Hiru bikote sailkatu dira Sagardoaren Txapelketaren finalerdietara azken jardunaldiaren faltan

Hiru bikote sailkatu dira Sagardoaren Txapelketaren finalerdietara azken jardunaldiaren faltan


Astelehenean jokatu zen azken aurreko jardunaldiak gauza asko argitu zituen Sagardoaren Txapelketan. Erremontari saioan jokatutako bi partiduak ez zuten emoziorik izan, baina sailkapena asko argitu zuten.

Urriza eta Zubiri (Larre Gain) bikoteak 30-16 irabazi zion Ansa II-Juanenea (Setien) bikoteari. Irabazleak sailkatu dira finalerdietara eta lehenengo postuan daude partidu baten faltan. Galtzaileak ordea puntu negatiboa izan zuten eta horrek arriskuan utzi ditu, laugarren postuan, bederatzi punturekin. 

Bigarren partiduan ere ez zen emoziorik izan. Goikoetxea eta Barrenetxeak (Oialume Zar) 30-14 menderatu zituzten Ezkurra II eta Zaldua I (Gurutzeta). Ligaxka amaitu dute garaileek 15 punturekin eta sailkatuta daude finalerdietara, oraingoz bigarren postuan. Ezkurra eta Zalduak berriz puntu negatiboa izan zuten eta zaila dute finalerdietara sailkatzea. Bost puntu dituzte eta azken jardunaldian irabazi beharra dute eta Ansak eta Juaneneak ezin dituzte 17 tanto edo gehiago egin sailkatu nahi badute. 

Bi emaitza horiek Segurola eta Azpiroz ere sailkatu dituzte finalerdietara. Beraz hiru bikote sailkatu dira finalerdietara: Urriza-Zubiri, Goikoetxea-Barrenetxea eta Segurola-Azpiroz. 

Atzoko bi partiduak gorriek erraz irabazi zituzten eta ez zen berdintasunik izan. Jaun eta jabe izan ziren garaileak. Bai atzean eta bai aurrean hobe aritu ziren gorriak eta Barrenetxea eta Urrizak erakutsi zuten gaur egungo bi izar nagusiak direla.


Erremontarik datu benetan onak

Bestetik Erremontari saioak datu benetan onak ari da lortzen ETB1n. Datuen arabera katearen astelehenetako bataz besteko audientzia %84an gainditzen du. 49.000 ikusle akumulatu ditu eta 20.000ko bataz besteko ikusle kopurua.

Segurolak eta Azpirozek aurrerapauso handia eman dute Sagardoaren Txapelketan

Segurolak eta Azpirozek aurrerapauso handia eman dute Sagardoaren Txapelketan

Segurola eta Azpiroz (Petritegi) 30-21 gailendu zitzaizkien Aldabe eta Larrañagari (Bereziartua) Sagardoaren Txapelketan, sailkapenean aurrerapauso handia emanez. Bigarren postuan kokatu dira, hamabi punturekin berdinduta, Urriza eta Zubiri liderrekin, nahiz eta azken hauek partida bat gehiago jokatu. Bestalde, Aldabek eta Larrañagak (Bereziartua) ez dute garaipenik lortu, ezta puntu bat ere.
Segurolak eta Azpirozek ez zuten ia akatsik egin, bi bakarrik, eta euren segurtasunean garaipena lortu zuten. Aldabe eta Larrañaga aurreko jardunaldietan baino hobeto hasi ziren, 4-9 irabaziz, baina gorriek egindako hamabi tantok, 16-9, frankizian jarri zituzten lau puntu lortzeko.
16-9kotik 20-11 eta 20-15era pasa ziren eta hortik 25-18ra eta 30-21era joan ziren. Segurolak 16 tanto egin zituen. Aldabe 12 tantotan geratu zen eta akats bat egin zen. Atzean bi atzelariak sakearekin paretsu ibili ziren, Azpirozek zazpi tanto egin zituen eta Larrañagak, sei, baina piloteoan Azpirozek hamar tanto egin zituen guztira, Larrañagak zazpi.

