Azaroaren 7an txapelketan debutatu behar nuela esan zidatenean ezin nuen sinetsi

Azaroaren 7an txapelketan debutatu behar nuela esan zidatenean ezin nuen sinetsi

Julen Deskarga hernaniarrak gaur debutatuko du profesional mailan, 20 urterekin, Galarretan Bigarren Mailako Binakako Txapelketan. Martirenarekin batera, Susperregi eta Eskudero izango dituzte aurkari aurreneko partiduan.

Julen Deskarga (2005, Hernani) hernaniarrak bihar debutatuko du profesional mailan Bigarren Mailako Txapelketan. Martirenarekin batera arituko da Susperregi eta Eskuderoren aurka, 17.30etatik aurrera. Esku pelota utzi eta gero saskia jarri eta beste bide bati ekin dio Deskargak. Erremontea, Deuston ikasten duen magisteritza eta kirola ikasketekin uztartzen du.Urduritasuna nabaritzen al duzu debuta egin aurretik?
Orain arte nahiko lasai egon naiz eta oraindik ere lasai nabaritzen dut nire burua, baina pixkanaka nerbioak hasi dira agertzen.Lehendabiziko partiduan Martirena izango duzu bikote, Gurrutxagaren eta
Eskuderoren aurka. Nolako debuta espero duzu?

Gurrutxaga ezin du jokatu lesio baten ondorioz eta Susperregik ordezkatuko du. Bikote nahiko gogorra osatzen dute, txapelketa honetan aurkituko ditugun denak bezala. Hori bai, gogotsu nago zer moduz doakidan ikusteko eta ea irabazteko aukera dugun.

Noiz erabaki zenuen esku pelota utzi eta erremontean hastea?
Orain urtebete. 2024ko urrian hasi nintzen erremontean eta esku pelota utzi nuen erremontean hastearekin batera.

Zer moduzko esperientzia izan da azken urte hau?
Egia esan oso polita. Hasieran oso galduta nengoen eta pelota jotzen ere ez nuen asmatzen, baina pixkanaka ikasten joan naiz entrenamenduetan. Oso gustora aurkitu naiz, gero eta gustorago.

Azken urtean asko entrenatuko zenuen 
erremontean. Txapelketan arituko diren kideen parean ikusten duzu zure burua?
Egia esan, afizionatuetatik profesionaletara maila asko aldatzen da. Pelotetan ere ezberdintasun nabariak daude. Hasieran   aldea asko nabaritzen nuen, baina konfidantza asko hartu dut eta nahiz eta sentitzen dudan mailan oraindik aldea badagoela, uste dut beraien parean jarriko naizela.

Afizionatuetan partidurik jokatzeko aukera izan duzu?
Ez, tamalez. Gaurko erremontean ofizialki jokatuko dudan lehenengo partidua izango da. Ea nola doan, gogo askorekin nago debutatzeko.

Ikasketa prozesu honetan zer izan da zailena?
Afizionatuetan sei erremontista izan gara eta entrenamenduetara bakarrik joan behar izan dut batzutan. Lau elkartu eta partiduren bat jokatzea ez da erraza izan. Zailtasun gutxi izan dut.

Prozesuan zein izan da bidelagun edo maisu lanetan aritu dena?
Endika Barrenetxearekin eta Kike Elizalderekin ikasi nituen postura oinarrizkoak eta profesionaletan debuta egin aurretik Urtzi Gurrutxaga eta Aitor Aiestaran izan ditut bidelagun. Azkenaldian, berriz ere, Kike Elizalderekin aritzen naiz entrenatzen.

Aurrelaria zara. Nola erabaki zenuen hor jokatzea?
Afizionatuekin entrenatzen hasi nintzenean aurrean jarri nintzen. Esku pelotan ere aurrelari nintzen eta uste dut aurrelari izateko gaitasun gehiago ditudala. Ez naiz indarreko pelotaria, gehiago naiz abileziko pelotaria.

