Setien eta Larre Gain, Sagardoaren Txapelketaren finalera

Setien eta Larre Gain, Sagardoaren Txapelketaren finalera

Ansa II-Juanenea bikoteak Goikoetxea V-Barrenetxea IV garaitu zituzten 30-25 eta Urriza-Zubirik 30-22 irabazi zuten Segurola-Azpirozen kontra

Baditugu Sagardoaren Txapelketako finalistak. Ansa II-Juanenea eta Urriza-Zubiri bikoteek jokatuko dute datorren astelehenean bien arteko final handia. Finalerdietan Setien eta Larre Gain nagusitu ziren Oialume Zar eta Petritegi ordezkatzen dituzten Goikoetxea V-Barrenetxea IV eta Segurola-Azpiroz.

Lehenengo finalerdian Ansak eta Juaneneak 25-30 garaitu zituzten Goikoetxea V eta Barrenetxea. Beste behin, Oialume Zar finaleko atean geratu da. Bigarren partiduan Urrizak eta Zubirik 30-22 irabazi zuten Segurola eta Azpirozen kontra. Beraz, Urriza eta Ansa aurrelariak berriz ere Sagardoaren Txapelketaren finalean elkarren aurka ariko dira. Oraingoan, Juanenea eta Zubiri bikote bezala. Pasa den urtean Ansaren bikote zen Labaka eta Urrizak, Zalduarekin irabazi zuen txapela.

Finalerdiak lehiatuak izan ziren eta Galarretan giro benetan polita jarri zuten hurbildu ziren zaletuek. Ekitaldi jendetsua izan zen atzokoa Hernaniko frontoian. 

Ansa eta Juanenea hasieratik nagusitu ziren lehenengo finalerdian, nahiz eta partidu lehiatua izan. 2-4 aurreratu ziren eta abantaila mantentzen joan ziren, 7-10era arte. Orduan bost tanto jarraian egin zituzten urdinek eta zortzi tantoko abantaila lortu zuten, 7-15. 12 eta 20ra arte mantendu zuten abantaila eta orduan etorri zen gorrien erreakzioa. Hiru tantora hurbildu ziren 20-23, baina ez zen haratago joan. Ansak eta Juaneneak abantaila handitu zuten sei tantora, 23-29 eta partidua itxi zuten 25-30. 

Tanto oso gogorrak jokatu ziren eta partida ikusgarria izan zen. Lau pilotariak lurrean ere geratu ziren tantoak amaitzean. Ansa izan zen zenbaki hoberenak egin zituen pilotaria 18 tanto eta hiru akatsekin. Nagusi izan zen aurrelarien lehian eta oso ongi aritu zen. Goikoetxeak zazpi tanto eta hiru akats egin zituen. Atzelarien lehian Barrenetxeak ere partida esanguratsua egin zuen 14 tanto eta bi akatsekin, baina Juaneneak ongi heldu zuen eta ez zuen ia akatsik egin. Zazpi tanto eta akats bakarra egin zituen. 

Bigarren partida ere gogorra izan zen eta gorriek, Urrizak eta Zubirik partida azken tantoetan erabaki zuten. Urdinak ongi hasi zuten partida, aurretik, 2-4, eta pare-parean joan ziren. Gorriek lau tantoko aldeak lortu zituzten 12-8 eta 19-14, baina urdinek, Segurolak kolpearekin eta errematean min handia eginez, 21-20 jarri ziren. 

Hala ere, ez zuten lortu partida berdintzea eta gorriek azken txanpa hobea egin zuten. Zubirik bere esperientzia jarri zuen kantxan eta Azpiroz gainditzea lortu zuen. Goizuetarraren partida nabarmentzeko izan zen.  Aldea sei tantora igo zuten eta partida erabaki zuten, 26-20. Nekea nabaritu zuten urdinek eta 22an geratu ziren. Zubiri izan zen finalerdietako erremontistarik onena 11 tanto eta akats bakarrarekin. Urrizak 13 tanto eta bi akats egin zituen. Urdinetan Segurola nabarmendu zen eta Urrizaren pare izan zen 14 tanto eta 4 akatsekin. Azpirozek bost tanto eta bi akats egin zituen. 