Loitegi eta Barrenetxea nagusi Ansa II-Martirenaren aurka

Estelarrean garaipena lortu zuten Loitegi eta Barrenetxeak 40-36 Ansa II eta Martirenaren aurka. Partida zazpina, hamahirura eta 17ra berdinduta hasi zen, baina gorriek abantaila garrantzitsuak hartu zituzten 23-18, 30-24 eta batez ere 36-27, 38-30 eta 39-31. Hor urdinek azken emaitza makillatzea lortu zuten 39-36 eta 40-36koarekin.
Barrenetxea nagusi izan zen atzean eta Loitegik ondo eutsi zion Ansari. Ia zenbaki berdinekin bukatu zuten, 16-5 Loitegik 18-6 Ansak. Ez zen aurreikusten zen aldea egon, eta atzean, aldiz, diferentzia hori egon bazen. Saketik bost tanto egin zituen Barrenetxeak, zortzi piloteoan, saketik lau falta egin bazituen ere. Ondo jokatu zuen Martirena menderatu zuen, baina bere aurrelariaren laguntza behar zuen.

Lehenengo partidan Etxarrik eta Odeik 35 eta 28 irabazi zuten Urrutia II-Apezetxearen aurka. 28rekin berdinduta zeuden, baina 7-0eko azken partzial batek erabaki zuen partida. Odeik sei tanto egin zituen saketik zazpi tanto horietatik eta partida erabaki zuen.

Ansa II-Juanenea eta Urriza-Zubiri, finalerdietarako bidean

Ansa II-Juanenea eta Urriza-Zubiri, finalerdietarako bidean


Sagardoaren Txapelketaren bosgarren jardunaldian Ansa II-Juanenea (Setien) eta Urriza Zubiri (Larre Gain) bikoteek garaipen garrantzitsuak lortu zituzten Aldabe-Larrañaga (Bereziartua) eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) bikoteen aurka. Emaitza hauekin pauso garrantzitsua eman dute finalerdietara sailkatzeko Urriza-Zubirik, Ansa II-Juaneneak eta nahiz eta galdu baita Goikoetxea eta Barrenetxeak. Orain bai, finalerdietara sailkatzeko aukerarik gabe geratu direnak Aldabe eta Larrañaga dira. 

Erremontari saioaren barruan partidu lehiatuak ikusi ziren, batez ere bigarrengoa. Iruñekoak eta goizuetarrak, 20-29 aurreratuta, garaiz geldiarazi zuten Goikoetxea eta Barrenetxearen erreakzioa, 28-30 nagusitzeko. Hori bai, punturik ez lortzetik, bi eskuratu zituzten galtzaileek, garrantzitsuak izan daitezkeen puntuak. 

Partida berdindua hasi zen urdinen abantaila txikiekin. Gorriak 10-9 aurreratu ziren eta parekotasuna 16-17ra arte mantendu zen. Partidako bigarren zatia desberdina izan zen. Urdinak nagusitzen hasi ziren eta Urrizaren kolpeari esker 4 eta 12ko partziala eginez 20-29 aurreratu ziren. Zirudien partidua erabakita zegoela eta gorriak punturik gabe geratuko zirela, baina Oialume Zarreko bikoteak ez zuen etsi eta desabantaila murrizten joan ziren 28-29ra hurbildu arte. Azken tantoa partidako gogorrena eta lehiatuena izan zen. Barrenetxeak ongi atera zuen, baina Zubirik errestoa ahal bezala eraman zuen. Aukera gehiago izan zituzten partida berdintzeko, baina Urrizak defentsa ikaragarriak egin zituen eta berak aukera izan zuenean ez zuen hutsik egin eta bigarren aukeran tantoa amaitzea lortu zuen ezker hormara pilota arrimatuz. Goikoetxea eta Barrenetxea lurrean geratu ziren zaleen txalo zaparradapean.

Jaialdiko lehenengo partiduan Aldabek eta Larrañagak asko zuten jokoan. Ongi hasi ziren, baina Ansa eta Juanenea abantailak handitzen hasi ziren 8-5, 12-6 eta 23-12. Partidaren bigarren zatian ez ziren abantailak ez handitu eta ez murriztu eta bere horretan mantendu ziren. 


Segurola eta Barrenetxea IV.ak Ansa II.a eta Azpiroz gainditu dituzte beste partida ikusgarri batean

Segurola eta Barrenetxea IV.ak Ansa II.a eta Azpiroz gainditu dituzte beste partida ikusgarri batean

Hirugarren larunbata jarraian Galarretara hurbildu ziren zaleek maila handiko estelarraz gozatu ahal izan zuten. Segurola eta Barrenetxea IV.ak 40-37 irabazi zieten Ansa II eta Azpirozi. Partida ikusgarria izan zen.


