Aldabe eta Apezetxeak 35-29 gainditu zituzten Loitegi eta Zaldua I Berria Erremonte Txapelketaren finalean eta beraz txapela jantzi dute bi nafarrek. Partidu goro eta berdindu batean gorriek beti joan ziren aurretik eta merezimendu osoz eraman zuten garaipena. Aldaberen partida izan zen gakoa. Txapelketako erremontistarik onena izan da eta finalean ere bere nagusitasuna erakutsi zuen. Gainera, Apezetxeak ederki lagundu zuen. Goizuetarrak lau partida jokatu ditu profesionaletan eta laurak irabazi ditu. Horrek txapela lortzera eraman du.
Aldabe erasokorrago aritu zen eta horri esker bideratu zuten finala. Loitegirekin alderatiuta tanto bikoitzak egin zituen. Loitegi eta Zaldua saiatu ziren, baina ezin izan zuten txapela irabazi. Partida berdinduta hasi zen. Bizia eta polita izan zen hasieratik bukaerara. Bosna eta seina berdindu eta gero gorriak aldegin ziren markagailuan 14-6. Hala ere, urdinek erreakzionatu eta 18na berdindu zuten. Lehia gogorra zen eta 23nako berdinketa eta gero, gorriek berriz ere, ihes egin zuten, 29-23. Sei tantoko abantaila hori erabakiorra izan zen. Sei tantoko aldea mantentea lortu zuten 32-26, 34-28 eta 35-29.
Aldabek 20 tanto eta bost akats egin zituen eta Loitegik berriz bederatzi tanto eta bost akats egin zituen. Hamaika tantoko alde erabakiorra bata eta bestearen artean. Loitegi jokaldiak eginez hasi zen eta tanbtoak eginez, baina pixkana itzaltzen joan zen. Aldaberi asko lagundu zion Apezetxeak eta denetarik egin zuen. Erasoan eta defentsan ongi aritu zen.
Atzelarien borrokan Zalduak oso ongi jokatu zuen, baina Apezetxeak ez zuen hutsik egiten. Sakearekin biak ere zazpina tanto egin zituzten eta akatsetan ere pareko zenbakia izan zuten, bakarra. Piloteoan Zalduak zazpi tanto egin zituen eta Apezetxeak bi. Defentsan ederki aritu zen Apezetxea eta pilota zailak ekarri zituen atzetik. Merezitako garaipena lortu dute txapelketan Aldabe eta Apezetxeak partidurik galdiu gabe
Aldabe eta Apezetxea izango dira Loitegi eta Zaldua I.aren aurkariak Berria Erremonte Txapelketako finalean. Finalerdian, Aldabe eta Apezetxea aise nagusitu ziren, 35-19, Urrutia II.aren eta Labakaren aurka. Pronostikoa bete zen eta gorriak nagusi izan ziren hasieratik bukaerara.
Apezetxea izan zen finalerdiko erremontista nabarmenena, 11 tanto saketik eta bost piloteoan egin eta gero. Goizuetarraren hirugarren garaipena da profesionaletan hiru partidatan. Berria Txapelketako hiru partida jokatu ditu. Aldabe ere Urrutia baino gehiago izan zen 17 tanto eta bi akats eginda.
Hasierak erakutsi zuen partida nolakoa izango zen. 11-3 aurreratu ziren gorriak. Pixkanaka gora egin zuten errentek 18-9, 23-11, 31-18 eta alde handiena azken 35 eta19an iritsi zen. Bi bikote finalistak izan dira txapelketako onenak. Ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten eta Aldabek eta Apezetxeak 35-34 irabazi zuten.
Urriza eta Larrañaga, nagusi Urrizak eta Larrañagak 40 eta 24 irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Azpirozi. Partida 10-0eko emaitzarekin hasi zen. Alde horiek 17-6koan mantendu ziren, baina 15 tantora igo ziren 22-7koan eta 21 tantora arte 39-18koan. Urdinek zerbait makillatu zuten markagailua 0-6ko partzial batekin, baina ez zuen ezertarako balio izan, 40-24ko azken markagailuak bere kabuz hitz egiten baitu.
Ezkurrak ez zuen bere egunik onena izan. Ia ez zuen jokaldirik egin eta bederatzi tanto eta zazpi huts egin zituen. Hori aprobetxatu zuen Urrizak aurrelarien arteko lehia aise irabazteko. Baina onena Larrañaga izan zen. Azkoitiarrak hamar tanto egin zituen saketik piloteoan sei tanto eginda eta akatsik gabe. Urrizak 14 tanto egin zituen eta sei akats. Azpirozek lau tanto egin zituen saketik, bost piloteoan eta hiru akats. Ikusleak lehia parekatuagoa ikusteko gogoarekin geratu ziren.