Sagardoaren Txapelketako finalerdiak bihar jokatuko dira Galarretan

Sagardoaren Txapelketako finalerdiak bihar jokatuko dira Galarretan

Jaialdiaren konposizioa apirilaren 25eko lehen jardunaldiaren berdina da. Goikoetxea V-Barrenetxea IV, Ansa II-Juanenearen aurka eta Urriza-Zubiri, Segurola-Azpirozen aurka

Sagardoaren Txapelketako finalerdiak bihar jokatuko dira lehen jardunaldiko kartel berarekin. Apirilean, hilaren 25ean, ETB1eko Erremontari saioa eta txapelketa ireki zuen, Goikoetxea V-Barrenetxea IV eta Ansa II-Juanenearen arteko lehiak alde batetik, eta Urriza-Zubiri eta Segurola-Azpirozen artekoak bestetik.

50 egun geroago, Sagardoaren Torneoko finalerdiek partiden osaera bera dute. Goikoetxeak eta Barrenetxeak, Oialume Zar ordezkatuz, Setieneko Ansa eta Juanenearen aurka jokatuko dute lehen finalerdian. Ondoren, Urrizak eta Zubirik (Larre Gain) Segurola eta Azpirozen (Petritegi) aurka neurtuko dituzte indarrak. Jaialdia Galarretan hasiko da, 18:00etan, eta gauean Erremontariko saio arrakastatsuan izango da ikusgai.

Ligaxkako lehen jardunaldian Goikoetxeak eta Barrenetxeak irabazi zuten tanto bakarreko aldearekin, Urrizak eta Zubirik, aldiz, 30-17. Larre Gain taldeko ordezkariek ligaxkako partida guztiak irabazi dituzte eta, hasiera batean, finalerdirik desorekatuena da, gorrien aldeko itxura argiarekin.

Lehen finalerdia parekatuagoa espero da eta ez dago faboritorik. Ansa eta Juanenea gorantz doaz, baina Barrenetxea oso une gozoan dago. Goikoetxea ere oso fin dabil. Partida handia espero da.

Irabazleak zuzenean finalera pasako dira. Ez da itzuliko partidarik egongo, ezta ligaxkarik ere. Partida bakarreko finalerdiak dira.

Barrenetxeak partida bikaina egin du gorriak garaipenera eramateko

Barrenetxeak partida bikaina egin du gorriak garaipenera eramateko

Loitegik eta Barrrenetxea IV.ak 40 eta 35 irabazi zuten Ezkurra II.aren eta Juanenearen aurka Galarretako estelarrean. Barrenetxea izan zen gorrien garaipena gidatu zuena partido oso on batekin. 20 tanto egin zituen guztira, hamar saketik eta hamar piloteoan, akats bakar batengatik. Eutsi egin zion partidari, askatu pilotari, eta une erabakigarrietan Loitegi fin ibili ez zenean bikotea mantendu zuen partidan.

Juanenea ere oso seguru aritu zen saketik egindako lau tantorekin, lau piloteoan eta hutsik egin gabe. Aurrelariak irregularragoak izan ziren.

Partida berdinduta joan zen hamahirunako berdinketara arte eta gorriak joan ziren 20-15 eta 22-17. Orduan Loitegi partidutik atera zen eta markagailuak buelta eman zuen. Urdinak 22-26 aurretik jarri ziren. Behartu gabeko hutsak egin zituen, baina partidara indartsu itzuli zen. Itzuli eta norabidea zuzendu zuen. 30na berdindu zuten eta 40.era arte Urnietako aurrelariak lau tanto erabakigarri egin zituen. Azken tantoetan pilota bakar bat huts egin zuen eta beste lasaitasun batekin ikusi zen. 34-33kotik 40-35ra pasa eta irabazi zuten gorriek.

Ezkurrak 14 tanto eta lau huts egin zituen eta Loitegi oso ondo aritu zen erasoan 16 tantorekin, nahiz eta bere aurkariak baino akats gehiago egin.

Loitegik eta Barrenetxeak oso bikote sendoa osatzen jarraitzen dute eta elkarrekin partida bakarra galdu dute.

