Segurola-Azpiroz (Petritegi) eta Ansa II-Juanenea (Setien). Txapelketaren formatuan, denak denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta bi bikote kanporatuak izango dira.
ç

Partidu guztiak 30 tantura jokatuko dira eta sailkapena puntuen bidez erabakiko da. Garaileak lau puntu batuko ditu, 29-27 tantu artean geratzen denak bi, 26tik-24 tantura puntua, 23tik 17 tantura punturik ez eta 16 edo gutxuago tantu egina puntu negatiboa. Finalerdiak ekainaren 13an jokatuko dira eta lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra ariko da eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Garaileak ekainaren 20ko finalean elkartuko dira txapela erabakitzeko. 

Astelehenero bi partidu jokatuko dira eta lehenengo jardunaldia, apirilaren 25ean izango da. Bigarrena maiatzaren 2an jokatuko da. Hirugarrena maiatzaren 9an. Laugarrena maiatzaren 16an. Bosgarrena, maiatzaren 23an. Seigarrena, maiatzaren 30ean. Zazpigarrena, ekainaren 6an. Urriza-Zaldua (Bereziartua) izan ziren pasa den urteko garaileak finalean Ansa II-Labaka (Setien) 30-22 garaitu eta gero. 

Aurtengo txapelketak maila altuagoa izango du Ezkurra II, Azpiroz eta Aldabe bezalako erremontistak txapelketan sartu eta gero. Binakako Txapelketaren mailakoa edo altuagokoa izango da eta ikuskizuna ziurtatuta egongo da. Aurkezpenean egon ziren bikote guztiak, Xabi Gonzalez Oriamendi 2010ko gerentea, Joseba Urkiola ETBko kirol zuzendaria, Peio Gartziandia Oronako ordezkaria, sagardotegi guztietako ordezkariak eta Donostia Turismoko arduradunak ere bai. 

Aldabe eta Apezetxea dira Berrria Erremonte Txapelketako txapeldunak

Aldabe eta Apezetxea dira Berrria Erremonte Txapelketako txapeldunak

Aldabe eta Apezetxeak 35-29 gainditu zituzten Loitegi eta Zaldua I Berria Erremonte Txapelketaren finalean eta beraz txapela jantzi dute bi nafarrek. Partidu goro eta berdindu batean gorriek beti joan ziren aurretik eta merezimendu osoz eraman zuten garaipena. Aldaberen partida izan zen gakoa. Txapelketako erremontistarik onena izan da eta finalean ere bere nagusitasuna erakutsi zuen. Gainera, Apezetxeak ederki lagundu zuen. Goizuetarrak lau partida jokatu ditu profesionaletan eta laurak irabazi ditu. Horrek txapela lortzera eraman du.

Aldabe erasokorrago aritu zen eta horri esker bideratu zuten finala. Loitegirekin alderatiuta tanto bikoitzak egin zituen. Loitegi eta Zaldua saiatu ziren, baina ezin izan zuten txapela irabazi. Partida berdinduta hasi zen. Bizia eta polita izan zen hasieratik bukaerara. Bosna eta seina berdindu eta gero gorriak aldegin ziren markagailuan 14-6. Hala ere, urdinek erreakzionatu eta 18na berdindu zuten. Lehia gogorra zen eta 23nako berdinketa eta gero, gorriek berriz ere, ihes egin zuten, 29-23. Sei tantoko abantaila hori erabakiorra izan zen. Sei tantoko aldea mantentea lortu zuten 32-26, 34-28 eta 35-29. 

Aldabek 20 tanto eta bost akats egin zituen eta Loitegik berriz bederatzi tanto eta bost akats egin zituen. Hamaika tantoko alde erabakiorra bata eta bestearen artean. Loitegi jokaldiak eginez hasi zen eta tanbtoak eginez, baina pixkana itzaltzen joan zen. Aldaberi asko lagundu zion Apezetxeak eta denetarik egin zuen. Erasoan eta defentsan ongi aritu zen.

Atzelarien borrokan Zalduak oso ongi jokatu zuen, baina Apezetxeak ez zuen hutsik egiten. Sakearekin biak ere zazpina tanto egin zituzten eta akatsetan ere pareko zenbakia izan zuten, bakarra. Piloteoan Zalduak zazpi tanto egin zituen eta Apezetxeak bi. Defentsan ederki aritu zen Apezetxea eta pilota zailak ekarri zituen atzetik. Merezitako garaipena lortu dute txapelketan Aldabe eta Apezetxeak partidurik galdiu gabe

Aldabe eta Apezetxea izango dira Loitegi eta Zalduaren aurkariak finalean

Aldabe eta Apezetxea izango dira Loitegi eta Zalduaren aurkariak finalean

Aldabe eta Apezetxea izango dira Loitegi eta Zaldua I.aren aurkariak Berria Erremonte Txapelketako finalean. Finalerdian, Aldabe eta Apezetxea aise nagusitu ziren, 35-19, Urrutia II.aren eta Labakaren aurka. Pronostikoa bete zen eta gorriak nagusi izan ziren hasieratik bukaerara.


