Urriza-Larrañaga (Petritegi) eta Ansa II.a-Zubiri (Aburuza) bikoteen garaipenek asko estutu dute Sagardoaren Txapelketako sailkapena

Urriza-Larrañaga (Petritegi) eta Ansa II.a-Zubiri (Aburuza) bikoteen garaipenek asko estutu dute Sagardoaren Txapelketako sailkapena

Urrizak eta Larrañagak Ezkurra II.a eta Juanenea (Bereziartua) menderatu dituzte, eta Ansa II.ak eta Zubirik Segurola eta Azpiroz gainditu dituzte; ligaxka amaitzeko jardunaldi bat gelditzen dela, Urriza eta Larrañaga lider jarri dira, lau bikote puntu batean daude, eta Segurola eta Azpiroz (Alorrenea) kanporatuak geratu dira.

Javi Urrizak eta Iban Larrañagak Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea menderatu zituzten, bi jokotan, 15-10 eta 15-10, eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz hartu zituzten mendean, hiru jokotan, 15-8, 12-15 eta 8-3, 2025eko Sagardoaren Txapelketako “Erremontari” saioko final laurdenetako ligaxkako laugarren jardunaldian.

Hala, Sagardoaren Txapelketako sailkapenean, Urriza eta Larrañaga lider jarri dira, zortzi punturekin, Ezkurra II.ak eta Juaneneak ere zortzi dituzte, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak zazpi puntu daramatzate, Ansa II.ak eta Zubirik beste, eta Segurola eta Azpiroz, bi puntu batuta, finalerako lehiatik kanpo gelditu dira, horretarako aukerarik ez baitute. Partidu baten faltan azkenak geratuko dira eta kanporatuak izango dira.

Hala, laugarren jardunaldiko lehenengo partidan, Petritegiko ordezkariak diren eta Aritz Altadill kapitain lanetan duten Urrizak eta Larrañagak lau puntu eskuratu zituzten, aurreko astelehenean ere egin zuten bezala, eta sailkapeneko aurreneko postura igo dira, orain arteko liderrak, alegia, Bereziartuako Ezkurra II.a eta Juanenea, menderatuta. Partida ederra izan zen. Aurrelari iruindarrak eta atzelari azkoitiarrak argi utzi zuten hobera doazela, txapelketan, eta hainbat tanto ikusgarri izan zituen norgehiagoka poltsikoratu zuten. Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak (Patri Espinar dute kapitain lanetan) amaitu dute ligaxkako euren ibilbidea, eta, beraz, datorren asteleheneko emaitzen zain geratu dira, jakiteko zein postu egokitzen zaien, finalerako bidean.
Hori bai, zuzenean sailkatzea ezinezkoa dute eta finalerdia edo playoffa jokatu beharko dute.


Bigarren neurketan, Aburuzako Ansa II.ak eta Zubirik (Gorka Izagirre daukate kapitain bezala) hirugarren jokoan lortu zuten garaipena, Alorreneako Segurola eta Azpirozen aurka. Lehenengo jokoan, urnietarra eta goizuetarra gehiago izan ziren, baina bigarrenean, Igor Arruti kapitain duten Segurolak eta Azpirozek erantzun oso ona izan zuten, eta hirugarren jokoa behartu zuten; joko erabakigarrian, Ansa II.ak eta Zubirik gehiago asmatu zuten, eta garaipena erdietsi.


Sailkapena

1. Urriza-Larrañaga (Petritegi) 8 puntu hiru partidu

2. Ezkurra II-Juanenea (Bereziartua) 8 puntu lau partidu
3. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 7 puntu hiru partidu
4. Ansa II-Zubiri (Aburuza) 7 puntu hiru partidu
5. Segurola-Azpiroz (Alorrenea) 2 puntu hiru partidu
Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II.a-Juanenea bikoteek launa puntu eskuratu dituzte, “Erremontari” saioko Sagardoaren Txapelketan

Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II.a-Juanenea bikoteek launa puntu eskuratu dituzte, “Erremontari” saioko Sagardoaren Txapelketan

Txapelketako hirugarren jardunaldian, Javi Urrizak eta Iban Larrañagak (Petritegi) Segurola eta Azpiroz (Alorrenea) menderatu dituzte, bi jokotan, 15-14 eta 15-13, eta Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea (Bereziartua) lider berriek Aldabe eta Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) gainditu dituzte, bi jokotan ere, 15-13 eta 15-12.