Loitegik eta Zaldua I.ak erraz irabazi zuten Goikoetxea V-Odeiren aurka 20-35 eta Berria Erremonte Txapelketako lehen finalistak dira. Finalerdiak kolore urdina izan zuen. Loitegi eta Zaldua jaun eta jabe izan ziren hasieratik bukaerara eta hasieratik agindu zuten markagailuan. 1-1eko berdinketaren ondoren, irabazleek ihes egin zuten 2-9 eta errentak pixkanaka gora egin zuen 6-14 eta 9-23. 14-25ekoarekin aldea pixka bat murriztu ondoren, aldea berriro ireki zen azken 20-35eraino.
Loitegi Goikoetxea baino gehiago izan zen eta Zaldua I ere Odei baino hobea izan zen atzealdean. Zenbakiak argiak izan ziren. Loitegik 14 tanto eta sei huts egin zituen. Zalduak bederatzi tanto egin zituen piloteoan, bost saketik eta hiru huts egin zituen. Gorrietan Goikoetxeak zazpi tanto baino ez zituen egin bost hutsekin eta Odeik hiru tanto egin zituen piloteoan, bat saketik eta bi huts.
Aldabek eta Barrenetxeak maila handiko estelarra eraman dute Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Urrizaren berragerpena zapuztu zuten, Juanenearekin batera 40-38 galdu baitzuen. Hori bai, emaitza gorabehera, Iruñeko aurrelaria pozik egon daiteke erakutsi zuen jokoarekin. Ez zirudien ia bi hilabete bajan egon zenik. Bere egunik onenetan bezala jokatu zuen. Partida biribila izan zen eta lau pilotariek maila ona erakutsi zuten. Partida ederra ikusi zen, azken tantoetan erabaki zena.
Partida berdinduta hasi zen, zazpinako berdinketarekin, eta hortik aurrera urdinek ekimena hartu zuten. 7-10, 13-16, 18-22 aurreratu ziren. Barrenetxeak Urriza sake errestoan ondo sartzen ari zela ikusi zuen eta zabaletik ateratzen hasi zen emaitza onekin. Urriza asko behartu zuen eta min egin zuen. Partida berdindu zen 27an eta fase erabakigarrian gorriek 31-29 eta 35-30eko errenta hartu zuten. 37-33koaren ondoren 38-36 eta 39-38 markagailua estutu zen, nahiz eta azken tantoan Juaneneak besoa askatu zuen, baina pilotakada txapapera joan zen.
Aldabek 12 tanto eta bi huts egin zituen. Barrenetxeak 12 tanto egin zituen piloteoan, sei saketik eta bost huts egin zituen. Urriza 19 tanto eta sei akatsekin itzuli zen. Juaneneak bost tanto egin zituen saketik, zazpi piloteoan, lau akatsekin.
Aldabek eta Apezetxeak 27-35 irabazi zioten Etxarri-Martirenari eta Berria Erremonte Txapelketako finalaurrekora sailkatu ziren B multzoko lehen postuan.
Urrutia II-Labakak, Susperregi-Zubiri bikotea 35-16 gainditu zuten eta A multzoko bigarren postuan sailkatu ziren finalerdietara, Susperregi eta Zubiri kanporatuta geratu ziren bitartean. A multzo honetan Goikoetxeak eta Odeik osatutako bikotea geratu da lehen postuan. Finalerdiak martxoaren 25ean (ostirala) eta apirilaren 2an (larunbata) jokatuko dira. Goikoetxea-Odei, Loitegi-Zalduaren aurka, eta Aldabe-Apezetxea, Urrutia II-Labakaren aurka.
Jaialdiari hasiera emateko, Aldabe-Apezetxeak garaipena lortu zuen Etxarri-Martirenaren aurka, 27-35. Garaipen hori 0-14ko partzialari esker gauzatu zen. Etxarri-Martirena 19-17 irabazten ari ziren, baina urdinek 19-31 alde egitea lortu zuten. Aldabek 16 tanto eta 3 huts egin zituen berriro, aurrean nagusi izan zen, eta atzean Apezetxeak profesional mailarako prest dagoela erakutsi zuen sakez egindako bost tantorekin, zazpi piloteoan eta huts bakarra egin eta gero. Gorrietan Etxarrik pilotakada bikainak eta hutsak tartekatu zituen eta 12 tanto eta bost huts egin zituen. Martirenak bost tanto egin zituen saketik, bost piloteoan eta hiru akats.