Segurola eta Barrenetxea oso indartsu hasi ziren. Barrenetxea ezin sendoago eta ezin hobeto ari zen eta urdinek ez zuten bikote gorriari aurre egiteko modurik ikusten. Tarte horretan, Barrenetxeak 15 tanto zeramatzan, eta nahi bezala ari zen. Hala ere, urdinen erreakzioak, ezustean, gorrien joko zirraragarria gelditzea lortu zuen. Ansa berotzen hasi zen eta tantoak bata bestearen atzetik bukatzen zituen. Errenta txikitzen hasi zen, 23-8 25-16, 27-24, 30-29 eta 32nako eta 34nako berdinketak ere egon ziren.


Bazirudien harrapatu eta gainditu egingo zituztela gorriak, baina ez. Segurolak eta Barrenetxeak indarrak atera zituzten eta hiru tantoko errenta hartu zuten, 37-34, 39-35era joan eta 40-37ko partida ixteko.


Barrenetxea eta Ansa nabarmendu ziren bikote bakoitzean. Urnietako aurrelariak 20 tanto egin zituen, hernaniarrak berriz 21 tanto lortu zituen, 10 saketik eta 11 piloteoan. Segurolak 12 tanto egin zituen eta Azpirozek ere partida bikaina jokatu zuen.

Urriza eta Zubirik pauso handia eman dute sailkatzerako bidean

Urriza eta Zubirik pauso handia eman dute sailkatzerako bidean

Urrizak eta Zubirik (Larre Gain) osatutako bikoteak berriro irabazi zuen astelehenean, Sagardoaren Txapelketan,, Aldabe eta Larrañaga 30-17 menderatuta. Bereziartua ordezkatzen duen bikoteak ez du garaipenik lortu, eta hiru neurketa jarraian galdu ondoren ez dute punturik batu. Hala ere, oraindik sailkatzeko aukerak dituzte. Bi partidu geratzen zaizkie eta biak irabaziz gero, hirugarren ere sailkatu daitezke. Bestalde, bikote irabazlea sailkapeneko bigarren postuan kokatu da, jokaturiko bi partiduak irabazi eta gero.

Jaialdiko bigarren partida lehiatuagoa izan zen, baina azkenean Segurolak eta Azpirozek (Petritegi) garaipena lortu zuten Ezkurra II.aren eta Zaldua I.aren (Gurutzeta) aurka (29-30). Emaitza honekin, Segurola eta Azpiroz hirugarren posturaino igo dira, eta Ezkurra II.ak eta Zaldua I.ak bosgarren postuan jarraitzen dute, partidu baten faltan. Oraindik ere ez dago argi azkenaurreko postu hori norentzako izango den.


Urriza eta Zubiri nagusi izan ziren aurreneko partiduan. Hasieran lehia izan zen, baina pixkana-pixkana abantailak lortzen hasi ziren eta 10-6 eta gero ihes egin zuten 24-13. Partidua erabakita zegoen eta azkenean nahiz eta puntu negatiboa ez izan, 17an geratu ziren urdinak . 


Partidu ikusgarriagoa izan zen bigarrena. Urdinak ongi hasi zuten partidua eta abantaila politak lortu zituzten, 6-11, 8-15, 8-18, 18-27. Ezkurra II.a ez zen ongi aritu hasieran eta ez zuen bere lekua bilatzen kantxan. Urdinak aldiz oso eroso ari ziren jokatzen. Hamar tantoko abantailak erabakigarria zirudien, baina gorriek ez zuten  amore eman. 


Segurola eta Azpirozek zailtasunak izan zituzten partidua ixteko eta 20-28tik, 24-29ra pasa ziren. Bost tantora zeuden gorriak, baina bakarra falta zuten urdinek. Urduritasuna nabaritu zitzaien eta Ezkurra eta Zalduak 29na berdintzea lortu zuten. AZken tanto ikusgarria jokatu zuten lau erremontistek. Ezkurrak eskura izan zuen garaipena bi paret batekin, baina Azpirozek ongi eraman zuen eta Segurolak aukera izan zuenean ez zuen hutsik egin. Nahiz eta larri izan, lortu zuten garaipena.