Erremontean hasteko prozesua nolakoa izan zen?
Ez nuen inoiz pentsatu erremontean amaituko nuenik. Esku pelotan eskuko minekin hasi nintzen kadete mailan eta ez nuen bururik altxatzen. Aitak pelota ez uzteko eta erremontea probatzera animatu zidan. Endika Barrenetxearekin hitz egin eta saskia probatu genuen.

Galarretara joateko ohiturarik bazenuen?
Oso gutxitan joan nintzen, pare bat aldiz. Azken urtean askotan izan naiz bertan, baina aurretik txikitan Euskal Jai Berrin izan nintzela gogoratzen dut. Donezteben badut familia, erremonte zalea.

Erremontea esaten den bezain zaila al da?
Zaila da benetan. Batez ere pelotak hartzen duen abiadurarengatik. Kokatzen jakitea oso zaila da. Pelota nahi den lekuan jartzea dakarren abiadurarekin ia ezinezkoa da. Distantziak hartu behar dira. Kikek asko erakutsi dit horretan.

Defentsa lana ere zaila izaten omen da.
Batez ere. Oso zaila izaten da pareteko defentsa eta behar bezelako posturak hartzea. Beldurra ere ematen du abiadura oso azkarrean sartzen baita pelota ezker hormara. Gehien gustatzen zaidana errematea da. Ez dakit ongi edo gaizki egiten dudan, baina gustokoen jokaldia hori da.

Ez dakit inoiz horrenbeste Hernaniko erremontista inoiz izan den profesionaletan.
Bagara batzuk. Mattin Arluziaga, Aiestaran anaiak, Endika Barrenetxea…

Erlazio berezia sortzen al da? Laguntzen zarete?
Endikak asko lagundu dit hona iristen. Gauza asko antolatzen ditu eta edozein zalantza galdetu eta argitzen saiatzen da, jator. Entrenamenduetan Paulo eta Aitor Aiestaran, eta Mattin Arluziagakin oso gustora aritzen naiz. Orokorrean denak animatu didate.

Erremontean profesionaletan debutatuko zenuela esan balizute orain 14 hilabete, ez zenuke sinistuko. 
Ezta pentsatu ere. Azkenengo bi edo hiru hilabeteetan pare bat aldiz deitu zidaten profesionalekin entrenatzeko eta orduan bai hasten zara pentsatzen profesional izan zaitezkeela. Izugarrizko ilusioa egin zidan eta azaroaren 7an debutatu behar nuela esan zidatenean ezin nuen sinetsi. Oso goiz iruditzen zitzaidan.

Gainera txapelketa batean.
Hori da. Aurreneko partidua txapelketakoa izateak suposatzen du presio gehiago izatea, baina gogo gehiago ere sortzen du.

Txapelketan debutatzeak esan nahi du enpresan maila ona duzula ikusi dutela?.
Ez dakir. Agian bai, baina hori denborarekin ikusiko da. Konfidantza badut eta asmatu duten edo ez, jokatu ahala ikusiko da.

Harmailetatik animoak ez dira faltako.
Jende pixkat gerturatuko da animatzera.

