Iruñea, 2025eko apirilaren 4a – Gaur goizean, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, Javier Urrizaren agur-jaialdiaren aurkezpen ofiziala egin da. Jaialdia datorren apirilaren 11n izango da 18:00etatik aurrera, Iruñeko Labrit pilotaleku historikoan, eta bertan izango da nafarraren azken partida frontoi motzean. Bere kirol ibilbide bikainari amaiera emango dio horrela, jaioterrian bertan.
Aurkezpen-ekitaldian, Javier Urrizak berak hartu du hitza: “Etxean, Labriten, agurtzea asko esan nahi du niretzat. Oso arratsalde berezia izango da eta urte hauetan guztietan nire ondoan egon den jendearekin partekatu nahi dut”.
Oriamendiko gerentea den Javier Gonzálezek jaialdiaren xehetasun guztiak azaldu ditu. Azaldu duenez, sarreren %70 baino gehiago salduta daude, eta jaialdian gaur egun Oriamendik dituen zortzi pilotari onenek parte hartuko duten bi partida izango ditu. Gonzálezek nabarmendu du jaialdiaren izaera diziplina anitzekoa izango dela: “Erremonteko jaialdi bat baino askoz gehiago izango da. Musika zuzenean, DJ Bambinoren animazioa, emanaldi bereziak, oroigarri gisa sortutako kamisetak eta bestelako produktuak izango ditugu”.
Aurkezpenean izan dira, halaber, eta beren babesa erakutsi dute, Iruñeko Udaleko Kirol zinegotzia den Maider Beloki; Nafarroako Pilota Federazioko ordezkari Fernando Goñi; eta Javier Urriza gaztetan aritu zen Oberena klubaren izenean Mikel Erro. Hiru ordezkariek Urrizaren garrantzia nabarmendu dute bai kirol arloan bai giza mailan, eta herritarrak animatu dituzte ekitaldi historiko honetan parte hartzera.
Prentsaurrekoa Javier Urrizaren ibilbide profesionalaren informazio osoa biltzen duen dossierrarekin amaitu da, eta bi bideo promozionalen zabalkuntzarekin: bata jaialdiari buruzkoa eta bestea Urrizaren agurrerako propio diseinatutako kamiseta teknikoari buruzkoa.
15-12, 15-10 nagusitu dira finalean Gurrutxagari eta Eskuderori irabazita
Ander Goikoetxea eta Joseba Goikoetxea dira Berria Txapelketako txapeldun berriak, finalean Gurrutxaga eta Eskudero 2-0 (15-12 eta 15-10) garaitu eta gero. Final bizia izan da eta set bakoitzeko amaieran gehiago asmatu dute Goikoetxeatarrek. Gurrutxaga eta Eskudero finalean sartuta izan dira, baina ez dute asmatu set bakoitzaren amaieran.
Goikoetxea V.ak bere esperientzia eta indarra baliatu du finaleko erremontaririk onena izateko. Goikoetxea VI.ak ongi lagundu du eta aurrelari urnietarrak 17 tantorekin eta akats bakarrarekin amaitu du. Goikoetxea VI.ak ere akats bakarra egin du eta zazpi tanto lortu ditu. Urdinak erasoan ongi aritu dira. Gurrutxagak 13 tanto egin ditu eta Eskuderok zazpi, baina hiruna akats egin dituzte eta guztira gorriek baino lau akats gehiago egin dituzte.
Joseba Goikoetxea atzelariak Jabalerarekin irabazi zuen txapela eta aurten Ander Goikoetxearekin lortu du garaipena. Beraz bigarren txapela jarraian irabazi du Goikoetxea VI.ak. Oso seguru aritu dira biak eta bikote sendoagoa osatu dute. Atzetik aurrera egin dute bidea txapelketan zehar eta gaurko finalean ere horrela izan da.
Lehenengo setean eta bigarren setean galtzen joan dira, baina azken tantoetan ezin hobeto jokatu dute.
Partida berdindua hasi da, launa, baina Gurrutxagak eta Eskuderok lau tantoko abantaila polita lortu dute zazpi eta hamaikakoan. 9-12 ere aurretik ziren, baina 6-0ko partziala egin dute Goikoetxeatarrek eta lehenengo partziala irabaztea lortu dute. Horrek min handia egin die urdinei gero ikusi den bezala. Goikoetxea V.ak bere kolpea erakutsi du setaren amaieran.
