Loitegik eta Barrenetxea IV.ak 40-33 irabazi zieten Segurolari eta Aizpururi, eta Urrizak eta Labakak galdu egin zuten (30-40) beren lehen partida Goikoetxearen eta Zubiriren kontra, Azpeitiko Erremonte Txapelketaren bigarren jardunaldian

Sailkapen ligaxkaren lehen bi jardunaldiak osatuta, seitik lau dira finalera sailkatzeko aukerei eusten dieten bikoteak Azpeitiko Erremonte Txapelketan. Segurolak eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a azpeitiarrak (Inpernue) jokatu dituzte zegozkien bi partidak, eta biak galduta, agur esan diote txapelketari. Goikoetxea V.ak eta Zubirik (Gure Ametsa), berriz, lehen jardunaldikoa galdu eta bigarrenekoa irabazi dute, baina joan den ostiraleko garaipenak ez die balio izan lehian jarraitzeko.

Joan den zapatu gauean jokatu zituzten Izarraitz pilotalekuan ligaxkaren bigarren eta azkenaurreko jardunaldiaren bi neurketak. Aipatutako bi bikoteekin batera, txapelketan estreinako partida jokatu zuten beste bik, emaitza ezberdinarekin. Izan ere, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak (Ilunpe) 40-33 irabazi zieten Segurolari eta Aizpuru III.ari; datorren zapatuan, ligaxkaren azken jardunaldian, Urrutia II.aren eta Larrañagaren (Ardozaleak) kontra neurtuko dituzte indarrak Loitegik eta Barrenetxeak, eta partida hori irabazten duen bikotea sailkatuko da finala jokatzeko. Aldiz, Urrizak eta Jagoba Labaka azpeitiarrak (Oilo Soro) galdu egin zuten txapelketako beren lehen partida, 30 eta 40, Goikoetxea V.aren eta Zubiriren kontra. Hala ere, finalera iristeko aukerak mantentzen dituzte: datorren zapatuan Ansa II.ari eta Martirenari (Zokoa) irabazteaz gain, azken bikote horrek 32 tanto baino gutxiago egitea behar dute Urrizak eta Labakak txapelaren bila borrokatu ahal izateko.