Jaialdiaren konposizioa apirilaren 25eko lehen jardunaldiaren berdina da. Goikoetxea V-Barrenetxea IV, Ansa II-Juanenearen aurka eta Urriza-Zubiri, Segurola-Azpirozen aurka

Sagardoaren Txapelketako finalerdiak bihar jokatuko dira lehen jardunaldiko kartel berarekin. Apirilean, hilaren 25ean, ETB1eko Erremontari saioa eta txapelketa ireki zuen, Goikoetxea V-Barrenetxea IV eta Ansa II-Juanenearen arteko lehiak alde batetik, eta Urriza-Zubiri eta Segurola-Azpirozen artekoak bestetik.

50 egun geroago, Sagardoaren Torneoko finalerdiek partiden osaera bera dute. Goikoetxeak eta Barrenetxeak, Oialume Zar ordezkatuz, Setieneko Ansa eta Juanenearen aurka jokatuko dute lehen finalerdian. Ondoren, Urrizak eta Zubirik (Larre Gain) Segurola eta Azpirozen (Petritegi) aurka neurtuko dituzte indarrak. Jaialdia Galarretan hasiko da, 18:00etan, eta gauean Erremontariko saio arrakastatsuan izango da ikusgai.

Ligaxkako lehen jardunaldian Goikoetxeak eta Barrenetxeak irabazi zuten tanto bakarreko aldearekin, Urrizak eta Zubirik, aldiz, 30-17. Larre Gain taldeko ordezkariek ligaxkako partida guztiak irabazi dituzte eta, hasiera batean, finalerdirik desorekatuena da, gorrien aldeko itxura argiarekin.

Lehen finalerdia parekatuagoa espero da eta ez dago faboritorik. Ansa eta Juanenea gorantz doaz, baina Barrenetxea oso une gozoan dago. Goikoetxea ere oso fin dabil. Partida handia espero da.

Irabazleak zuzenean finalera pasako dira. Ez da itzuliko partidarik egongo, ezta ligaxkarik ere. Partida bakarreko finalerdiak dira.