Urrizak eta Aizpuruk 30-25 irabazi zioten Ansa II-Larrañagari San Fermin Torneoko partidan eta, beraz, Juanenea eta Barrenetxea IV.aren aurkako finalerako txartela, A multzoko azken partidan jokatuko da.
Ansak eta Larrañagak garaipena behar zuten finalera zuzenean pasatzeko aukerak mantentzeko, baina ezin izan zuten. Urriza eta Aizpuru oso seguru agertu ziren, seriotasunez eta Urrizak gidatuta erabaki zuten partida. Iruñeko aurrelariak 18 tanto egin zituen eta ez zuen akatsik egin. Ansak ezin izan zituen Urrizaren zenbakiak indargabetu. Oraingoan 13 tanto egin zituen lau akatsekin.
Atzelarien arteko borroka oso parekatua izan zen Larrañaga aktiboagoarekin, bederatzi tanto eta hiru akats egin baitzituen, Aizpuruk 7 eta 2. Partida azkarra eta ikusgarria izan zen, markagailua parekatua izan zen 15-13raino. Gorriek hiru, lau, bost tantoko errenta txikia hartu eta azkeneraino mantendu zuten.
B Txapelketan Loitegik eta Zubirik 30-24 irabazi zioten Zaldua II-Labakari. Loitegi 18 tanto eta bost akatsekin nabarmendu zen aurrelarien artean. Lehen partidan ezin izan zuen Murgiondok jokatu, konfinatuta baitago eta ondorioz Goikoetxeari eta Murgiondori geratzen zitzaizkien bi partidak galdu dituzte.
Txapelketako partidarik gabe, jaialdiko lehenengoan Goikoetxea eta Martirena 29an geratu ziren Urrutia II.aren eta Zalduaren aurka.
Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak partiduaren azken zatira indartsu iritsi ziren eta 40-31 gainditu zituzten Segurola eta Barrenetxea IV.a San Joan jaialdian
Segurola eta Barrenetxea nagusi izan ziren lehen zatian, baina 23-16tik aurrera urdinek eraman zuten agintea. 8-24ko partzialarekin partida merezimendu osoz irabazi zuten.
Hasieran Ansa eusten saiatzen zen, baina Aizpuru hotz hasi zen eta Segurolak eta Barrenetxeak agintzen zuten. Aizpuruk tonua hartu zuen bigarren zatian eta Ansa asko hazi zen. 29na berdindu eta gero 40ra zuzenean iritsi ziren 2-11ko partzialarekin. Ansa nabarmendu zen 22 tanto eta bi akats eginda.
Loitegik eta Zalduak 23 eta 35 irabazi zieten Urrutia II.ari eta Murgiondori. Loitegik bere gaitasuna erakutsi zuen eta 17 tanto egin zituen profesionaletan jokatzen duen bigarren partidan. Zalduaren laguntza oso ona izan zuen.
Juaneneak eta Barrenetxea IV.ak San Fermin Torneoaren finalerako pausoa eman dute, Ansa II eta Larrañagari 30-26 irabazi ondoren. Irabazleek 4 puntu dituzte, galtzaileek bi. Gogoratu behar da hiru bikote ari direla titulua lortzeko lehian eta ligaxkako lehena finalera sartuko da eta bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute.
Partida parekatua eta borrokatua izan zen, baina azkenean gorriek partida ixtea lortu zuten Juanenearen lan bikainari esker.
B txapelketan bi partida jokatu ziren Murgiondo eta Loitegiren debutarekin. Hirugarren partidan estreinatu ziren profesionaletan. Goikoetxeak eta hernaniarrak 30-24 gainditu zituzten Loitegi eta Zubiri. Murgiondoren sakea nabarmendu zen hamahiru tantorekin. Partida ona izan zen.
Jaialdiko lehen partidan ez zen istoriorik izan. B txapelketako lehen partida zen eta Urrutia-Martirena Zaldua II-Labakaren gainetik pasa ziren 30-11. Emaitza hauekin bi bikote irabazleek lau puntu dituzte, Loitegik eta Zubirik puntu bat, eta Zaldua II.ak eta Labakak puntu negatiboa dute. Hurrengo jardunaldia uztailaren 1ean jokatuko da.
