Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak partiduaren azken zatira indartsu iritsi ziren eta 40-31 gainditu zituzten Segurola eta Barrenetxea IV.a San Joan jaialdian

Segurola eta Barrenetxea nagusi izan ziren lehen zatian, baina 23-16tik aurrera urdinek eraman zuten agintea. 8-24ko partzialarekin partida merezimendu osoz irabazi zuten.

Hasieran Ansa eusten saiatzen zen, baina Aizpuru hotz hasi zen eta Segurolak eta Barrenetxeak agintzen zuten. Aizpuruk tonua hartu zuen bigarren zatian eta Ansa asko hazi zen. 29na berdindu eta gero 40ra zuzenean iritsi ziren 2-11ko partzialarekin. Ansa nabarmendu zen 22 tanto eta bi akats eginda.


Loitegik eta Zalduak 23 eta 35 irabazi zieten Urrutia II.ari eta Murgiondori. Loitegik bere gaitasuna erakutsi zuen eta 17 tanto egin zituen profesionaletan jokatzen duen bigarren partidan. Zalduaren laguntza oso ona izan zuen.