Jaialdiko hirugarren partidan Urrutia II-Labakaren eskarmentuak garaipen argia eman zien, 35-16. Hori bai, partida hasieran abantaila urdinen aldekoa zen. 4-10 ere irabazten zuten, baina partziala izugarria izan zen hortik aurrera. 31-6ko partzialarekin partidua erabat gorrien aldekoa izan zen. Labaka guztien gainetik nabarmendu zen sakez egindako bederatzi tantorekin, sei piloteoan eta huts bakarra egin zuen.
Ezkurra II.ak eta Azpirozek estelar ikusgarria eraman dute Ezkurra II.ak eta Azpirozek 38-40 irabazi zieten Segurola eta Barrenetxea IV.ari. Lau pilotariek maila bikaina eman zuten. Partida polita izan zen, parekatua, azkarra, eta ikusleak liluratu zituen. Berdinketak etengabeak izan ziren partida osoan eta gorriek 37-35 irabazten zutenean, urdinek lau tanto jarraian egin zituzten. Barrenetxeak saketik egindako falta batekin iritsi zen azken tantoa. Ez zuen merezi partida horrela bukatzea. Barrenetxeak 11 tanto egin zituen piloteoan eta bost tanto sakean, baina sakeko faltek min eman zioten. Azpirozek aurre egin zion: 9 tanto egin zituen piloteoan, hiru saketik eta hiru akats. Aurrean Segurola bere mailarik onenean aritu zen 16 tanto eta bi akats eginda eta Ezkurra II.a izan zen partidako onena 20 tanto eta hiru akats eginda. Denetarik egin zuen, erasoan ederki, defendatu eta bi hormako hamabi tanto ere egin zituen. Oriamendi eta Galarretara itzuli zenetik partidarik onena jokatu zuen.
Oier Apezetxeak oso ongi hasi du bere ibilbide profesionala. Aldaberekin batera 34-35 irabazi zuen Loitegi eta Zaldua I.aren aurka Berria Erremonte Txapelketari dagokion partida. Garaipenarekin lau puntu lortu dituzte eta finalerdietarako sailkapenetik gertuago kokatzen dira. Finalerdietara Loitegi eta Zaldua sailkatu dira sei punturekin.
Bestetik, A multzoko lehen postuan sailkatu dira Goikoetxea V.a eta Odei, eta bigarren aldiz jarraian erraz gainditu dituzte aurkariak. Aurreko astean Urrutia II-Labaka utzi zituzten 16ean, oraingoan 14 tanto egin dituzte Susperregi eta Zubirik. Emaitza hauekin sailkapena, Susperregik eta Zubirik Urrutia II-Labakaren aurka jokatuko dute ligaxkako azken partidan. Irabazlea finalaurrekoetara pasako da multzoko bigarren postuan eta galtzailea kanporatuta geratuko da. B multzoan Aldabe eta Apezetxea finalaurrekora sailkatuta egongo dira 23 tanto egiten badituzte Etxarri-Martirenaren aurka. Aldabe eta Apezetxea, 32 tanto edo gehiagorekin, taldeko lehenak izango lirateke.
Goikoetxea V.ak eta Odeik arazorik gabe irabazi zuten jaialdiko lehen partida. Susperregik, lesio bat gainditu ondoren, ezin izan zuen ezer egin Goikoetxearen eta Odeiren aurka. Odei izan zen partidako onena saketik egindako 9 tantorekin, sei piloteoan eta akatsik egin gabe.
Berria Erremonte Txapelketako bigarren partidan lau protagonistek partida bikaina jokatu zuten. Arratsaldeko eta txapelketako partidarik onena izan zen orain arte. Oier Apezetxea oso ondo aritu zen bere debutean. Ondo atera zuen eta seguru aritu zen. Gainera, piloteoan ere ondo eutsi zion Zalduari. Saketik zortzi tanto egin zituen eta piloteoan lau, bi hutsekin. Markagailua berdinduta zegoela, partida erabaki zen Loitegik bi paretetara egindako jokaldi bikain baten ondoren, Aldabek eraman zuen ezinezko pilota batekin. Aldabek 16 tanto egin zituen eta lau akats egin zituen. Loitegik 16 tanto eta hiru huts egin zituen.
