Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka finalerdietarako sailkatu dira

Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka finalerdietarako sailkatu dira

Ansa II-Aizpuru III, Urriza-Labaka eta Segurola-Barrenetxea IV Binakako Txapelketako finalerdietan daude jada eta laugarren sailkatua datorren larunbatean ezagutuko da. Goikoetxea V-Endikak 40-33 galdu zuen Urriza-Labakaren aurka, eta Juanenea-Larrañagak, 40-32 Ansa II-Aizpuru III.aren aurka. Goikoetxeak eta Endikak Ansa eta Aizpururi irabazi behar diete, sailkapenean Juanenea eta Larrañagari gainditzeko.


Hirugarren eta azken porrota Ansa II.aren eta Aizpuru III.aren aurka izan zen. 76 minutu iraun zuen partida gogor batean urdinek galdu gabe jarraitzen dute eta hatz-puntekin lehen postua ukitzen dute ligaxkan. Partidak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan Juaneneak eta Larrañagak eraman zuten ekimena Aizpuru III.a esnatu zen arte. Joko bikaina atera zuen aztelari urdinak eta 13-16tik 20, 22 eta 24ko berdinketetara pasa zen aurrena eta ondoren 29-24 joan ziren eta nahiz eta gorriak 30-29 hurbildu ziren ez zuten aukerarik izan partida amaieran.

Juaneneak lan eskerga egin zuen, baina azkenean, agian, ahalegin horrek eragina izan zuen. Ez zuen arrisku handirik hartu eta serio aritu zen. Ansak akats gehiago egin zituen gehiago arriskatuz eta tanto gehiago ere egin zituen. Bien zenbakiak 19-5 izan ziren urnietarrarentzat eta 12-2 Saldiaskoarentzat. Atzelarietan Aizpuruk zenbaki bikainak egin zituen berriz ere, piloteoan 10 tanto eta sei sakerekin. Larrañagak lau tanto egin zituen saketik eta sei piloteoan, 3 akatsekin.


Bigarren partida arraroa izan zen. Urriza oso hotz hasi zen, Goikoetxea eta Endika oso sartuta zeuden bitartean. Partidarik onena egiten ari ziren, baina argiak itzali zitzaizkien. 10-20 eta 17-28 irabazten zuten, baina 14-0eko partzial batek 31-28 jarri zituen atzetik. Horrek min handia egin zien eta azken zatian ez zuten erreakzionatu eta 33. tantoan geratu ziren. Orain azken jardunaldian irabazi beharra dute sailkatzeko.
Urriza eta Labaka sailkapenean hirugarren postuan daude. Gehiago izan ziren partidan eta Iruñeko aurrelariak 19 tanto eta bi huts egin zituen. Labakak sei tanto egin zituen, horietatik hiru saketik eta hiru akats egin zituen.

Biharko jardunaldiak sailkapena asko argitu edo azken jardunaldirako utziko du emozioa

Biharko jardunaldiak sailkapena asko argitu edo azken jardunaldirako utziko du emozioa

Binakako Txapelketaren ligaxka asko argituko da biharko jardunaldia amaitu eta gero. 16:30etan hasiko da laugarren jardunaldia osatuko duen jaialdia eta lehenengo partiduan Ansa II.a eta Aizpurua III.a Juanenea eta Larrañagaren aurka ariko dira. Bigarren partiduan, Urriza eta Labakak, Goikoetxea V.a eta Endikaren kontra jokatuko dute. Beraz, asteburu honetan Segurola eta Barrenetxea atzelari hernaniarrak atseden izango dute.

Jardunaldi erabakiorra izango da biharkoa. Gogoratu, lau bikote sailkatzen direla finalerdietara eta bat kanporatzen dela. Oraingoz Juanenea-Larrañaga eta Goikoetxea V-Endika daude kinka larrian. 

Juanenea eta Larrañagak ligaxkaren azken partidua jokatuko dute, laugarrena, eta irabaziz gero sailkatzeko aukerak mantenduko dituzte, baina galduz gero Goikoetxea eta Endikaren azken bi partiduen emaitzen zain geratuko lirateke. 

Beraien aurkariak, Ansa eta Aizpuruak, sailkapena gertu dute. Bi partiduak irabazi dituzte eta akats larririk ez badute egiten finalerdietan behar lukete. Gainera joko ezin hobea ari dira erakusten. 

Hala ere, Juanenea eta Larrañaga azken partiduan esnatu ziren eta oso bikote indartsua dira. Edozeini irabazi diezaiokete nahiz eta ez ongi hasi.
Bigarren partiduak sailkapena estutu edo nahiko erabakita utzi dezake. Urriza eta Labakak irabaziz gero finalerdietan leudeke eta Goikoetxea eta Endka arazo oso larri batean sartuko lirateke. Alderantziz, urdinek irabaziz gero  bost punturekin azkenengo jardunaldiaren zain geratuko dira sailkapena ixteko.

