Loitegi eta Barrenetxea IV.a txapeldun, Azpeitiko Txapelketan

Loitegi eta Barrenetxea IV.a txapeldun, Azpeitiko Txapelketan

Loitegi eta Barrenetxea IV.ak jantzi zuten larunbat gauean,  Azpeitiko Erremonte Txapelketako txapela. Urnietako eta Hernaniko bikoteak 40-30 garaitu zituzten Ansa II.a eta Martirena Izarraitz frontoian jokatutako finalean. 


Merezimendu osoz lortu zuten garaipena eta Barrenetxea IV.ak orain bi urte, Aldaberekin batera, eskuratutako garaipena berretsi du. Loitegirentzat lehenengo txapela da profesional mailan. 


Finala hotz hasi zen eta ez oso fin erremontistentzat. Atzelariei partiduan sartzea kosta egin zitzaien, baina, aurrera joan ahala, jokua asko hobetu zuten lau erremontistek. Argi dago, finala izanda, nerbioek eragin zutela.


Bosna egin eta gero partiduaren kalitateak goruntz egin zuen nabarmen. Bikote urdina lehenago sartu zen finalean, Barrenetxeak ez baitzuen asmatzen Ansari errestoa kentzen. Gainera Martirenak, txapelketa guztian zehar bezala, bizi mugitu zuen pelota 30garren tantora arte. Ansa ere txukun ari zen eta 20garren tantora arte urdinak eraman zuten agintea. Lauzpabost tantoko aldeak zituzten eta 6-12 ere joan ziren irabazten. 


Partiduaren erditik aurrera jokoa aldatu zen. Tanto bakarrera hurbildu eta gero, gorriek 20na berdindu zuten. Gogortu egin zen finala. Geldialdia eta gero, gorriak askoz hobe sartu ziren kantxara eta urdinei aldiz alderantzizkoa gertatu zitzaien. 


21na berdindu ondoren, Barrenetxeak sakea aldatu zuen, beherago hasi zen sakatzen eta gorriak aldeak zabaltzen joan ziren. Loitegi bera ere hobeto eta erosoago aurkitu zen frontoian. Horrek bost tantoko aldea hartzera eraman zituen gorriak, eta 30-25 jarri ziren aurretik. 

Arriskuak ez du saririk
Ansa eta Martirena gehiago arriskatzen hasi ziren eta akatsak iritsi ziren. Presaka ez zuten asmatu eta hainbat pelota galdu zituzten. Horrela, partidua erabakita geratu zen, 35-28. Txapeldunek ongi jakin zuten abantaila kudeatzen azken tantoetan eta garaipena lortu zuten 40-30.


Lehenengo partiduan, hirugarren eta laugarren postua jokatzen zen eta hor Urrutia II.ak eta Larrañagak lortu zuten garaipena, 37-40, Goikoetxea V.a eta Zubiriren aurka, partidu lehiatu batean. Azken hamar tantoetan, 0-6ko partzialari esker, 30-36 aurreratu ziren urdinak, eta hor erabaki zen norgehiagoka. Hala ere, gorriek ez zuten etsi eta 35-37ra ere hurbildu ziren, nahiz eta azkenean hiru tantora geratu.

Finaleko jaialdian, jendeak erantzun ona izan zuen eta lau jardunaldietako sarrerarik onena izan zuen, aldearekin, frontoiak. 

Loitegi-Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a-Martirena, Azpeitiko Txapelketako finalistak

Loitegi-Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a-Martirena, Azpeitiko Txapelketako finalistak

Azpeitiko erremonte Txapelketak ezagutzen ditu finalistak. Loitegi eta Barrenetxea IV.a sailaktu ziren finalera B multzoan eta Ansa II.a eta Martirena eskuratu zuten finalerako txartela A multzoan. 

Larunbatean jokatutako jaialdiko lehenengo partiduan Loitegi eta Barrenetxeak 40-29 garaitu zituzten Urrutia II.a eta Larrañaga eta garaipen horri esker lortu zuten finalera sailkatzea.

Bi bikoteak lehenengo partidua irabazita iristen ziren eta euren artekoan erabaki zen dena. Bigarren partiduan Ansa eta Martirena nahikoa zuten 32 tanto egitea finalera sailkatzeko, baina ez hori bakarrik, baizik eta lau puntuak eskuratu zituzten, Urriza eta Labaka 35-40 gainditu eta gero.

Giro polita aurkitu zuten erremontistek Izarraitz frontoian. Urrutia II.a eta Larrañaga ongi sartu ziren partiduan eta agintea eraman zuten 25 tantora arte. Urrutia oso ongi aritu zen, Larrañagak ongi lagundurik. Loitegiri kosta zitzaion partidan sartzea, baina gero ongi irakurri zuen norgehiagoka. Lauzpabost tantoko aldeak eraman zituzten urdinek, 25nako berdinketa arte. Hortik aurrera Barrenetxeak martxa bat gehiago sartu eta partida hautsi zuen. Sakearekin min gehiago egin zuen atzelari hernaniarrak eta Oskar Urrutiari kalte egin zion eskkuan hartu zuen pilotakada batek. Azken hamar tantoetan nekea nabaritu zuten urdinek. 

