Azpirozekin batera 1-2 irabazi dute (13-15, 15-13 eta 4-8) Ansa II eta Juanenearen aurka
Urrizak agurreko partidetan porrota ezagutu gabe jarraitzen du. Hiru garaipen ditu azken hamaika partidak jokatzen hasi zenetik. Oraingoan Azpiroz izan zuen lagun atzealdean eta 1-2 nagusitu ziren, 13-15, 15-13 eta 4-8ko partzialekin Ansa II eta Juaneneari. Joan den astean gertatu zen bezala, partida zoragarria izan zen berriro ere, erremontista guztien partida handi batean.
Lehenengo seta denetan politena izan zen. Oso ondo jokatu zen, baina Urriza besteak baino maila bat gorago egon zen. Hutsik gabe bederatzi tanto egin zituen eta seta erabaki zuen 13-15ekoan. Ansa eta Juanenea serio aritu ziren eta maila onean jokatu zuten, baina ezin izan zuten lehen partziala irabazi.
Bigarrenean egin zuten, baina sufrimenduz. Seta 14-5eko markagailu argiarekin jarri zitzaien alde, baina urdinak hurbiltzen joan ziren tanto batera jarri ziren arte, 14-13, baina azkenean itxi ahal izan zuten,. Agian konfiantza galdu zuten eta set erabakigarrian nabaritu zen.
Azken partzialean gorriek gehiago oparitu zuten ezer oparitu ez zuten Urriza eta Azpirozen aurka. Iraunkortasun horrek 4-8eko garaipena eman zien, lautara berdinduta joan ondoren. Ansaren bi akats funtsezkoak izan ziren azken partzial horretan.
Hori bai, akats puntualak izan arren partida ederra izan zen. Maila handian jokatu zen eta aurrean bi aurrelaririk onenak neurtzen zirela nabaritu zen. Urrizak jokatu duen partidarik onena jokatu zuen agurrean. Azkar ibili zen, konfiantzaz, zorrotz, eta maila igo zuen enbidoa zorrotzago jarri zenean.
Aldabe eta Martirena, Jabalera eta Larrañagari gailendu zaizkie
Lehen partidan Aldabek eta Martirenak 2-0 irabazi zieten Jabalera eta Larrañagari (15-13 eta 15-10). Jaialdia oso ongi hasi zen, lau erremontistaek maila onean jokatuz. Nabari da Erremontarirako postuak jokatzen ari direla eta laurek maila bikaina eman zuten, nahiz eta gorriek hobeto jokatu.