Javi Urrizak eta Iban Larrañagak (Petritegik) Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz (Alorrenea) menderatu dituzte, bi jokotan, 15-14 eta 15-13, eta Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak (Bereziartua) Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea (Oialume Zar) hartu dituzte mendean, bi jokotan ere, 15-13 eta 15-12, 2025eko Sagardoaren Txapelketako hirugarren jardunaldian. Hala, Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II-Juanenea bikoteek launa puntu eskuratu dituzte, eta Segurola-Azpiroz eta Aldabe-Barrenetxea IV bikoteek, ordez, ez dute punturik erdietsi; Sagardoaren Txapelketako sailkapenean, Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea, zortzi puntu dituztela, lider dabiltza, Aldabe eta Barrenetxea IV.a bigarren postuan dira, zazpi puntu batuta, Urriza-Larrañaga eta Ansa II-Zubiri bikoteek launa puntu dituzte, eta Segurolak eta Azpirozek puntu bat daukate.

Hala, Galarretan ikusi ditugun partidetako aurrenekoan, Urriza eta Larrañaga Petritegi sagardotegiaren ordezkariak, Aritz Altadill kapitain lanetan, aurreko astelehenean baino hobeto aritu ziren, eta, Aldabe-Barrenetxea IV bikotearen aurka erakutsitako maila hobetuta, garrantzi handiko garaipena eskuratu zuten. Lehen jokoan, aurrelari iruindarra eta azkoitiar atzelaria tanto bakar batez gailendu ziren, 15-14; bigarrenean, lau protagonistak aritu ziren biziago, hobeto, eta, berriro ere, Urrizak eta Larrañagak lortu zuten puntua, orain 15-13 nagusituta. Alorreneako Segurola eta Azpiroz, Igor Arruti kapitain lanetan, apur bat estu dabiltza txapelketan, jokatu dituzten bi partidetan puntu bakarra batu dutela kontuan izanik.

Bigarren neurketa kalitate handikoa izan zen, eta, nahiz eta hori ere bi jokotan erabaki den, emozioa izan zuen. Bereziartuako Ezkurra II.a eta Juanenea, Patri Espinar kapitain dutela, gaizki hasi ziren, eta, aurreneko jokoan, 1-6 ari ziren galtzen; izan ere, Barrenetxea IV.ak, beste behin ere, berretsi zuen maisua dela sakeak egiteko. Doneztebeko aurrelaria eta Saldiaseko atzelaria, baina, suspertu egin ziren, eta lehenengo jokoa poltsikoratu zuten, 15-13. Bigarren jokoan, berdintasun handia izan zen, eta pilotariek joko ikusgarria egin zuten. Aldabe eta Barrenetxea IV.a Oialume Zarreko ordezkariek ahal izan zuten guztia egin zuten, baina Ezkurra II.ak eta Juaneneak ez zuten amore eman, eta 15-12 irabazi zuten, azkenean.

 
 
Sailkapena

1. Ezkurra II-Juanenea (Bereziartua) 8 puntu hiru partidu

2. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 7 puntu hiru partidu
3. Ansa II-Zubiri (Aburuza) 4 puntu bi partidu
4. Urriza-Larrañaga (Petritegi) 4 puntu bi partidu
5. Segurola-Azpiroz (Alorrenea) puntu bat bi partidu bat
Aldabek eta Barrenetxea IV.ak eta Ansak eta Zubirik irabazi dute “Erremontari” saioko bigarren jardunaldian

Aldabek eta Barrenetxea IV.ak eta Ansak eta Zubirik irabazi dute “Erremontari” saioko bigarren jardunaldian

Hurrenez hurren, lau eta hiru puntu eskuratu dituzte. Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Javi Urriza eta Iban Larrañaga menderatu dituzte (6-15 y 12-15), eta Imanol Ansa eta Aritz Zubiri Josetxo Ezkurrari eta Aritz Juaneneari gailendu zaizkie (10-15, 15-13 eta 8-3).

Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Javi Urriza eta Iban Larrañaga menderatu zituzten, bi jokotan, 6-15 eta 12-15, eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea mendean hartu zituzten, hiru jokotan, 10-15, 15-13 eta 8-3, 2025eko “Erremontari” saioko bigarren jardunaldian, Galarretan.

Hala, Sagardoaren Txapelketako sailkapenerako, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak lau puntu eskuratu zituzten, eta, zazpi punturekin, lehengo postuan daude sailkapenean; Ansa II.ak eta Zubirik, aldiz, hiru puntu erdietsi zituzten, eta lau dituzte sailkapenean. Urrizak eta Larrañagak ez dute, oraingoz, punturik, eta Ezkurra II.ak eta Juaneneak, bat batuta, lau dauzkate.

