Ardozaleak eta Zokoa soziedadeak ordezkatzen dituzten erremontistek lortu zituzten garaipenak zapatuan Izarraitz pilotalekuan jokatutako neurketetan. Larunbat honetan izango da Azpeitiko Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldia.
Azpeitiko Erremonte Txapelketaren lehen jardunaldia izan zen zapatuan. Lehen neurketan Segurolak eta Aizpuru III.ak (Inpernue) Urrutia II.a eta Larrañaga (Ardozaleak) izan zituzten aurrez aurre. Aizpuru III.ak, baina, min hartu zuen, eta ondorioz, 11 eta 40 bukatu zen partida. Izan ere, partida utzi behar izan zuen azpeitiarrak. 14 eta 11 zegoen markagailua, baina jokatzen jarraitzerik ez zuenez, 40 eta 11 amaitu zen norgehiagoka.
Bigarren partidan, berriz, Ansa II.ak eta Martiarenak (Zokoa) Goikoetxea V.aren eta Zubiriren (Gure Ametsa) kontra neurtu zituzten indarrak. Ansa II.ak partida oso ona egin zuen; 23 tanto egin zituen. Goikoetxea V.ak eta Zubirik ezin izan zuten ezer egin, eta hala bukatu zen partida, 40 eta 17.
Izarraitz pilotalekuan giro bikaina izan zen zapatu gauean, eta larunbat honetan izango da bigarren zita. Zehazki, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak Segurolaren eta Aizpuru III.aren kontra jokatuko dute lehen norgehiagoka. Bigarrenean, berriz, Urriza eta Labaka Goikoetxea V.aren eta Zubiriren kontra ariko dira.
Atzo aurkeztu zuten Izarraitz pilotalekuan bihar toki berean hasiko den txapelketa. Bi multzotan banatuta jokatuko dute ligaxka sei bikote parte hartzaileek, eta hilaren 30ean izango da finala. Aurten larunbata gauetan izango dira jaialdi guztiak, 22:00etan hasita.
COVID-19aren pandemiak eragindako urtebeteko etenaren ostean, berriz ere bueltan da Azpeitiko Erremonte Txapelketa. XXI. edizioa izango da aurtengoa, eta berezitasun bat izango du: pilotari bikote bakoitzak herriko soziedade bat ordezkatuko du lehian, Sagardoaren Txapelketan sagardotegiekin egiten dutenaren antzera. Hain zuzen ere, sei bikote ariko dira nor baino nor aurtengo txapelketan, eta horietako bakoitzak herriko elkarte baten izena izango du.
Asteburuan hasiko da txapelketa Izarraitz pilotalekuan eta atzo aurkeztu dute, frontoian bertan. “Oso pozik” agertu zen aurkezpenean Xabier Gonzalez Oriamendi 2010 enpresaren gerentea, erremonteak berriro izango duelako tokia Azpeitian. Aurtengoarekin hamar edizio beteko ditu Oriamendik txapelketa antolatzen, eta “zenbait berezitasun eman” nahi izan dizkiotela nabarmendu zuen. Horretako “Azpeitiko hainbat eragileren laguntza” izan dutela gaineratu zuen: udala, babesle komertzialak eta aipatutako soziedadeak. Guztien babesa eskertu zuen antolatzaileak.
Sei bikote, bi multzo
Sei bikotek jokatuko dute ligaxka, bi multzotan banatuta: Urrizak eta Labakak (Oilo Soro), Ansa II.ak eta Martirenak (Zokoa) eta Goikoetxea V.ak eta Zubirik (Gure Ametsa) osatuko dute A taldea; eta, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak (Ilunpe), Urrutia II.ak eta Larrañagak (Ardozaleak) eta Segurolak eta Aizpuru III.ak (Inpernue), berriz, B taldea. Bi multzoetako lehen sailkatuek jokatuko dute txapelketaren finala. Final horretara sailkatzeko puntuaketari dagokionez, bikote irabazleek lau puntu batuko dituzte; galdu arren 39 eta 36 tanto artean geratuz gero, 2 puntu batuko dituzte bikoteek; 35 eta 32 tanto artean geratuz gero, puntu bat; 31 eta 26 tanto artean eginda gelditzen diren bikoteek ez dute punturik batuko; eta 25 tanto edo gutxiago egiten dituztenek, berriz, puntu negatiboa (-1) jasoko dute.