Bigarren partidan oso norgehiagoka piloteatua eta landua ikusi zen. Martirenak partida oso ona jokatu zuen eta konfidantza handiarekin ikusi zitzaion. Urriza pasa den astean baino hobeto aritu zen eta Ansak bere joko bolada onarekin jarraitzen du. Urriza eutsi bakarrik ez, azken tantoetan freskoago ikusi zitzaion. Urrizak eta Labakak 31-29 agintzen zuten, baina azken tantoetan aurrelari urnietarrak hartzen zituen pilota guztietan asmatu zuen Labakari lan haindiak jarriz. Urriza gainditzen zuen eta lortzen ez zunean Urriza bere lekuz kanpo zegoen defentsako lanera etorri eta gero. Gorriek bizi mugitu zuten pilota eta errebotean zulo handiago izan zuten urdinek. Hor erabaki zen partida. Datorren larunbatean 3. eta 4. postuaren bila irtengo dira Goikoetxea V-Zubiri, Urrutia II-Larrañagaren kontra eta txapelaren bila ariko dira Loitegi-Barrenetxea IV, Ansa II-Martirenaren kontra. Hamar kamixeta eta bi zesta zozketatuko dira.

Segurola-Aizpuru III.a eta Goikoetxea V.a-Zubiri finalerako aukerarik gabe gelditu dira

Segurola-Aizpuru III.a eta Goikoetxea V.a-Zubiri finalerako aukerarik gabe gelditu dira

Loitegik eta Barrenetxea IV.ak 40-33 irabazi zieten Segurolari eta Aizpururi, eta Urrizak eta Labakak galdu egin zuten (30-40) beren lehen partida Goikoetxearen eta Zubiriren kontra, Azpeitiko Erremonte Txapelketaren bigarren jardunaldian

Sailkapen ligaxkaren lehen bi jardunaldiak osatuta, seitik lau dira finalera sailkatzeko aukerei eusten dieten bikoteak Azpeitiko Erremonte Txapelketan. Segurolak eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a azpeitiarrak (Inpernue) jokatu dituzte zegozkien bi partidak, eta biak galduta, agur esan diote txapelketari. Goikoetxea V.ak eta Zubirik (Gure Ametsa), berriz, lehen jardunaldikoa galdu eta bigarrenekoa irabazi dute, baina joan den ostiraleko garaipenak ez die balio izan lehian jarraitzeko.

Joan den zapatu gauean jokatu zituzten Izarraitz pilotalekuan ligaxkaren bigarren eta azkenaurreko jardunaldiaren bi neurketak. Aipatutako bi bikoteekin batera, txapelketan estreinako partida jokatu zuten beste bik, emaitza ezberdinarekin. Izan ere, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak (Ilunpe) 40-33 irabazi zieten Segurolari eta Aizpuru III.ari; datorren zapatuan, ligaxkaren azken jardunaldian, Urrutia II.aren eta Larrañagaren (Ardozaleak) kontra neurtuko dituzte indarrak Loitegik eta Barrenetxeak, eta partida hori irabazten duen bikotea sailkatuko da finala jokatzeko. Aldiz, Urrizak eta Jagoba Labaka azpeitiarrak (Oilo Soro) galdu egin zuten txapelketako beren lehen partida, 30 eta 40, Goikoetxea V.aren eta Zubiriren kontra. Hala ere, finalera iristeko aukerak mantentzen dituzte: datorren zapatuan Ansa II.ari eta Martirenari (Zokoa) irabazteaz gain, azken bikote horrek 32 tanto baino gutxiago egitea behar dute Urrizak eta Labakak txapelaren bila borrokatu ahal izateko.

Urrutia IIak eta Larrañagak nahiz Ansa II.ak eta Martiarenak erraztasunez irabazi dute

Urrutia IIak eta Larrañagak nahiz Ansa II.ak eta Martiarenak erraztasunez irabazi dute

Ardozaleak eta Zokoa soziedadeak ordezkatzen dituzten erremontistek lortu zituzten garaipenak zapatuan Izarraitz pilotalekuan jokatutako neurketetan. Larunbat honetan izango da Azpeitiko Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldia.

Azpeitiko Erremonte Txapelketaren lehen jardunaldia izan zen zapatuan. Lehen neurketan Segurolak eta Aizpuru III.ak (Inpernue)  Urrutia II.a eta Larrañaga (Ardozaleak) izan zituzten aurrez aurre. Aizpuru III.ak, baina, min hartu zuen, eta ondorioz, 11 eta 40 bukatu zen partida. Izan ere, partida utzi behar izan zuen azpeitiarrak. 14 eta 11 zegoen markagailua, baina jokatzen jarraitzerik ez zuenez, 40 eta 11 amaitu zen norgehiagoka.