Apezetxea izan zen finalerdiko erremontista nabarmenena, 11 tanto saketik eta bost piloteoan egin eta gero. Goizuetarraren hirugarren garaipena da profesionaletan hiru partidatan. Berria Txapelketako hiru partida jokatu ditu. Aldabe ere Urrutia baino gehiago izan zen 17 tanto eta bi akats eginda.


Hasierak erakutsi zuen partida nolakoa izango zen. 11-3 aurreratu ziren gorriak. Pixkanaka gora egin zuten errentek 18-9, 23-11, 31-18 eta alde handiena azken 35 eta19an iritsi zen. Bi bikote finalistak izan dira txapelketako onenak. Ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten eta Aldabek eta Apezetxeak 35-34 irabazi zuten.

Urriza eta Larrañaga, nagusi
Urrizak eta Larrañagak 40 eta 24 irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Azpirozi. Partida 10-0eko emaitzarekin hasi zen. Alde horiek 17-6koan mantendu ziren, baina 15 tantora igo ziren 22-7koan eta 21 tantora arte 39-18koan. Urdinek zerbait makillatu zuten markagailua 0-6ko partzial batekin, baina ez zuen ezertarako balio izan, 40-24ko azken markagailuak bere kabuz hitz egiten baitu.

Ezkurrak ez zuen bere egunik onena izan. Ia ez zuen jokaldirik egin eta bederatzi tanto eta zazpi huts egin zituen. Hori aprobetxatu zuen Urrizak aurrelarien arteko lehia aise irabazteko. Baina onena Larrañaga izan zen. Azkoitiarrak hamar tanto egin zituen saketik piloteoan sei tanto eginda eta akatsik gabe. Urrizak 14 tanto egin zituen eta sei akats. Azpirozek lau tanto egin zituen saketik, bost piloteoan eta hiru akats. Ikusleak lehia parekatuagoa ikusteko gogoarekin geratu ziren.

Loitegi eta Zaldua dira Berria Erremonte Txapelketako lehenengo finalistak

Loitegi eta Zaldua dira Berria Erremonte Txapelketako lehenengo finalistak

Loitegik eta Zaldua I.ak erraz irabazi zuten Goikoetxea V-Odeiren aurka 20-35 eta Berria Erremonte Txapelketako lehen finalistak dira. Finalerdiak kolore urdina izan zuen. Loitegi eta Zaldua jaun eta jabe izan ziren hasieratik bukaerara eta hasieratik agindu zuten markagailuan. 1-1eko berdinketaren ondoren, irabazleek ihes egin zuten 2-9 eta errentak pixkanaka gora egin zuen 6-14 eta 9-23. 14-25ekoarekin aldea pixka bat murriztu ondoren, aldea berriro ireki zen azken 20-35eraino.

Loitegi Goikoetxea baino gehiago izan zen eta Zaldua I ere Odei baino hobea izan zen atzealdean. Zenbakiak argiak izan ziren. Loitegik 14 tanto eta sei huts egin zituen. Zalduak bederatzi tanto egin zituen piloteoan, bost saketik eta hiru huts egin zituen. Gorrietan Goikoetxeak zazpi tanto baino ez zituen egin bost hutsekin eta Odeik hiru tanto egin zituen piloteoan, bat saketik eta bi huts.

Aldabek eta Barrenetxeak maila handiko estelarra eraman dute
Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Urrizaren berragerpena zapuztu zuten, Juanenearekin batera 40-38 galdu baitzuen. Hori bai, emaitza gorabehera, Iruñeko aurrelaria pozik egon daiteke erakutsi zuen jokoarekin. Ez zirudien ia bi hilabete bajan egon zenik. Bere egunik onenetan bezala jokatu zuen. Partida biribila izan zen eta lau pilotariek maila ona erakutsi zuten. Partida ederra ikusi zen, azken tantoetan erabaki zena.

Partida berdinduta hasi zen, zazpinako berdinketarekin, eta hortik aurrera urdinek ekimena hartu zuten. 7-10, 13-16, 18-22 aurreratu ziren. Barrenetxeak Urriza sake errestoan ondo sartzen ari zela ikusi zuen eta zabaletik ateratzen hasi zen emaitza onekin. Urriza asko behartu zuen eta min egin zuen. Partida berdindu zen 27an eta fase erabakigarrian gorriek 31-29 eta 35-30eko errenta hartu zuten. 37-33koaren ondoren 38-36 eta 39-38 markagailua estutu zen, nahiz eta azken tantoan Juaneneak besoa askatu zuen, baina pilotakada txapapera joan zen.

Aldabek 12 tanto eta bi huts egin zituen. Barrenetxeak 12 tanto egin zituen piloteoan, sei saketik eta bost huts egin zituen. Urriza 19 tanto eta sei akatsekin itzuli zen. Juaneneak bost tanto egin zituen saketik, zazpi piloteoan, lau akatsekin.