Hitzorduak, larunbata gauez
Jaialdien eguna eta ordutegia dira XXI. edizioaren beste berrikuntzetako bat. Aurtengo partida guztiak larunbatetan izango dira Izarraitz pilotalekuan, 22:00etan hasita.
Guztira lau jardunaldik osatuko dute Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketa, ligaxkari dagozkion hirurak eta finalarena. Bihar, hilak 9, hasiko da txapelketa. Ligaxkako lehen jardunaldi horretan, Segurolak eta Aizpuru III.ak Urrutia II.aren eta Larrañagaren kontra jokatuko dute lehen partida; eta Ansak eta Martirenak Goikoetxea V.arekin eta Zubirirekin neurtuko dituzte indarrak gaueko bigarren neurketan. Urriaren 16an eta 23an osatuko dute ligaxka, eta hilaren 30ean jokatuko dute finala.
Erremonte txapelketaren partidak ikusi nahi dituztenek 5 euro ordaindu beharko dute. Pilotalekuko txarteldegian jarriko dituzte salgai sarrerak jardunaldi bakoitzean.
2019an jokatu zen Azpeitiko Erremonte Txapelketaren orain arteko azken edizioa, eta Barrenetxea IV.ak eta Aldabek irabazi zuten.
Uztarria erremontearekin
Oriamendi enpresak eta Uztarria Komunikazio Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu zuten joan zen astean, eta beraz, Uztarria izango da txapelketaren babesle nagusietako bat. Hori dela eta, lehiaren nondik norakoen berri emango du komunikazio taldeak datozen asteetan.
Erremontea Galarretatik Hendaiara joango da egun batez, Daniel Ugarte pilotalekura, jaialdi ikusgarri bat jokatzera. Datorren ostiralean, urriaren 8an, 19:00etatik aurrera, momentuko erremontista onenen arteko bi partida jokatuko dira.
Jardunaldiko bigarren partida nagusian Ansa II eta Barrenetxea IV.ak Urriza eta Aizpuru III.aren aurka jokatuko dute. Iraileko bigarren larunbatean banakakoaren finala jokatu zenetik lehen partida denez, biharko lehiak errebantxa zapore txikia du Urriza eta Barrenetxea IV.aren artean.
Hernaniko atzelariak Ansa II.arekin batera estreinatuko du txapela. Azken hau finalerdian kanporatu zuen hernaniarrak, baina oraingoan interesak partekatzen dituzte. Aurrean, Urriza motibatua eta Aizpuru III.a izango dituzte. Ezin izan zuen banakakoa jokatu, baina sasoi betean dago. 40 tantoko partida parekatua espero da.
Aurretik, hasteko, Goikoetxea V-Labaka eta Zaldua II-Zubiri bikoteen arteko partidarekin hasiko da jaialdia.
Aurki hasiko da Azpeitiko Erremonte Txapelketa, eta Azpeitiko Udalarekin batera lehia hori antolatzen duen Oriamendi enpresak eta Uztarria Komunikazio Taldeak hitzarmena sinatu dute gaur, ostiralarekin. Ihintza Elustondo Uztarria parte den Urolako Komunikazio Taldeko lehendakariak eta Xabi Gonzalez Oriamendi enpresako kudeatzaileak izenpetu dute akordioa.
Hitzarmenari esker, Uztarria izango da txapelketaren babesle nagusia, eta txapelketaren nondik norakoen berri emango du lehiak irauten duen bitartean. Modu horretan, erremonteari babesa agertuko dio komunikazio taldeak.
Aurkezpena datorren astean
Hurrengo astean aurkeztuko dute aurtengo Azpeitiko Erremonte Txapelketa, Loiola hotelean. Aurtengoan, bikote bakoitzak herriko soziedade bat ordezkatuko du; hain zuzen ere, horixe izango da berrikuntza nagusietako bat. Besteak beste, Ardozaleak, Inpernue, Zokoa, Oilo Soro eta Ilunpe soziedadeak ordezkatuko dituzte kirolariek. Dena den, Oriamendik aurkezpenean jakinaraziko du zein erremontistak jokatuko duten txapelketan.
Endika Barrenetxeak 24 eta 30 irabazi zion Javier Urrizari Kutxabank Sari Nagusiko final handian eta bigarren aldiz irabazi zuen erremonteko txapelketa garrantzitsuena. Hernaniko atzelariak faboritoa eta zazpi aldiz txapelduna izan den Urriza gainditu du, batez ere piloteoan eta Iruñeko aurrelaria ez du inoiz kantxa gainean eroso egoten utzi. Nahiz eta 5-0 galtzen hasi, Barrenetxeak bere bertsiorik onena erakutsi zuen.