Juanenea-Larrañagak erreakzionatu dute eta Ansak eta Aizpuruk galdu gabe jarraitzen dute

Juanenea-Larrañagak erreakzionatu dute eta Ansak eta Aizpuruk galdu gabe jarraitzen dute

Juanenea eta Larrañaga Binakako Txapelketatik kanpoan geratzeko gertu zeuden, ligaxkako hirugarren partidan, 17-13 galtzen zutenean, baina partidako bigarren zatian erreakzionatu eta 34-40 irabazi zuten, Goikoetxea V.aren eta Endikaren aurka. Garaipen honek bizirik jarraitzeko balio die eta lortutako lau puntuekin hiru puntu dituzte sailkapenean. Goikoetxeak eta Endikak euren bi partidak galdu dituzte eta orain azkenak dira sailkapenean puntu bakarrarekin.


Jaialdiko bigarren partidan, Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak 38-40 irabazi zieten Segurola eta Barrenetxea IV.ari. Emaitza horrek zapore ona uzten die bi bikoteei, izan ere, bi partidatan zortzi puntu batu dituzte irabazleek eta galtzaileek bi puntu lortu dituzte eta hamar dituzte hiru partidatan.
Jaialdia garaipen premian zeuden bi bikoteren arteko partida batekin hasi zen eta jokoan nabaritu zen. Ez zuten arrisku handirik hartu, beldurra zegoen eta ez zen joko erasokor askorik ikusi. Bi aurrelarien artean lau tanto bakarrik egin zituzten jokaldian.


Hasieran Goikoetxeak eta Endikak agindu zuten, eta bost tantoko aldea ere izan zuten, 15-10. Juanenea pilota gehiago atzeratzen hasi zen eta Larrañagak bere maila igo zuen Endikaren aurrean. 20ko berdinketatik 24-32ra pasa ziren eta ondoren sei-zortzi tantoko errentak izan zituzten 34-40 irabazteko. Juaneneak 22 tanto eta lau akats egin zituen eta partidako onena izan zen. Larrañaga hobera joan zen eta Endikak 10 tanto egin zituen piloteoan, bost sakean eta lau akats guztira.


Txapelketako bigarren partida distiratsuagoa izan zen. Emozio gehiago egon zen eta erremonte oneko uneak izan zituen. Ansa II.ak eta Aizpuruk bikote handia egiten dute eta atzelari azpeitiarrak konfiantzaz jarraitzen du erremontista bezala hazten. Gorrietan Segurolak ez zuen asko arriskatu eta Barrenetxea lehen bi partidetako zenbakiak egin gabe aurkarientzat arriskutsua izan zen.
Berdinketa etengabeak izan ziren eta bigarren zatira arte ez zen partida erabaki. Segurolak eta Barrenetxeak 24-21 agintzen zuten, baina urdinen 1-10eko partzialak 25-31 aurretik jarri zituen. Abantaila horri eutsi zioten 33-39ra arte, baina gorrien erreakzioa ez zen izan irabazteko nahikoa, baina bai bi puntu lortzeko. Ansak 20 tanto eta zazpi akats egin zituen, Aizpuruk 9 tanto egin zituen piloteoan, bi sakez eta bi akats baino ez zituen egin.

Binakakoaren 3garren jardunaldia bihar, Galarretan

Binakakoaren 3garren jardunaldia bihar, Galarretan

Galarretako frontoian Binakako Txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatuko da gaur, 16:30etan hasita. Oraindik ere ateak itxita bi partidu jokatuko dira, biak ere txapelketakoak.


Lehenengoan Goikoetxea V.a eta Endika, Juanenea eta Larrañagaren aurka ariko dira. Bigarren partiduan Segurola eta Barrenetxeak, Ansa II.a eta Aizpuru III.a izango dituzte aurrez aurre.

Goikoetxeak ez zuen jokatu lehenengo partidua konfinatuta zegoelako, baina bihar txapelketan debuta egingo du. Bai batzuk eta bai besteak garaipena beharrezkoa dute lehenengo partidu honetan. Goikoetxeak eta Endikak partidu bakarra jokatuta ez dute punturik eta azkenaurrenak daude sailkatuta. Juanenea eta Larrañagaren egoera oraindik eta larriagoa da. Bi partidu ondoren puntu negatiboa dute sailkapenean eta azkenak daude kokatuta bertan. Beste porrot batek txapelketatik kanpo utziko lituzke ia seguruenik.­ Bere biziko partidua dute aurrean.

Garaiezinen partidua, bigarrengoa
Bigarren partiduan Barrenetxea hernaniarrak jokatuko du.  Segurolarekin batera txapelketa bikaina ari dira osatzen orain arte. Bitik bi partidu irabazi dituzte eta hirugarrenaren bila irtengo dira Ansa II.a eta Aizpuru III.aren aurka. Hauek ere jokaturikoa irabazi egin dute. Hori bai, bakarra jokatu dute urdinek. Segurola eta Barrenetxea aurreneko postuan daude zortzi punturekin eta irabaziz gero finalerdira sailkatuko lirateke ziur, gainera lehenengo bi postuetan seguruenik. Aurkariak lau puntu dituzte eta hirugarrenak dira sailkapenean. 

Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka finalerdietarako sailkatu dira

Segurola-Barrenetxeak abiada bizian eta Ansa-Aizpuruk garaipen ikusgarriak lortu dituzte

Galarretak ikuslerik gabeko Binakako Txapelketako bigarren jardunaldia bizi izan zuen, baina emozioak kontrakoak izan ziren bi partidatan. Lehenengoan Segurola eta Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Larrañaga baino askoz gehiago izan ziren. Gorriak 45 minututan iritsi ziren 40ra. Bigarren partidan berdintasuna eta joko ona izan ziren nagusi eta 35-40ko emaitzarekin bukatu zuten Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak, Urriza eta Labakaren aurka.


Atzelari hernaniarra jaun eta jabe izan zen hamalau tanto eginez sakearekin eta zortzi tantorekin piloteoan. Gainera, Segurolak ezin hobeto lagundu zion, ez zuen akatsik egin eta hamahiru tanto lortu zituen piloteoan. Juanenea eta Larrañaga euren mailatik behera egon ziren eta aurkariak ez zituzten inoiz kezkatu. Aurrelariak bost tanto eta bi huts egin zituen, atzelariak zazpi eta hiru. Espero baino lehenago amaitu zen norgehiagoka.

Bigarren partidan Ansa II.ak eta Aizpuruak lortu zituzten lau puntuak. Partida bikaina eta ederra izan zen, eta lau erremontistak gozatu zuten. Pena ikusleek zuzenean ikusi ezin izana. Partida gorrien abantailekin hasi zen. Urrizak eta Labakak 4-1, 10-6, 14-11 eta 20-16 agintzen zuten. Iruñeko aurrelariak agintzen zuen piloteoan, baina urdinek ez zuten amore ematen eta gorriei aurre egiten zieten. 21era, 22ra, 23ra berdindu zuten eta hortik aurrera hiru tantuko aldea hartu zuten, amaierara arte mantentzen jakin zuten hiru-lau tantoko abantaila: 24-28, 27-30, 31-34, 34-37 eta 35-40. Lauetatik bat nabarmendu behar bada hori Aizpuru da zalantzarik gabe. Azpeitiarrak agian bere partidarik onena jokatu zuen profesional denetik.

Urrrizaren pilotakadei eutsi zien, tantoak bukatu behar zirenean asmatu zuen eta partidaren pisua eramaten jakin zuen. Ansa II.ak ere partida ona jokatu zuen. Bien artean bederatzi akats egin zituzten arren, asmatu zutenek soberan konpentsatu zituzten opariak. Abiadura handian jokatu zuten eta kirol ikuskizunak eskertu egin zuen. Aizpuruk lau tanto egin zituen saketik eta sei piloteoan.


Bi emaitza hauekin Segurola eta Barrenetxea ligaxkako sailkapeneko lidertzara pasa dira zortzi punturekin, Urriza eta Labaka 5ekin bigarren daude, Ansa II.ak eta Aizpuruk lau dituzte partida bakarrean eta partida berdinekin Goikoetxeak eta Endikak ez dute punturik lortu, Juaneneak eta Larrañagak, bi partida jokatuta, -1 dute.

Urriza-Labakak eta Segurola-Barrenetxeak lortu dituzte Binakakoan lehenengo lau puntuak

Urriza-Labakak eta Segurola-Barrenetxeak lortu dituzte Binakakoan lehenengo lau puntuak

Erraz irabazi dute bi bikote gorriek, 40-26 eta 40-30 Juanenea-Larrañaga eta Etxarri-Endika bikoteen aurka, hurrenez hurren

Giro aldetik hotz, ikuslerik gabe, eta jokoan ere emozio haundirik gabe erabaki ziren atzo, Galarretan, Binakako Txapelketaren lehengo bi partiduak. Lehenengo partiduan Urriza eta Labakak erraz gainditu zituzten Juanenea eta Larrañaga, 40-26. Bigarrengoan berriz, parekotasun pixkat gehiago egon zen, baina 40-30 irabazi zuten Segurola eta Barrenetxea IV.ak, Etxarri eta Endikaren aurka.
Ikuskizun gehiago espero zen lehenengo partiduan Juanenea eta Larrañagarengandik, baina ez ziren izan aurkari gogorrak Urriza eta Labakarentzat. 
Urriza jaun eta jabe izan zen eta 20 tantorekin partiduko erremontistarik onena izan zen. Hasieratik lortu zuten abantaila haundia eta 15ekoa ere zan zen momentu batzutan. 
Azkenean urdinak puntu negatiboa salbatzeko helburua gutxienez lortu zuten. Honela garaileek lau puntu batu zituzten eta galtzaileak punturik gabe geratu ziren.
Barrenetxearen sakeak 
erabaki du partidua
Bigarrengoan Barrenetxearen sakeak egin zuen zuloa lehenengo tantuetan eta abantaila horrek eman zien garaipena gorriei. 20-10 aurreratu ziren Segurola eta atzelari hernaniarra eta horietatik 10 sakez eginak zituen Barrenetxeak. 28-25era hurbildu ziren urdinak, baina azken tantoetan akats gehiegi egin zituzten. Galtzaileak punturik ez zuten punturik batu.

ekipazio ofiziala

salgai

Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!