Estelarrean Azpirozek eta Barrenetxea IV.ak 40-26 irabazi zioten Ansa II-Larrañagari. Azpirozek Segurola ordezkatu zuen. Aurrelari moduan Azpirozek bikain jokatu zuen eta Ansa gainditu zuenaurreko koadroetan. 17 tanto egin zituen 4 hutsengatik, Ansak 13 tanto eta zortzi huts egin zituen bitartean. Erasoan aurrelari urnietarrak huts asko egin zituen. Azpirozek hobeto jokatu zuen Barrenetxearen partida bikainari esker, sakez bost tanto, piloteoan zazpi eta hiru akats egin baitzituen hernaniarrak. Larrañaga ondo defendatu zen sakez egindako hiru tantorekin, sei tantorekin piloteoan eta hiru akats egin eta gero.
Oier Apezetxea goizuetarrak gaur debutatuko du erremontean profesional modura Berria Erremonte Txapelketan, Aldaberekin bikote osatuz. 2020ko abenduan entrenatzen hasi eta gero 14 hilabete ondoren etorri zaio aukera.
Oier Apezetxea goizuetarrak larunbatean debutatuko du erremontista profesional bezala. Gainera, ez da izanen estreinaldi arrunta. Aldaberekin batera Berria Erremonte Txapelketan jokatuko du bere lehenengo partidua Galarretan, 16:30etan hasiko den jaialdiko hirugarrena, eta aurkari dira Loitegi eta Zaldua I.a.
Esku pilotan, afizionatu mailan urte asko egin eta gero erremontera egin du salto goizuetarrak eta eskutik zesta jartzeko bidea nolakoa izan den azaltzen du Azpeitin bizi den pilotariak. «Josu Apezetxea lehengusuak, zoritxarrez orain gutxi hil zenak, aspaldiko urteetan esaten zidan erremontea probatu behar nuela, baina esku pilotan oso sarturik nengoen. Gero, Larrañaga erremontistak eta Javi Odriozola entrenatzaileak probatzea gomendatu zidaten eta azkenean probatu nuen. 28-29 urte nituen, esku pilotan urte asko, eta frontoian baina zerbait berria nahi nuen. Behin jantzi nuen xestoa Azpeitin eta lehendabiziko pilotakada frontisean sartu nuen. Inpresioa ederra izan zen, abiadurak txundituta utzi zidan. Gustura aritu eta Galarretara hurbildu nintzen. Bertan, hasieran kosta zitzaidan bi pilotakada frontisean sartzea. Hala ere, gustura sentitzen nintzen, nahiz eta goiko posturarekin ez nuen asmatzen eta asko sufritzen nuen. Ez nuen hobetzen, jakinda menderatu behar den lehenengo postura dela».
Esku pilotan aurrelaria izan da Oier eta erremontean berriz atzelari moduan ariko da. «Esan dizudan bezala goiko posturarekin arazoak nituen eta entrenamendu batean atzelari bat falta zen eta Kike Elizaldek atzelari jarri zidan. Lehendabiziko sakea izaten omen da zaila eta hori sartu nuen. Neurriak eta hartzea kosta zitzaidan, baina pixkana-pixkana hobetzen joan naiz, gutxienez berdean pilota gehiago sartzen. Orain bost hilabete hasi nintzen jokatzen atzelari postuan».
«Urtea eta hiru hilabete daramat erremontean jokatzen»
Oier Apezetxea erremontean orain urte eta hiru hilabete hasi zen. «2020ko abenduan hasi nintzen erremontean. Hasieran esku pilota eta erremontea uztartzen nituen. zirt edo zart bietako bat aukeratu behar nuen eta azkenean erremontea aukeratu nuen. Erabakiarekin gustura nago, gainera Oriamendik eman didan aukerarekin are eta gusturago. eskertuta nago».
Galarretan entrenatzen du Oier Apezetxeak astearte eta ostegunetan. «Hasieran astelehen eta asteazkenetan hurbiltzen nintzen». Debuta txapelketan egitea berezia da eta Apezetxeak ez zuen espero. «Egia esan papeleta zaila dut. Txapelketan bertan Loitegi eta Zalduarentzat partidu garrantzitsua da, tanteoa ere oso inportantea da txapelketa honetan, tanto guztiak dira serio jokatu beharrekoak. Niretzat partidu haundi bat da. Badakit bikote oso polita daukadala, bigarren mailako aurrelaririk onena (Aldabe) eta logikoki behar dut horrelako laguntza. Egia esan partidu gogorra dut aurretik eta saiatuko naiz ahalik eta paper onena egiten».