Finala polita eta bizia izan zen, ez zen oso piloteatua izan, baina sakearekin ere ez zen ia takadarik izan, eta meritu handiko tantoak ikusi ziren jokaldi politekin, batez ere Barrenetxearen aldetik. Partida Urriza entxufatuta zegoela hasi zen. Barrenetxearen sake falta batek, beste huts batek piloteo luze batean eta Urrizak sakez eginiko hiru tantok 5-0ekoa jarri dute markagailuan. Zaleak finalik ez izatearen beldur ziren, baina hernaniarra hori horrela ez izateaz arduratu zen. Iruñeko aurrelariaren bolada moztu zuen eta 5-1ekoan partidako tantorik polemikoena iritsi zen. Barrenetxeak sake motza egin zuen eta ikusle gehienek eta Urrizak berak falta izan zela uste zuten. Aurreko epaileak sakea ontzat eman zuen Urrizaren eta ikusleen harriduraren aurrean 5-2koa markagailura igo zen.
Zaila da erabaki horrek Urrizari zer eragin zion zehaztea, baina Barrenetxea izerditan hasi zen eta urduritasuna kendu zion horrek. Sakez egindako beste tanto batek eta dejada eder batek 5-4koa jarri zuten markagailuan eta beste partida bat hasi zen. Urrizak 8-7ra arte eutsi zion aurrealdeari, nahiz eta finalak urdinez janzten zen erremontistaren aldeko norabidea hartu. 2019ko txapelduna batez ere piloteoan nagusitzen hasi zen eta pilota saskitik freskotasun deigarriarekin irteten zitzaion. Urrizak bere burua defendatzen saiatzen zen, baina askotan Barrenetxearen pilota abiadurak harrapatuta ikusten zuen bere burua, 8-9koan partidaren agintea hartu zuen eta ez zuen inoiz utzi, zortzina eta bederatzina berdinketetan izan ezik.
Finalak tenperatura hartzen zuen eta tarterik berdinduenean 13-15 utzi zituen bi pilotariak lehen atsedenaldia hartzeko aulkietan eseri zirenean. 100 pilotakada eman zituzten ordurarte eta dena erabakitzeko zegoen. Aritz Zubiriren aholkuek eta Barrenetxearen lan onak eragina izan zuten atsedenalditik bueltan, eta Urrizak 2-9ko partzial bat jasan ondoren 15-24 jarri zen galtzen. Barrenetxea bikain ari zen, ezker pareta jotzen eta piloteoan Urriza baino gehiago zen.
Kirolean, partidak bukatzea eta ixtea izaten da zailena, eta finalean txapeldunari geratzen zitzaion ikasgaia zen. Nota ona atera zuen, baina urduritasuna nabaritu zen Urriza hurbiltzen hasi zenean. 22-26koa izan zen pilotakada gehien izan zituen tantoa, 17 eta 200 ziren guztira momentu horretan. Iruindarra hurbildu zen eta hurrengo tantoan desabantaila hiru tantora murriztu zuen, 23-26.
Orduan iritsi zen partidako tantoa. Urrizak ondo atera zuen, Barrenetxeak erresto on bat eraman zuen, Urrizak ongi defendatu zuen, baina Barrenetxeak bi pareta handi batekin 23-27 jarri zuen markagailuan. Hurrengo tantoan ikusi zen finala ez zitzaiola hernaniarrari ihes egingo. Pilota horman hiltzen utzi zuen dejada eder batekin eta 23-28ko tanto erabakigarria jarri zuen. Urrizak beste tanto bat egin zuen 24-28koan, baina azken bi tantoak Barrenetxeak egin zituen.
Partidak 76 minutu iraun zuen eta 227 pilotakada eman ziren. Barrenetxeak 22 tanto egin zituen piloteoan lau huts eginez. Sakearekin lau tanto egin zituen falta batekin. Sakez tanto asko egin ez arren, pilota arrimatu zuen eta beti edo ia beti zailtasunetan jarri zuen Urriza sakearekin. Askotan hirugarren pilotakadarekin, sakeari esker amaitzen zen tantoa. Urrizak 16 tanto egin zituen piloteoan eta bi huts. Sakearekin Barrenetxearen tanto berdinak egin zituen, lau, baina falta bat gehiago egin zuen, bi.