Bigarren seta hobeto hasi da gorrientzat eta 6-3 aurreratzea lortu dute. Oraindik ere leheenngo setarekin buruan, urdinek ez dute seta nahi bezala hasi. Hala ere, erreakzioa etorri da eta 8-9 aurretik jartzea lortu dute Gurrutxagaren unerik onenarekin. Eskuderok pilota kendu dio Goikoetxea V.ari eta bazirudien hirugarren set bat izan zitekeela.
Hala ere, Goikoetxeatarrek bikain erreakzionatu dute. Hemen ere atzetik aurrerako bidea egin dute azken tantoetan. Goikoetxea V.a jaun eta jabe izan da azken tantoetan eta tanto bikainak egin ditu atzean batez ere, baina baita bi paret eder batekin. 5-0ko partzialarekin 13-9 jarri dira aurretik eta nahiz eta tanto bat lortu urdinek, 14-10, azken bi tantoak aurrelari gorriak egin ditu atzean eta txapela janztea lortu dute 15-10eko azken partzialarekin.
Partidu amaiera oso pozik agertu dira txapeldunak. “Betik gora egin dugu txapelketan zehar, baita gaur ere, Hortzak estutu ditugu eta sinestu” azpimarratu du Ander Goikoetxeak. Joseba Goikoetxeak adierazi duenez: Borrokatu beharreko partidua zen. Zama Anderrek eraman du eta oso gustura jokatu dugu elkarrekin. Anderren laguntza garrantzitsua izan da. Nire entrenatzailea izandakoa da eta ilusio handia egiten zidan berarekin irabazteak” Anderrek jarraitu du esanez, “niri ere asko lagundu dit Josebak. Nahi nuen demostratu nire jokoa eta uste dut lortu dudala”.
Monetaren beste aldea Aritz Eskuderok eta Urtzi Gurrutxagak erakutsi dute. Oso triste agertu dira adierazpenetan: “Lehenengo set-eko 12-9koa eta gero joan zaigu partida. Behera etorri naiz animikoki eta ez dut lortu buelta ematea. Salduta utzi dut Urtzi. Ez dugu asmatu Anderri pilota kentzen” adierazi du Eskuderok.
Gurrutxagarentzat hirugarren finala zen jarraian Berria Txapelketan. Lehenengoa irabazi ondoren, hurrengo biak galdu ditu. Bere hitzetan, “ez naiz komodo aritu. Ongi hasi naiz, baina guk galdu dugu. Behera etorri naiz bigarren setean”.
“Inoiz baino ilusio handiagoarekinetorri naiz Galarretara” zioen Eskuderok, baina “ez dugu asmatu”.
Finalak 52 minutu eta 32 segunduko iraupena izan du.
Finalerdi ezin berdinduago batean 1-2 (15-14, 14-15 eta 6-8) nagusitu dira Susperregi eta Apezetxearen aurka
Goikoetxea V.ak eta Goikoetxea VI.ak Berria Txapelketako finalera sailkapena lortu dute, Susperregi eta Apezetxea finalerdian gainditu eta gero. Partida ezin berdinduago batean 1-2 irabazi dute 15-14, 14-15 eta 6-8ko partzialekin. Gainera azken setean 6-3 ari ziren galtzen, baina 0-5eko azken partzial bati esker lortu dute sailkapena. Emozioa handia izan da partidu guztian zehar. Finalean Gurrutxaga eta Eskuderoren aurka jokatuko dute.
Emozio eta parekotasun handia izateaz gain, giro ezin hobea izan da frontoian. Galarretan giro aparta izan da eta ikuskizun ederra eskaini dute lau erremontistek. Zaleek eskertu dute, euren joko maila erakutsi baitute lau semifinalistek.
Bietako edozein bikotek lortu zezakeen sailkapena finalerdia nola joan den ikusita. Lehenengo setean Susperregi eta Apezetxeak eraman dute agintea, baina azkenean urdinak asko hurbildu dira. Hala ere gorriek lortu dute 1-0koa jartzea markagailuan Goikoetxea VI.ak errestoa eta gero akats bat egin eta gero.