Hala, bigarren jardunaldiko lehenengo partidan, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar sagardotegiko ordezkariak dira, eta Iñaki Leuona dute kapitain) nagusitasunez gainditu zituzten Petritegiko Urriza eta Larrañaga (horiek Aritz Altadill dute kapitain lanetan). Lekunberriko aurrelaria eta Hernaniko atzelaria bereziki lehen jokoan izan ziren gehiago; Urrizak, azken astean, bizipen zaila izan du familian, eta, txapelketako bere lehen neurketan, ezin izan zuen erritmoa hartu. Bigarren jokoan, aldiz, hobeto aritu ziren iruindarra eta azkoitiarra, eta berdintasuna askoz ere handiagoa izan zen. Azkenean, une oso onean dabiltzan Aldabek eta Barrenetxea IV.ak garaipena poltsikoratu zuten, eta sailkapeneko lehenengo postuan daude.

Galarretan jokatu zuten bigarren norgehiagokan, Aburuzako Ansa II.a eta Zubiri ez ziren ondo hasi, baina suspertu ondoren, balio handiko garaipena erdietsi zuten; izan ere, lortutako hiru puntuak zenbatuta, Bereziartuako Ezkurra II.ak eta Juaneneak beste dituzte, launa bi bikoteek. Patri Espinar kapitain, Doneztebeko aurrelaria eta Saldiaseko atzelaria nagusi izan ziren lehen jokoan, 10-15, eta oso indartsu ekin zioten bigarrenari; Ansa II.ak eta Zubirik, Gorka Izagirre kapitain zutela, erantzun oso ona izan zuten gerora. Hirugarren jokoan, Urnietako aurrelariak eta Goizuetako atzelariak aurkariek baino sendotasun handiagoa izan zuten, eta garaipenak ez zien ihes egin..

Sailkapena

1. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 7 puntu 2 partidu
4. Ansa II-Zubiri (Aburuza) 4 puntu bi partidu
2. Ezkurra II-Juanenea (Bereziartua) 4 puntu bi partidu
3. Segurola-Azpiroz (Alorrenea) puntu bat partidu bat
5. Urriza-Larrañaga (Petritegi) 0 puntu partidu bat

Galarretan erremonteko izarrek argitu zuten Hernaniko frontoia

Galarretan erremonteko izarrek argitu zuten Hernaniko frontoia

Aldabe-Barrenetxea IV.ak eta Ezkurra II-Juaneneak 1-2 lortu dute garaipena Ansa II-Zubiri eta Segurola-Azpirozen aurka

Sagardoaren Txapelketan ez zen itzalaldirik izan eta erremontari izarrek Galarreta argitu zuten erraz ahaztuko ez den lehenengo jardunaldian.
Jardunaldia ez zen bertan behera geratu eta bi partida ikusgarri ikusi ziren Galarretan.
Egunak Euskal Herriko hainbat eta hainbat puntu argindarrik gabe utzi zuen itzalaldiak markatu zuen; izan ere, zalantzan izan zen neurketa jokatuko zuten ala ez, baina, azkenean, Oriamendi 2010eko eta EITBko langileek egindako lan bikainari esker, jokatu egin ahal izan zuten.
Lehenengo partidan Aldabe eta Barrenetxea bikoteak 2-1 (13-15, 15-4 eta 8-3) lortu zuten garaipena Ansa eta Zubiriren aurka. Beraz, hiru puntu batu zituen Oialume Zar sagardotegiak eta bakarra Aburuzak.
Bigarren partidak antzekotasun handia izan zuen. Hemen ere urdinek irabazi zuten, Ezkurrak eta Juaneneak, 2-1 (12-15, 15-6 eta 8-5) Segurola eta Azpirozen aurka. Bereziartuak hiru puntu ditu sailkapenean eta Alorreneak puntua lortu zuen.
Bi partidek joera berdina izan zuten. Lehenengo set berdindu eta gorrien garaipen baten ondoren, urdinak jaun eta jabe izan ziren ondorengo bi setetan.
Urdinek oso ondo ekin diote partidari, eta, lehenengo jokoan, alde esanguratsuak erdietsi zituzten; 11-6koan, ematen zuen lehen joko hori ia erabakita zegoela, baina Ansa II.a eta Zubiri (urnietarrak eta goizuetarrak Aburuza sagardotegia ordezkatzen dute, eta Gorka Izagirre dute kapitain) suspertu egin ziren, eta, 13na berdinduta, jokoaren azken bi tantoak egin zituzten, eta 15-13 gailendu ziren.
Hala ere, Ansa II.ak eta Zubirik ezin izan zioten erritmo horri eutsi, eta bigarren jokoan Aldabek eta Barrenetxeak ez zieten aukerarik eman. Kemen Aldabe oso trebe ibili zen erremate batzuetan, eta Endika Barrenetxeak, partida osoan, min handia egin zuen sakea baliatuta. Bigarren jokoa 4-15 amaitu zen, eta horrek ondo baino hobeto islatu zuen kantxan zer ikusi zen, eta hirugarren jokoan ere hobeto aritu ziren Aldabe eta Barrenetxea IV.a; azkenean, 3-8 bukatu zen joko erabakigarria.
Jardunaldiko beste partidan, Ezkurra II.ak eta Juaneneak lehenengo jokoa galdu zuten, 15-12, baina bigarrenean 6-15 erraz nagusitu ziren; hirugarren jokoan, alegia, joko erabakigarrian, 5-8 gailendu zitzaizkien aurkariei.