Goizuetan bada beste erremontista profesionala, Zubiri, eta Oier Apezetxea bigarrena izanen da. Herriarentzat gauza ona dela dio Oierrek. «Esku pilotan orain profesional bat dago (Iker Salaberria) eta erremontean bi. Hiru-lau entrenamendu egin ditugu elkarrekin. Arraro egiten zitzaidan bere alboan egotea. Laguntzeko prest egoten da beti, beste erremontista guztiak bezala, eta eskertzen ditut gomendioak».
Gazteak erremontera hurbiltzera lagundu dezakeela uste du. «Ea pixkanaka erremontean jokatzera animatzen den eta erremonteak indar gehiago hartzen duen. Polita izango litzateke jende gaztea mugitzeko».
Erremontea irtenbide bat ere izan daiteke pilotan jokatzen jarraitzeko. «Damututa nago aurretik probatu ez izana. Beti ere eskuz sartzen denak hor amaitzen du ibilbidea. Nik pilotatik kanpo ez nuen ikusten nire burua eta orain lehenago probatu banu gehiago disfrutatuko nukeela seguru nago».
«Erremontean segundu bat asko da»
Erremontean abiadura da gakoa eta kirolaria gehien harrapatzen duena. «Erremontean segundua asko da. Esku pilotan buena egitea errazagoa da, baina hemen gaizki kokatzen bazara pilota badoa beste aldera. Beste erritmo bat da».
Kokapena eta erritmora egokitzea izaten da kirol honek duen beste ezaugarri nagusia. «Pareta ondoan sartuta egotea ere bada beste ezaugarria eta zaila gainera. Esku pilotan, aurrelari bezala, aurkariak pilota jo eta prest egoten zara airez sartzeko. Hemen berriz paretan kontra egon behar duzu. Distantziak edo neurriak hartzea ere hartu behar dira, pixkana-pixkana ari naiz egokitzen».
Sakean oraingoz ongi moldatzen da atzelari goizuetarra. «Ongi sentitzen naiz sakatzen. Beheko posturan askoz ere hobe moldatzen naiz goiko posturarekin baino. Esku pilotan boleista nintzela esaten zidaten, baina erremontean egia esan kosta egiten zait goiko postura hori. Desberdina da, xestoarekin lehenago moztu behar da kolpea eta zailagoa egiten zait».
Erremontean defentsako lan on batek partidu asko irabaztera eramaten du erremontista. «Paretako defentsa beti da oso oso zaila. Urte asko daramanantzat da zaila, pentsa 14 hilabete jokatzen daraman batentzat. Azkenean, kolokazioa garrantzitsua da».
Entrenatzaile lanetan Kike Elizalde intendentea aritzen da. «Hasieran Goikoetxea, Zubiri eta Ansa nituen erakusle, baina orain Kike Elizalde da. Oso gustura beraiekin». Gaurko partiduan lagunak eta senitartekoak ez dira faltako. «Galarretara noizean behin joaten nintzen lehen, baina gutxi. Ansa zalea naiz eta Gaztelu lehengusua ikustera ere joaten nintzen. larunbatean etorriko dira ingurukoak eta gero afaria antolatu dugu 50en bat lagunekin».
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu AjusteakOnartu
Cookien Politika
Resumen Privacidad
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu web gunean nabigatzen ari zaren bitartean esperientzia hobetzeko. Cookie horietatik, behar bezala sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, funtsezkoak baitira web gunearen oinarrizko funtzionaltasunetarako. Hirugarrenen cookieak ere erabiltzen ditugu, webgune hau nola erabiltzen den aztertzen eta ulertzen laguntzeko. Cookie hauek zure nabigatzailean soilik gordeko dira zure baimenarekin. Cookie hauen opt-out aukera ere baduzu. Baina cookie horietako batzuk aukeratzeak eragina izan dezake zure nabigazio-esperientzian.
Beharrezko cookieak guztiz funtsezkoak dira web guneak behar bezala funtziona dezan. Kategoria honetan, web gunearen oinarrizko funtzionalitateak eta segurtasun-ezaugarriak bermatzen dituzten cookieak bakarrik sartzen dira. Cookie hauek ez dute informazio pertsonalik gordetzen.
Beharrezko ez diren cookieak dira web guneak funtziona dezan eta erabiltzailearen datu pertsonalak analisien, iragarkien eta sartutako beste eduki batzuen bidez biltzeko berariaz erabiltzen ez diren cookieak. Nahitaezkoa da erabiltzailearen baimena lortzea bere webgunean cookie hauek exekutatu aurretik.