Galarretan aurkeztu da Palestinaren aldeko jaialdi solidario berezia

Galarretan aurkeztu da Palestinaren aldeko jaialdi solidario berezia

Gaur arratsaldean, urriaren 23an, 18:00etan, aurkeztu da Galarreta Jai-Alai pilotalekuan azken urteetan ikusi ez den ekimen berezia: kirol, kultura eta gizartea uztartzen dituen jaialdi solidarioa, Palestinaren aldeko elkartasun keinua bihurtuko dena.
Ekitaldian aurkeztu den jaialdia azaroaren 23an, igande arratsaldean, 17:00tatik aurrera ospatuko da, eta bertan bilduko dira elkarrekin pilota modalitate nagusiak: esku pilota, zesta punta eta erremontea. Azken hamarkadetan gertatu ez den bateratze honek ilusioa piztu du pilotazaleen artean, frontoi mitiko batean izango baita —Hernaniko Galarretan—.
Ekimenaren helburu nagusia Palestinako herriari laguntza humanitario zuzena ematea da, bertan bildutako diru guztia Gernika Palestina herri ekimenak bertara kudeatuko baitu. Proiektuaren babesle eta antolatzaileen artean daude Oriamendi2010, hainbat pilota klub, eta kirol zein kultura arloko pertsona ezagunak.
Aurkezpenean nabarmendu denez, jaialdi solidarioa azaroaren 23an 17:00etan hasiko da. Lehenik esku pilotako partida jokatuko da, protagonistas ondorengo hauek izango dira Apaolaza eta Ibai Zabala vs Mikel Goñi eta Elizegi. Ondoren zesta puntako norgehiagoka izango da, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi vs Elaia Gojenola eta Maia Goikoetxea. Eta amaitzeko, erremonte partida: Ansa II eta Aiestaran VI vs Goikoetxea V eta Larrañaga.
Giroari kolore berezia emango diote bertsolariek, Andoni Redondok eta Eli Pagolak, euren bertso eta mezuekin.
Antolatzaileek aurkezpenean adierazi dute jaialdi honen baliorik handiena euskal herriaren batasun eta elkartasun espiritua dela, eta gonbidapena luzatu diete elkarte, talde sozial, ikasle-talde, musika talde eta norbanako guztiei ekimenera batu daitezen. Helburua da ahalik eta babes eta laguntza handiena lortzea Palestinako herriarentzat.
Sarrerak jada salgai daude www.oriamendi.eus webgunean eta Galarreta Jai-Alairen orrian. Prezioa 10 eurokoa izango da 10 urtetik gorakoentzat, eta doakoa 10 urtetik beherakoentzat. Gainera, egun horretan bertan egingo dira dohaintza osagarriak, nahi duenak bere ekarpena egin dezan.
Jaialdi hau euskal kulturaren eta elkartasunaren adierazpena izatea nahi dute antolatzaileek, eta Galarretako hormek berriro erakutsiko dute euskal kirolaren bihotza ere solidarioa dela.
GROSS ERREMONTE JAIALDIAK BERRIKUNTZA ETA IKUSKIZUNA EKARRIKO DITU LARUNBAT HONETAN GALARRETARA

GROSS ERREMONTE JAIALDIAK BERRIKUNTZA ETA IKUSKIZUNA EKARRIKO DITU LARUNBAT HONETAN GALARRETARA

Gaur arratsaldean, 18:00etan, aurkeztu da Gross Erremonte Jaialdiaren edizio berria Galarreta Jai Alai pilotalekuan, eta bertan azaldu dira larunbat honetan jokatuko den txapelketa express-aren xehetasun guztiak.

Aurkezpeneko mahaian parte hartu dute Andoni Galdós, GROSS garagardotegiaren ordezkari eta jaialdiaren babesle nagusia; Xabier González, Oriamendi enpresako gerentea; eta Aritz Juanenea, Buruz Buruko txapeldun berria. Haien atzean, ekitaldiari babesa emanez, beste protagonista batzuk izan dira: Endika Barrenetxea, Aimar Jabalera, Iván Larrañaga, Ander Goikoetxea eta Kemen Aldabe.

Txapelketa express, emozioa egun bakarrean:

Xabier Gonzálezek azaldu duenez, jaialdi hau “formatu bereziko” txapelketa izango da, egun bakarrean jokatuko diren bi finalaurreko eta final batekin. Pilotalekuko ateak 16:00etan irekiko dira, eta lehia 17:00etatik aurrera hasiko da.