Bigarren seta antzekoa izan da, baina kasu honetan urdinak eraman dute agintea uneoro. Hiru tantoko abantaila izan dute 7-10ekoan baina Susperregi eta Apezetxea 11-10 aurreratu dira. Hala ere azken tantoetan Goikoetxeatarrak berriz ere agindu dute eta azken tanto on batean 14-15 irabazi eta banakoa jarri dute markagailuan.
Hirugarren eta azken set erabakigarria gorrien agintearekin hasi da. 6-3 aurreratu dira, baina azken bost tantoak Goikoetxeatarrek egin dituzte. Seinakoa partidako tantorik onena izan da eta azken biak Goikoetxea V.ak egin ditu atzean pilotaka onekin. Saltoka ospatu dute finalerako sailkapena urdinek. Lau pelotariek zenbaki oso antzekoak izan dituzte bai atzean eta bai aurrean.
Hilabete eta erdiz pilotalekuetatik kanpo egon ondoren, belauneko lesio baten ondorioz, Endika Barrenetxea prest dago berriro lehiaketari ekiteko. AMMMA errehabilitazio-zentroan berreskuratze prozesu sakona egin du, eta bertan belaunaren mugikortasuna eta eskuin hankako tonua berreskuratzeko lan handia egin du. Orain, erronka berri bati aurre egiteko prest sentitzen da.
Elkarrizketa
Nola sentitzen zara berriro pilotalekura itzultzeko aukera izanda? Oso pozik eta gogotsu nago. Ez nuen espero horrenbeste faltan botako nuenik lehiaketa, eta horrelako partida batekin itzultzea ilusio handiz bizi dut.
Nolakoa izan da AMMMA zentroan egin duzun errehabilitazio prozesua? Prozesua gogorra izan da, baina lan handia egin dugu belaunaren mugikortasuna berreskuratzeko eta eskuin hanka sendotzeko. 12 saio inguru egin ditut, eta aurrerapen handiak lortu ditugu.
Zer espero duzu Urriza eta Larreñagaren aurkako partidaz? Partida oso gogorra izango da. Biak esperientzia handiko jokalariak dira eta teknikoki oso onak dira. Exijentzia fisiko eta teknikoa %100ekoa izango da, baina ahalik eta hobekien prestatzen saiatu naiz, haien mailan egoteko.
Zer mezu bidali nahi diezu zuri babesa eman dizuten zaleei? Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet animatu, lagundu eta babestu nauten guztiei. Oso gertukoa sentitu dut jasotako babesa, eta horrek sekulako indarra eman dit berriro lehiara itzultzeko.
B multzoko azken jardunaldian Goikoetxea V.ak eta VI.ak 2-0 (15-6 eta 15-9) garaitu dituzte Aiestaran VII.a eta VI.a
Goikoetxea V.ak eta Goikoetxea VI.ak 2-0 (15-6 eta 15-9) lortu dute garaipena Aiestaran VII.aren eta Aiestaran VI.aren aurka Berria Txapelketako B multzoko azken jardunaldian. Emaitza honekin Aiestaran anaiak izan dira kanporatuak eta Goikoetxearrak bigarren postuan amaitu dute. Taldeko hiru bikoteak puntutan berdinduta amaitu dute, lau punturekin, baina tanteoan Gurrutxaga-Eskuderok +6 amaitu dute, Goikoetxeatarrak +5 amaitu dute eta Aiestaran anaiek -11rekin bukatu dute txapelketa.
Goikoetxea VI .ak lehen set ikusgarrian jokatu zuen. 5 tanto egin zituen sakean, bi piloteoan, akats bakar batengatik eta horrek 15-6 erabaki zuen seta. Goikoetxea V.a aurrelaria izan zen partidako onena eta lehen setean beste zortzi tanto egin zituen eta bederatzi bigarrenean. Biak oso nagusi izan ziren beren posizioetan. Aiestaran VI .a urduri egon zen atzeko koadroetan. Lehendabiziko setan konfidantzarik gabe aritu ziren urdinak.