«Gero eta bikote sendoagoa osatzen dugu eta hobera noa txapelketan zehar»

«Gero eta bikote sendoagoa osatzen dugu eta hobera noa txapelketan zehar»

Ansa II.ak eta Juaneneak Setien ordezkatuko dute datorren asteleheneko finalaurrekoetan, Sagardoaren Txapelketan, eta Ansa aurrelari urnietarrak uste du une onean iritsiko direla Goikoetxea eta Barrenetxearen aurka neurtuko dituzten partidara.

«Uste dut ligaxkan ongi jokatu dugula, oro har, nahiz eta Urriza eta Zubiriren aurka irristada txiki bat izan genuen. azken jardunaldian nahiko erraz irabazi genuen eta horrek konfiantza eman digu. Ongi iristen garela esango nuke».

Juaneneak ez darama denbora asko atzelari bezala jokatzen, baina Ansak dio bere posizio berrira ondo egokitu dela. «Bai, bai. Ikusten da oso pilotaria dela. Oso ongi ari da jokatzen eta huts egin genuen partidan ere zer ez genuen behar bezala egin badakigu. Ados geunden non egin genuen fallo eta ongi moldatzen gara. Horrek asko balio du. Elkarren artean konfiantza asko dugu eta horrek asko balio du. Gozatzen ari gara, alde horretatik, elkarrekin».

Oraindik ere atzean jokatzeko gauzak ikasi egingo ditu eta hori ere positiboa da bikotearentzat. «Partidaren batean kokapenean ez nuen asmatu eta gero akats horiek zuzendu ditugu. Lekuz kanpo egoten ginen. Errebotean eta sakean gero eta konfiantza gehiago du, gainera paretatik ateratzen ere hasi da. Egunetik egunera, indartsuago ikusten dut».

Ligaxkan 30-29 galdu zuten. «Egun horretan Juanenea ongi aritu zen eta ni pertsonalki deseroso aritu nintzen. Txapelketara joko gutxirekin hasi nintzen, baina gorako joera egin dut. Aurreko urtean alderantziz izan zen. Nire momenturik onenean nengoen, baina pilotakada bat jaso eta gero azken bi partiduetan ez nintzen gustura aritu».

Pasa den urtean finala galdu zuen eta aurten gutxienez finalera nahi du sailkatu. «Partida zaila dugu aurrean. Goikoetxea eta Barrenetxeak bizi ibiltzen dute pilota, jotzaileak dira eta Barrenetxeak oso ongi ateratzen du. Gure jokoa egin behar du eta gure erritmoa inposatu behar dugu. Beraien jokoari aurre egiteko uste dut badugu jokoa».

“Gauzak oso txukun egin beharko ditugu irabazteko”

“Gauzak oso txukun egin beharko ditugu irabazteko”

Sagardoaren Txapelketa finalerdietan sartuko da buru belarri datorren astelehenean eta bikoteak dagoeneko prest daude partidari aurre egiteko.

Lehenengo finalerdian, ETB-1eko Erremontari saioaren barruan, Oialume Zar eta Setien sagardotegiek jokatuko dute. Oialume Zar Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak ordezkatzen dute eta Setien berriz, Ansa II.ak eta Juaneneak.

Endika Barrenetxa txapelketa garrantzitsu denak irabazitakoa da, behin baino gehiagotan, eta final ugaritan jardun da, baina inoiz ez da iritsi txapelketa honetan finalera. Gogotsu dago atzelari hernaniarra.

“Etxeko sagardotegiaren ordezkari naiz eta aparteko gogoak izaten dituzu, baina argi dago gogo horiek urte luze hauetan ez zaizkidala ongi etorri. Hala ere, aurten joko handiarekin aurkitzen naiz, baita fisikoki. Gustatuko litzaidake behingoz Oialume Zar finalera sailkatzea”.

Barrenetxea jakitun da finalerdietako aurkariak gogorrak direla, Ansa eta Juanenea. “Ansa, agian, ez dago pasa den urteko joko distiratsu horrekin, baina Juaneneak egunetik egunera gero eta hobeto jokatzen du atzean, konfiantza gero eta handiagoa du. Ansari jokoa etortzen ari zaio pixkana. Ligaxkan, aurreneko jardunaldian, 30-29 irabazi genuen eta ikusi zen partidua eta bikoteak oso konpentsaturik daudela. Gauzak oso txukun egin beharko ditugu berriz ere 30era iristeko”.