Sailkapena

1. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 3 puntu
2. Ezkurra II-Juanenea (Bereziartua) 3 puntu
3. Segurola-Azpiroz (Alorrenea) puntu bat
4. Ansa II-Zubiri (Aburuza) puntua

‘Erremontari Herriz Herri’ proiektua ere aurkeztu da

‘Erremontari Herriz Herri’ proiektua ere aurkeztu da

Aurkezpenean Erremontari Herriz Herri proiektua ere aurkeztu zen. Erremontari Herriz Herri ekimen berriak Euskal Herriko 8 herritan izango du presentzia. Bertan, txapelketako parte-hartzaileek eta Oriamendiren gainerako profesionalek partidak jokatuko dituzte herrietako pilotalekuetan.

Data eta herriak (oraingoz baieztatuak) dira: Idiazabal (maiatzak 2); Zestoa (maiatzak 3); Derio (maiatzak 18); Bergara (maiatzak 24); Urnieta (ekainak 1); Lasarte (ekainak 13); Lekunberri (ekainak 20); Errenteria (ekainak 21); Hernani (irailak 19); Altsasu (urriak 17); Arrigorriaga (urriak 19), eta Zumarraga (abenduak 14)

Sarrera doan izango dute ekimen honetan parte hartzen duten herrietako biztanleek Galarretara Erremontari saioa zuzenean grabatzen ikusteko: Herri bakoitzeko bizilagunek DNIa Galarretako leihatilan erakutsiz jaialdi baterako sarrera doan izango dute.

Hernani, Lekunberri, Lasarte-Oria eta Andoain herrietakoek asteleheneko jaialdian izango dute sarrera doan.

Maiatzaren 5ean, Idiazabalgo eta Zestoako herritarrak sartu ahalko dira doan Galarretara.

Maiatzaren 12an, Aizarnazabalgo eta Hondarribiko herritarren txanda izango da.

Derio eta Zumarraga herrietako biztanleen ordua maiatzaren 19an izango da jaialdia doan ikusteko.

Maiatzaren 26an, Bergarako eta Altsasuko hartuko dute erreleboa.

Ekainaren 3an, Errenteria, Donostia, Galdakao eta Arrigorriaga herritarrek doan izango dute sarrera Galarretan. Eta amaitzeko ekainaren 9an urnietarrak sartu ahalko dira doan.

Sagardoaren Erremonte Txapelketak ‘Erremontari’ saioa bustiko du astelehenean hasita

Sagardoaren Erremonte Txapelketak ‘Erremontari’ saioa bustiko du astelehenean hasita

Bost bikote indartsuenek jokatuko dute eta Gorka Izagirre txirrindularia kapitaina izango da bikote batean

Oialume Zar, Aburuza, Bereziartua, Alorrenea eta Petritegi sagardotegiek ordezkatuko dituzte bikoteak

Oriamendik eta EITBk “Erremontari” saio aurkeztu dute gaur arratsaldean Orona Fundazioaren areto nagusian. Saioaren barruan Sagardoaren Erremonte Txapelketa jokatuko da eta edizio berri honetan parte hartuko duten bikoteak eta sagardotegiak, edota kapitain berriak ere aurkeztu dira. Horrez gain, “Erremontari Herriz Herri” izeneko herri-ekimena ere aurkeztu da, herritarrei erremontea hurbilarazteko helburuarekin.