Bigarren partidan, berriz, Ansa II.ak eta Martiarenak (Zokoa) Goikoetxea V.aren eta Zubiriren (Gure Ametsa) kontra neurtu zituzten indarrak. Ansa II.ak partida oso ona egin zuen; 23 tanto egin zituen. Goikoetxea V.ak eta Zubirik ezin izan zuten ezer egin, eta hala bukatu zen partida, 40 eta 17.

Izarraitz pilotalekuan giro bikaina izan zen zapatu gauean, eta larunbat honetan izango da bigarren zita. Zehazki, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak Segurolaren eta Aizpuru III.aren kontra jokatuko dute lehen norgehiagoka. Bigarrenean, berriz, Urriza eta Labaka Goikoetxea V.aren eta Zubiriren kontra ariko dira.

Hamabi pilotari eta sei soziedade, Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketaren txapelaren bila

Hamabi pilotari eta sei soziedade, Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketaren txapelaren bila

Atzo aurkeztu zuten Izarraitz pilotalekuan bihar toki berean hasiko den txapelketa. Bi multzotan banatuta jokatuko dute ligaxka sei bikote parte hartzaileek, eta hilaren 30ean izango da finala. Aurten larunbata gauetan izango dira jaialdi guztiak, 22:00etan hasita.

COVID-19aren pandemiak eragindako urtebeteko etenaren ostean, berriz ere bueltan da Azpeitiko Erremonte Txapelketa. XXI. edizioa izango da aurtengoa, eta berezitasun bat izango du: pilotari bikote bakoitzak herriko soziedade bat ordezkatuko du lehian, Sagardoaren Txapelketan sagardotegiekin egiten dutenaren antzera. Hain zuzen ere, sei bikote ariko dira nor baino nor aurtengo txapelketan, eta horietako bakoitzak herriko elkarte baten izena izango du.

Asteburuan hasiko da txapelketa Izarraitz pilotalekuan eta atzo aurkeztu dute, frontoian bertan. “Oso pozik” agertu zen aurkezpenean Xabier Gonzalez Oriamendi 2010 enpresaren gerentea, erremonteak berriro izango duelako tokia Azpeitian. Aurtengoarekin hamar edizio beteko ditu Oriamendik txapelketa antolatzen, eta “zenbait berezitasun eman” nahi izan dizkiotela nabarmendu zuen. Horretako “Azpeitiko hainbat eragileren laguntza” izan dutela gaineratu zuen: udala, babesle komertzialak eta aipatutako soziedadeak. Guztien babesa eskertu zuen antolatzaileak.

Sei bikote, bi multzo

Sei bikotek jokatuko dute ligaxka, bi multzotan banatuta: Urrizak eta Labakak (Oilo Soro), Ansa II.ak eta Martirenak (Zokoa) eta Goikoetxea V.ak eta Zubirik (Gure Ametsa) osatuko dute A taldea; eta, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak (Ilunpe), Urrutia II.ak eta Larrañagak (Ardozaleak) eta Segurolak eta Aizpuru III.ak (Inpernue), berriz, B taldea. Bi multzoetako lehen sailkatuek jokatuko dute txapelketaren finala. Final horretara sailkatzeko puntuaketari dagokionez, bikote irabazleek lau puntu batuko dituzte; galdu arren 39 eta 36 tanto artean geratuz gero, 2 puntu batuko dituzte bikoteek; 35 eta 32 tanto artean geratuz gero, puntu bat; 31 eta 26 tanto artean eginda gelditzen diren bikoteek ez dute punturik batuko; eta 25 tanto edo gutxiago egiten dituztenek, berriz, puntu negatiboa (-1) jasoko dute.

Hitzorduak, larunbata gauez

Jaialdien eguna eta ordutegia dira XXI. edizioaren beste berrikuntzetako bat. Aurtengo partida guztiak larunbatetan izango dira Izarraitz pilotalekuan, 22:00etan hasita.

Guztira lau jardunaldik osatuko dute Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketa, ligaxkari dagozkion hirurak eta finalarena. Bihar, hilak 9, hasiko da txapelketa. Ligaxkako lehen jardunaldi horretan, Segurolak eta Aizpuru III.ak Urrutia II.aren eta Larrañagaren kontra jokatuko dute lehen partida; eta Ansak eta Martirenak Goikoetxea V.arekin eta Zubirirekin neurtuko dituzte indarrak gaueko bigarren neurketan. Urriaren 16an eta 23an osatuko dute ligaxka, eta hilaren 30ean jokatuko dute finala.

Erremonte txapelketaren partidak ikusi nahi dituztenek 5 euro ordaindu beharko dute. Pilotalekuko txarteldegian jarriko dituzte salgai sarrerak jardunaldi bakoitzean.

2019an jokatu zen Azpeitiko Erremonte Txapelketaren orain arteko azken edizioa, eta Barrenetxea IV.ak eta Aldabek irabazi zuten.

Uztarria erremontearekin

Oriamendi enpresak eta Uztarria Komunikazio Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu zuten joan zen astean, eta beraz, Uztarria izango da txapelketaren babesle nagusietako bat. Hori dela eta, lehiaren nondik norakoen berri emango du komunikazio taldeak datozen asteetan.