Txapelketan zehar ongi ikusi dute euren burua Oialume Zarreko bikoteak. “Orokorrean eta bere osotasunean gure txapelketa positiboa da. Garbi adierazi ditu bi gauza gure bikoteak. Alde batetik, edozeini irabazteko gauza gara eta Urriza eta Zubiri bikoteari ere tanto gehien guk egin diegu. Horrek erakusten du gaitasuna dugula ongi jokatzeko. Baina bestetik, bigarrengo jaialdian, Segurola eta Azpirozen aurka ongi irabazi beharreko partiduan, 25ean geratu ginen. Goikoetxeak eta nik egun txarrak izaten ditugu, beldur hori ere badugu”.

Nahiz eta oraindik finalera iritsi ez, txapelketa irabazteko aukerak ikusten ditu. “Urriza eta Zubiri dira faborito, oso sendo daude. Zubirik esperientzia handia du eta badaki Urrizarekin ezin hobeto moldatzen. Urrizarekin zer joko egin behar duen eta zein pilota utzi behar zaizkion jotzen. Zuloak ere badituzte eta gertu izan genuen garaipena beraien aurka. Egun on batekin irabazi genezake”.

Sagardoaren Txapelketaren lehenengo fasea amaitu da

Sagardoaren Txapelketaren lehenengo fasea amaitu da

Ezkurra II-Zaldua I eta Aldabe-Larrañaga bikoteak dira sailkatu ez direnak

Urriza-Zubiri, Goikoetxea V-Barrenetxea IV, Segurola-Azpoiroz eta Ansa II-Juanenea sailkatu dira

Sagardoaren Txapelketaren lehenengo fasea amaitu da eta erabakita geratu dira finalerdietara sailkatu diren bikoteak. Azkenengo jardunaldian bi partiduetako emaitza berdina izan zen. Honela, lehenengoan Urriza eta Zubirik (Larre Gain 30-21 gainditu zituzten Ezkurra II eta Zaldua I (Gurutzeta). Bigarrengoan, Ansa eta Juaneneak, emaitza berdinarekin, irabazi zuten Segurola eta Azirozen (Petritegi) kontra.

Sailkapena honela geratu da. Urriza eta Zubirik partida guztiak irabazi dituzte, bost, eta 20 punturekin aurrenak geratu dira. Ezkurra eta Zalduak zituzten sailkatzeko aukera apurrak atzo galdu zituzten eta kalean geratu dira bost punturekin bosgarren sailkatu ondoren. Ansa eta Juaneneak, Segurola eta Azpiroz gainditu zituzten bien arteko partida irabazita. Honela hirugarren eta laugarren sailkatu dira hurrenez hurren. Goikoetxea eta Barrenetxea (Oialume Zar) bigarren izan dira eta Aldabe eta Larrañagak (Bereziartua), sailkatzeko aukerak aurretik zituzten galduak. 

Finalerdietan, datorren astelehenean, Urriza eta Zubirik Segurola eta Azpirozen aurka jokatuko dute eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV, Ansa II-Juanenea izango dituzte aurkari.

Atzoko partiduei dagokionez, biak oso desberdinak izan ziren. Lehenengoan urdinek denbora askoan agindu zuten, nahiz eta azkenean bi partiduetan emaitza berdina izan. Ezkurra eta Zaldua aurretik hasi ziren eta partidua parekatua joan zen. 16-18 ere aginzten zuten Ezkurrak eta Zalduak, baina partida amaiera luzea egin zitzaien eta 14-3ko partzialarekin gorriek loertu zuten garaipena. 

Bigarren partidan Ansak eta Juaneneak segituan erabaki zuten partida. 15-1 aurreratu hamar minututan eta erabakia geratu zen partida. Hala ere, urdinak sei tantora hurbildu ziren 24-18, 26-20, nahiz eta beranduegi izan garaipena lortzeko. Partida hasi aurretik bi bikoteek bazekiten sailkatuta zeudela eta agian horrek eragin zuen.