Honako hauek izan dira aurkezpenean: Bikote guztietako pilotariak eta kapitainak; Sagardotegi bakoitzeko ordezkariak; Babesle nagusien ordezkariak: Orona, Diario Vasco, Hernaniko Udala eta Donostia Turismoa; eta Joseba Urkiola Eitbko kirol zuzendaria.

Bost bikote indartsu 

Ondorengo erremontariek, kapitainek eta sagardotegiek osatzen dituzte taldeak:

Oialume Zar sagardotegia ordezkatuko dute Aldabe eta Barrenetxea IV.a bikoteak, Iñaki Lekuona izango delarik kapitaina. Barrenetxeak ez du inoiz txapelketa kuttun hau irabazi bere senitartekoek kudeatzen duten sagardotegia ordezkatuz.

Bereziartua Patri Espinar kapitainak gidatuko du, Ezkurrra II.a eta Juanenea bikotearekin.

Ansa II.ak eta Zubirik Aburuza sagardotegia ordezkatuko dute, Gorka Izagirre txirrindulari ohiarekin kapitain lanetan. Hau izan da iragarri den berrikuntza nagusienetakoa. Izagirre bezalako kirolari entzutetsu bat kapitain bezala aritzea. Gorka Izagirre gogotsu agertu da esperientzi berri hau bizitzearekin: “Niretzako berria da, Erremontari txapelketa haur. Formatu berri hau bizipen berri bat izango da eta kirolari bezala nire ikuspuntua ematen saiatuko naiz”.

Gainera, pasa den urtean Aburuzak lortu zuen garaipen, baina Urriza eta Martirena izan ziren sagardotegia ordezkatu zuten erremontariak.

Segurolak eta Azpirozek Alorrenearen izena eramango dute soinean Igor Arrutik gidatuta kapitain lanetan. Eta azkenik, Urrizak eta Larrañagak Petritegiren izenean jokatuko dute Aritz Altadill kapitainarekin.

Javier Urrizaren agurra

Oso une berezia izango da modalitatearentzat, eta baita pilotari batentzat ere: Javier Urrizak azken du txapelketa profesional ere izango baita, eta bere agurra ere testuinguru honetan iragarri da.

Pasa den urtean sei bikotek jokatu zuten txapelketa, baina aurten bost bikotek jokatuko dute eta horrek eta txapelketaren maila nabarmen igoko du.

Astelehenean hasiko da txapelketa eta ekainaren 16an jokatuko da finala

Bost bikotez osaturiko txapelketaren lehen fase honetan, denek denen aurka jokatu

beharko dute. Bost jardunaldi izango dituzten horretarako: Apirilaren 28an eta maiatzaren 5, 12, 19, eta 26an jokatuko dira eta jaialdi guztiak 18:00etatik aurrera jokatuko dira.

Ligaxkako sailkapena puntuen araberakoa izango da: 2-0 irabazten duenak 4 puntu lortuko ditu; 2-1 irabaziz gero hiru puntu batuko ditu; 1-2 galtzen duenak puntu bakarra poltsikoratuko du; 0-2 galtzen duenak ez du punturik izango eta 15 tantora iristen ez denak puntu negatiboa izango du.

Ligaxka amaitzerakoan, hirugarren eta laugarren postuetan geratzen diren bikoteek jokatuko dute playoff-a. Playoff-a ekainaren 3an asteartean jokatuko da, 18:00etatik aurrera.

Ligaxkan bigarren postuan geratzen den bikoteak eta playoff-a irabazi duen bikoteak jokatuko dute final aurrea, ekainaren 9an, 18:00etatik aurrera.

Ligaxkan lehen postuan geratzen den bikoteak eta final aurrea irabazi duen bikoteak jokatuko dute finala, ekainaren 16an, 18:00etan hasita.

Partida guztiak astelehenetan 18:00etan Galarretan jokatuko dira (salbuespen bakarra playoffa) eta ETB1en 22:30ean emitituko dira.

Teknologia eta ikus-entzunezko baliabideak

Erremontari emanaldia, pilotaren munduan, teknologikoki aurreratuena eta dinamikoena izaten jarraituko du. Aurten ere mantenduko da sakearen abisu-sistema (Warning): 30 segundo igarotzen badira, zigorrak aplikatuko dira. Pultsometroak ere erabiliko dira, eta pilotari bakoitzaren egoera fisikoa denbora errealean ikusgai egongo da telebistan. Pilotari bakoitzak mikroa ere eramango du soinean, estrategia guztia etxetik entzuteko aukera emanez. Diseinu bisual guztiak, baita bikote bakoitzaren kamiseta berri eta bereziak. Oriamendi enpresak sortuak dira.