Bi txapel jarriko dira jokoan, nagusia A multzoko txapelketarekin eta bigarrena B multzokoa.
Ekainaren 18an hasiko den San Fermin Torneoaren aurkezpena Galarretan egin da gaur eta uztailaren 14ra arte luzatuko da. Egun horretan bi final jokatuko dira.
Oriamendi2010ek bi multzotan banatu du txapelketa; A eta B multzoetan, lehenengoa hiru bikotek osatzen dute eta bigarrena lau bikotek. A multzoak San Fermin Txapelketa nagusia jokatuko du, hiru bikote eta sei pilotari nagusiekin. B multzoa gainontzeko erremontistek osatzen dute eta bigarren txapel pizgarri bat jokatuko da.
A multzoko hiru bikoteak Urriza-Aizpuru III, Juanenea-Barrenetxea IV eta Ansa II-Larrañaga dira. B multzoan Zaldua II-Labaka, Urrutia II-Martirena, Loitegi-Zubiri eta Goikoetxea V-Murgiondo arituko dira.
Txapelketa bost jardunalditan jokatuko da. Ekainaren 18an, uztailaren 1ean eta uztailaren 3an denen arteko ligaxka bati dagozkion partidak jokatuko dira bi multzoetan. A multzoko eta B multzoko finalerdiak uztailaren 7an jokatuko dira eta bi multzoetako finalak uztailaren 14an. Pandemiaren ondorioz, San Fermin Txapelketa Galarretan jokatu behar izan dute eta ez ohi bezala Huarteko Euskal Jain. Berrikuntza nagusi horrekin ligaxkako lehen sailkatua finalera pasako da eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bat jokatuko dute. B multzoan laugarren sailkatua kanporatuta geratuko da.
Partidak 30 tantora jokatuko dira eta Sagardoaren Txapelketan bezala puntuatuko dira. Irabazleak lau puntu lortuko ditu, 29-27 tanto egiten dituenak bi puntu, 26-24 tanto egiten dituenak puntu bat, 23-17 tanto artean geratzen den bikoteak ez du punturik lortuko eta 16 tanto edo gutxiago egiten dituenak puntu negatiboa izango du.
Ligaxka ostiralean hasiko da eta hiru partida jokatuko dira ETB1eko kamerekin zuzenean, 22:20etik aurrera. A multzoan Urriza-Aizpuru III, Ansa II-Larrañagaren aurka neurtuko dira. B multzoan hauek dira partidak: Zaldua II-Labaka, Urrutia II-Martirenaren aurka eta Loitegi-Zubiri, Goikoetxea V-Murgiondoren aurka.
Ostiralean debutatuko dute profesionaletan Loitegi Urnietako aurrelariak eta Murgiondo hernaniar atzelariak. Aurkezpenean Hernaniko atzelariak “gogotsu” dagoela esan zuen, “Maila handiagoko erremontisten aurka neurtzea zaila izango dela jakinda, baina Goikoetxea V.a bezalako aurrelari baten laguntza izango dut”. Loitegik ezin izan zuen aurkezpenean egon.
Azpimarratzekoa da ligaxkako bigarren eta hirugarren jardunaldiak 17:00etan hasiko direla, eta agintarien erabakien zain publikoarekin izango den itxaropena dagoela.
Uztailaren 7ko bi finalaurrekoetan eta uztailaren 14ko bi finalaurrekoetan ere ETB1eko kamerak izango dira zuzenean, 17:00etatik aurrera. San Fermin torneoak Sukia eraikuntza enpresaren eta Berria egunkariaren laguntza izango du. Alfredo Pozuetak ordezkatu zuen Sukia eta Irati Azkuek ordezkatu zuen Berria aurkezpenean. Oihane Mateos izan zuen zuzendari, eta oriamendi2010eko Xabi González ere bertan egon zen.
Urriza eta Zalduak Sagardoaren Txapelekatko finala irabazi zuten azken partidan Ansa II eta Labaka 30-22 gainditu eta gero. Honela, Bereziartua sagardotegiak lortu du txapela eta Setien geratu da azpitxapeldun.
