Finalean atzelari hernaniarrak 30-22 gainditu du Imanol Ansa urnietarra.
Endika Barrenetxeak Masters txapelketan bigarren aldiz jantzi du txapela, 2022ko finalean, Imanol Ansa urnietarra 30-22 garaitu eta gero. Barrenetxea IV.ak ongi irabazi zuen finala, nahiz eta kantxa barruan inongo momentuan ez zen eroso aurkitu.
Garaipenarekin hernaniarrak Ezkurra eta Uterga berdindu ditu palmaresean bina txapelekin. Aurretik dago Urriza sei txapelekin. Aurretik zaila zen jakitea nolako finala suertatuko zen eta azkenean erritmorik gabekoa izan zen. Pelotakada gutxi izan ziren eta bi erremontistei kosta egin zitzaien partiduan sartzea.
Gakoa sakean egon zen, beste behin. Barrenetxeak guztira hamaika tanto egin zituen sakearekin eta 8-9 galtzen jarri eta gero bederatzina berdindu zuen, sakea hartu eta lau tanto egin zituen errenkadan sakearekin. Horrek 13-9ko abantaila eman zion.
13-1eko partziala, erabakiorra
Partziala ez zen hor geratu eta 13-1eko partzialarekin finala apurtu zuen hernaniarrak, 21-10 aurreratuz. 19-10ean partidan 59 pelotakada bakarrik egon ziren.
Barrenetxeari duda sartu zitzaion amaieran. Hala ere, Ansaren huts batzuk lagundu zuten abantaila ez galtzen eta azkenean 30-22 itxi zuen finala.
Barrenetxeak partiduaren amaieran esan bezala, «ez naiz nahi bezain gustora aritu, baina txapela buruan dut». Ansak arazoak izan zituen peloteoa bilatzen. «Hotz egon naiz eta ez naiz inoiz partiduan sartu».
Endika Barrenetxeak hamaikana tanto egin zituen peloteoan eta sakearekin. Peloteoan akats bakarra egin zuen eta bi falta saketik. Ansak ere hamaika tanto egin zituen peloteoan, baina hamar akats egin zituen eta bost tanto saketik.