Lehen finalaurrekoa Jabalera eta Barrenetxea IV-k jokatuko dute Goikoetxea V eta Larrañaga-ren aurka. Irabazleek zuzenean lortuko dute finalerako txartela.
Bigarren finalaurrekoan, berriz, Aldabe eta Juanenea arituko dira Ezkurra II eta Azpiroz bikotearen aurka, duela bi urteko Gross txapelketako irabazleak. Bi norgehiagoka hauetako irabazleek jokatuko dute eguneko finala.

Partidak set formatuan jokatuko dira: lehen bi setak 10 tantura izango dira, eta bana berdinduz gero, hirugarren set erabakigarria jokatuko da, 5 tantura.

Garagardoa, musika eta festa giroa:

Ondoren, Andoni Galdósek hartu du hitza, GROSS garagardotegiaren sortzaile eta jaialdiaren arima nagusiak. Bere hitzetan, “arratsaldeko jaialdia erremontetik harago doa: kultur, gastronomia eta musika festa bat izango da”.

Partiduen bitartean zozketak eta sorpresak egongo dira, eta gainera, Baga Biga, Meta Edabeak eta Pagoagaragardotegiak ere izango dira gonbidatu.

Partiduak amaitutakoan, food truck-ek afaria eskainiko dute pilotaleku inguruan, eta 21:00etatik 00:00etara DJ saioakizango dira, festa giroari jarraipena emanez. Galdósek iragarri du, gainera, “sorpresa ikusgarri” bat izango dela gau partean.

Juaneneak: “Txapelketa bikaina une egokienean”

Aritz Juaneneak, txapeldun indarrean, pozik agertu da formatu honetako jaialdiarekin:“Txapelketa express hau une ezin hobean dator, udako Buruz Burukoaren ondoren eta bikoteen txapelketaren atarian. Pilotariontzat momentu fisiko eta tekniko bikaina da, eta maila oso altuko norgehiagokak espero ditut.”

Sarrerak eta informazioa

Azken hitza berriro hartu du Xabier Gonzálezek, gogoraraziz sarrerak www.oriamendi.eus webgunean daudela salgai, eta baita larunbatean bertan Galarretan ere.

“Gross Erremonte Jaialdia ez da soilik kirol ekitaldi bat, baizik eta esperientzia oso bat: erremontea, musika eta gastronomia uztartzen dituena. Oriamendik gustura antolatzen du halako ekitaldi berritzailea.”

🎟️ Sarrerak eta informazio guztia: www.oriamendi.eus

Gurrutxaga eta Apezetxea vs Susperregi eta Zubiri: Playoff erabakigarria Galarretan

Gurrutxaga eta Apezetxea vs Susperregi eta Zubiri: Playoff erabakigarria Galarretan

Oriamendi Erremonte Txapelketak bere unerik berezienetako bat biziko du larunbat honetan (16:30etik aurrera, Galarreta Jai Alai), finalaurrekoetarako txartela jokoan egongo baita. Irabazleak Jabalera eta Eskudero izango dituzte aurkari hurrengo larunbatean.

Material aukeraketa, huts nabarmen batekin

Ohi bezala, gaur arratsaldean egin da materialaren aukeraketa. Albiste nagusia Apezetxearen baja izan da, azken bi egunetan osasun-arazoengatik ohean egon baita. Horregatik, ardura osoa bere bikotekidearen, Gurrutxagaren, esku utzi du.

Gurrutxagak aukera anitza egin du: bi pilota bizi aukeratu ditu, Apezetxeak sakearekin kalte egin dezan; beste bat erdikoa, eta laugarren bat lehorra, partidak okerrera egingo balu baliatzeko. Haren hitzetan: “Garrantzitsuena da Apezetxeak sakean asmatu eta gero aukera argiak sortzea. Eta batez ere, ahalik eta akats gutxien egitea da funtsezkoa”.

Susperregi eta Zubiri bizitasunaren aldeko apustuan

Aldiz, Susperregik eta Zubirik lau pilota bizi eta arin aukeratu dituzte, euren jokoari hobekien egokitzen zaizkiolakoan. Zubirik berak azaldu du: “Pilota bizkorrak eta arinak behar ditugu, gure jokoari erritmoa ematen diotenak”.