Ansa eta Labakak txapelketako lehendabiziko partida galdu zuten eta partidarik garrantzitsuenean iritsi zen zorigaiztoko porrota. Hala ere, Urriza eta Zalduaren lana goraipatu behar da. Final handia jokatu zuten garaileek eta aurkariek ere bere momentua izan zuten.
Partida oso berdindua izan zen eta telebistaren aurrean bildu ziren ikusleak gozatu zuten. Nor baino nor aritu ziren Urriza eta Ansa aurrean eta Zalduak ere borroka polita izan zuen Labakarekin atzean.
Hasieran 4-0 aurreratu ziren Urriza eta Zaldua, baina Ansa eta Labakak berehala erreakzionatu zuten eta 4-5 jarri ziren aurretik.15nako berdinketa iritsi arte aldaketa asko egon ziren markagailuan eta bikote bakoitzak bere momentuak izan zituzten. Takada txikiekin orain batzuk eta orain besteak aurreratzen ziren.14 eta 15ekoan atsedena hartu zuten finalistek eta ondoren hobeto sartu ziren kantxan gorriak. Bost tantoko aldea hartu zuten 22-17 eta abantaila mantentzea lortu zuten eta amaieran alderik handienarekin itsi zuten finala 30-22.
Partida bizia izan zen, tanto politak ikusi ziren eta maila altua izan zuen. Urrizak erremontearen erregea zergatik den erakutsi zuen eta finaletan ezin arriskutsuagoa dela beste behin ikusi zen. Guztira 21 tanto egin zituen eta finala berak erabaki zuen, pauso bat gehiago emanez. 30 tantoetatik 21 egitea ez da ahuntzaren gaur erdiko eztula. Bi akats bakarrik egin zituen.
Finalean akats gutxi ikusi ziren eta Zalduak ere bikain jokatu zuen. Urrizaren laguntza handia izan zuen eta ongi sakatu zuen eta jokaldiak ere egin zituen, defentsan ere lan ona eginez. Gainera azken tantoa sake batekin lortu zuen.
Ansa eta Labakak ez zuten gaizki jokatu, baina beste pauso bat gehiago ematea falta izan zitzaien momentu erabakiorrean. Ansak 13 tanto egin zituen eta aurrelarien arteko finala izan zen. Labakak ongi eutsi zuen eta bi tanto egin zituen sakez, baina ez zuen Zaldua menderatu.
Sagardoaren Txapelketa amaitu da eta zapore oso gozoa utzi du kirol ikuskizunak eta Erremontari saioak ETB1en eskaini duen emanaldi dotore eta modernoarekin.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu AjusteakOnartu
Cookien Politika
Resumen Privacidad
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu web gunean nabigatzen ari zaren bitartean esperientzia hobetzeko. Cookie horietatik, behar bezala sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, funtsezkoak baitira web gunearen oinarrizko funtzionaltasunetarako. Hirugarrenen cookieak ere erabiltzen ditugu, webgune hau nola erabiltzen den aztertzen eta ulertzen laguntzeko. Cookie hauek zure nabigatzailean soilik gordeko dira zure baimenarekin. Cookie hauen opt-out aukera ere baduzu. Baina cookie horietako batzuk aukeratzeak eragina izan dezake zure nabigazio-esperientzian.
Beharrezko cookieak guztiz funtsezkoak dira web guneak behar bezala funtziona dezan. Kategoria honetan, web gunearen oinarrizko funtzionalitateak eta segurtasun-ezaugarriak bermatzen dituzten cookieak bakarrik sartzen dira. Cookie hauek ez dute informazio pertsonalik gordetzen.
Beharrezko ez diren cookieak dira web guneak funtziona dezan eta erabiltzailearen datu pertsonalak analisien, iragarkien eta sartutako beste eduki batzuen bidez biltzeko berariaz erabiltzen ez diren cookieak. Nahitaezkoa da erabiltzailearen baimena lortzea bere webgunean cookie hauek exekutatu aurretik.