Bigarren setean Paul Aiestaran aurrelaria zuzendu zen eta zortzi tanto egin zituen, akatsik gabe, baina atzean Goikoetxea VI.a gehiago izan zen. Seta berdinduago joan zen, baina 12-9 eta gero 15-9ra joan ziren gorriak.
Azpirozekin batera 1-2 irabazi dute (13-15, 15-13 eta 4-8) Ansa II eta Juanenearen aurka
Urrizak agurreko partidetan porrota ezagutu gabe jarraitzen du. Hiru garaipen ditu azken hamaika partidak jokatzen hasi zenetik. Oraingoan Azpiroz izan zuen lagun atzealdean eta 1-2 nagusitu ziren, 13-15, 15-13 eta 4-8ko partzialekin Ansa II eta Juaneneari. Joan den astean gertatu zen bezala, partida zoragarria izan zen berriro ere, erremontista guztien partida handi batean.
Lehenengo seta denetan politena izan zen. Oso ondo jokatu zen, baina Urriza besteak baino maila bat gorago egon zen. Hutsik gabe bederatzi tanto egin zituen eta seta erabaki zuen 13-15ekoan. Ansa eta Juanenea serio aritu ziren eta maila onean jokatu zuten, baina ezin izan zuten lehen partziala irabazi.
Bigarrenean egin zuten, baina sufrimenduz. Seta 14-5eko markagailu argiarekin jarri zitzaien alde, baina urdinak hurbiltzen joan ziren tanto batera jarri ziren arte, 14-13, baina azkenean itxi ahal izan zuten,. Agian konfiantza galdu zuten eta set erabakigarrian nabaritu zen.
Azken partzialean gorriek gehiago oparitu zuten ezer oparitu ez zuten Urriza eta Azpirozen aurka. Iraunkortasun horrek 4-8eko garaipena eman zien, lautara berdinduta joan ondoren. Ansaren bi akats funtsezkoak izan ziren azken partzial horretan.
Hori bai, akats puntualak izan arren partida ederra izan zen. Maila handian jokatu zen eta aurrean bi aurrelaririk onenak neurtzen zirela nabaritu zen. Urrizak jokatu duen partidarik onena jokatu zuen agurrean. Azkar ibili zen, konfiantzaz, zorrotz, eta maila igo zuen enbidoa zorrotzago jarri zenean.
Aldabe eta Martirena, Jabalera eta Larrañagari gailendu zaizkie
Lehen partidan Aldabek eta Martirenak 2-0 irabazi zieten Jabalera eta Larrañagari (15-13 eta 15-10). Jaialdia oso ongi hasi zen, lau erremontistaek maila onean jokatuz. Nabari da Erremontarirako postuak jokatzen ari direla eta laurek maila bikaina eman zuten, nahiz eta gorriek hobeto jokatu.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu AjusteakOnartu
Cookien Politika
Resumen Privacidad
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu web gunean nabigatzen ari zaren bitartean esperientzia hobetzeko. Cookie horietatik, behar bezala sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, funtsezkoak baitira web gunearen oinarrizko funtzionaltasunetarako. Hirugarrenen cookieak ere erabiltzen ditugu, webgune hau nola erabiltzen den aztertzen eta ulertzen laguntzeko. Cookie hauek zure nabigatzailean soilik gordeko dira zure baimenarekin. Cookie hauen opt-out aukera ere baduzu. Baina cookie horietako batzuk aukeratzeak eragina izan dezake zure nabigazio-esperientzian.
Beharrezko cookieak guztiz funtsezkoak dira web guneak behar bezala funtziona dezan. Kategoria honetan, web gunearen oinarrizko funtzionalitateak eta segurtasun-ezaugarriak bermatzen dituzten cookieak bakarrik sartzen dira. Cookie hauek ez dute informazio pertsonalik gordetzen.
Beharrezko ez diren cookieak dira web guneak funtziona dezan eta erabiltzailearen datu pertsonalak analisien, iragarkien eta sartutako beste eduki batzuen bidez biltzeko berariaz erabiltzen ez diren cookieak. Nahitaezkoa da erabiltzailearen baimena lortzea bere webgunean cookie hauek exekutatu aurretik.