Bi aste lehenago jasandako porrota oso presente dute buruan (2-1: 8-15, 15-13 eta 8-3). Lehen setean nagusi izan ziren, baina bigarrenean eta hirugarrenean egindako hutsek asko zigortu zituzten. Susperregik honela azaldu zuen: “Aurrekoan hasieran ekimena falta izan zitzaigun eta hirugarren setera nekatuegi iritsi ginen. Larunbat honetan oso indartsu hasi behar dugu eta bi setetan irabazten saiatu, hirugarrenera ez heltzeko”.

Itxaropen handia Galarretan

Bi bikoteak iritsi dira ilusioz eta arduraz beterik, bi hilabete eta erdiko txapelketaren ostean, badakitelako finalaurrekoa jokoan dutela. Aurreko norgehiagokaren errebantxa airean dago, eta zaleen artean ikusmin handia piztu du: Susperregi eta Zubirik aurreko porrotari buelta emango diote, ala Gurrutxagak eta Apezetxeak berriz ere erabakigarri izango dira momentu zailetan?

Argi dagoena da Galarretan arratsalde ederra biziko dela, erremonterik onena protagonista izango delako.

📅 Irailaren 13a, larunbata
🕟 16:30etik aurrera
📍 Galarreta Jai Alai, Hernani

Ansa II-k irailaren 13ra arteko epea izango du lesiotik osatzeko eta Buruz Burukoan borrokan jarraitzeko

Ansa II-k irailaren 13ra arteko epea izango du lesiotik osatzeko eta Buruz Burukoan borrokan jarraitzeko

Oriamendi2010 enpresak jakinarazi duenez, Imanol Ansa, “Ansa II”Eusko Label Buruz Buruko txapelketako egungo txapeldunak, irailaren 13ra arteko denbora gehigarria izango du, joan den larunbatean Endika Barrenetxea, “Barrenetxea IV” aurkariaren aurka Galarreta pilotalekuan jokatutako partidan jasandako lesiotik guztiz osatzeko.

Erabakia hartu da pilotariaren errekuperazioa behar bezala bermatzeko eta, egoerak hobera eginez gero, irailaren 13anAritz Juanenea izango duen ligaxkako hurrengo neurketa jokatzeko aukera izan dezan.

Txosten medikoa eta bilakaera

Ansa II-k, larunbateko partidan 13-15 galtzen ari zenean, partida utzi behar izan zuen. Lehenik eta behin, ekografia bat egin zioten eta zuntz-haustura bat antzeman zuten. Ondoren, kalte handiagoak baztertzeko, erresonantzia magnetikoaegin zioten eta honek erakutsi du deltoidearen supraespinoso tendoiaren lesioa duela, haustura longitudinal baten zantzu argiekin.

Pilotariak errekuperazio intentsiboko plana hasi du dagoeneko eta adierazi duenez, “ahalegin guztiak egingo ditut irailaren 13an kantxara itzultzeko”.

Hurrengo urratsak

 Oriamendi2010-etik protokolo argia ezarri dute:

  • Ansak kontrol-saio bat egin beharko du neurketa baino lehen, irailaren 11 edo 12an, gehienez.
  • Entrenamendu hau Kike Elizalde kirol-zuzendariak gainbegiratuko du.

Egutegi hurbila 

Bien bitartean, Buruz Buruko ligaxkak aurrera jarraituko du larunbat honetan norgehiagoka erabakigarri batekin:

  • Barrenetxea IV8 punturekin lider sendoa, Azpiroz izango du aurkari. Azken honek 3 puntu ditu eta Ansa II-rekin berdinduta dago sailkapenean.

Emaitza honek ligaxkako azken jardunaldien eta, ondorioz, finalaurre eta finalerako sarbideen konfigurazioa baldintzatuko du.