Atzelari hernaniarrak 23-30 irabazi zion Ansari finalerdian
Endika Barrenetxeak 23 eta 30 irabazi zion Imanol Ansari Kutxabank Sari Nagusiko finalerdian eta Javier Urrizaren aurkaria izango da irailaren 11ko finalean, Galarretan. Beraz, final klasikoa izango da erremonteko txapelketarik garrantzitsuenean.
Barrenetxeak bere esperientzia eta, batez ere, bere sakea baliatu zuen urduri egon zen Ansa menderatzeko. Urnietarra inoiz ez zen lasaitu, ezta 11-22 edo 14-25ean hamaika tantorengatik galtzen ari zenean ere. Azkar jokatu zen partida izan zen, piloteorik gabe, eta agian azkarregi hautsi zen. Emozioa falta izan zen eta presioak aurrelari urnietarra harrapatu zuen.
Ansa 1-3 hasi zen atzetik, baina azkar erreakzionatu zuen eta 5-4 aurretik jarri zen. Finalerdi parekatua izango zela zirudien, baina hor amaitu zen berdintasun hori. Barrenetxeak sakea hartu zuen bosnako berdinketan eta min handia egin zuen tarte horretan. Ansak ez zuen asmatu eta 0-8ko partzialarekin 5-12ra pasa zen.
Horrek are gehiago aztoratu zuen Ansa eta piloteoan ere ez zuen asmatzen. Barrenetxeak ia ez zuen akatsik egin eta 7-16, 11-21 argi eta garbi joan zen markagailuan aurretik eta 11-22 eta 14-25eko emaitzekin iritsi ziren abantailarik handienak. Orduan hasi zen Ansa hobeto ateratzen. 6-1eko partzialarekin sei tantora, 20-26, hurbildu zen. Barrenetxearengandik urrun zegoen oraindik, baina piloteoan ere nagusitzen hasi zen. Beranduegi, atzelari hernaniarra ez baitzegoen ezer oparitzeko eta 20-27koa egin zuen. Ansa saiatu zen, baina beste bi huts argi egin zituen: Barrenetxearen 21-28 eta 23-30.
Azkenean, sakearekin ez zen alderik egon zenbakietan, baina askotan estatistikak engainagarriak izan daitezke. Barrenetxeak zazpi tanto egin zituen saketik Ansak berriz zortzi eta biek sake falta bat egin zuten, baina hernaniarrak markagailuan ihes egiteko egin zituen eta Ansak partida ia erabakita zegoenean. Gainera, Barrenetxearen sake bakoitzak aurkaria zailtzen zuen. Piloteoan zenbakiak argiak izan ziren irabazlearen alde. Barrenetxeak 17 tanto egin zituen bi akatsengatik, eta Ansak hamabi egin zituen bost hutsengatik. Azkenean, piloteoan izan zen alde handiena bien artean
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu AjusteakOnartu
Cookien Politika
Resumen Privacidad
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu web gunean nabigatzen ari zaren bitartean esperientzia hobetzeko. Cookie horietatik, behar bezala sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, funtsezkoak baitira web gunearen oinarrizko funtzionaltasunetarako. Hirugarrenen cookieak ere erabiltzen ditugu, webgune hau nola erabiltzen den aztertzen eta ulertzen laguntzeko. Cookie hauek zure nabigatzailean soilik gordeko dira zure baimenarekin. Cookie hauen opt-out aukera ere baduzu. Baina cookie horietako batzuk aukeratzeak eragina izan dezake zure nabigazio-esperientzian.
Beharrezko cookieak guztiz funtsezkoak dira web guneak behar bezala funtziona dezan. Kategoria honetan, web gunearen oinarrizko funtzionalitateak eta segurtasun-ezaugarriak bermatzen dituzten cookieak bakarrik sartzen dira. Cookie hauek ez dute informazio pertsonalik gordetzen.
Beharrezko ez diren cookieak dira web guneak funtziona dezan eta erabiltzailearen datu pertsonalak analisien, iragarkien eta sartutako beste eduki batzuen bidez biltzeko berariaz erabiltzen ez diren cookieak. Nahitaezkoa da erabiltzailearen baimena lortzea bere webgunean cookie hauek exekutatu aurretik.
ekipazio ofiziala
salgai
Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!