Astelehenean jokatu zen azken aurreko jardunaldiak gauza asko argitu zituen Sagardoaren Txapelketan. Erremontari saioan jokatutako bi partiduak ez zuten emoziorik izan, baina sailkapena asko argitu zuten.
Urriza eta Zubiri (Larre Gain) bikoteak 30-16 irabazi zion Ansa II-Juanenea (Setien) bikoteari. Irabazleak sailkatu dira finalerdietara eta lehenengo postuan daude partidu baten faltan. Galtzaileak ordea puntu negatiboa izan zuten eta horrek arriskuan utzi ditu, laugarren postuan, bederatzi punturekin.
Bigarren partiduan ere ez zen emoziorik izan. Goikoetxea eta Barrenetxeak (Oialume Zar) 30-14 menderatu zituzten Ezkurra II eta Zaldua I (Gurutzeta). Ligaxka amaitu dute garaileek 15 punturekin eta sailkatuta daude finalerdietara, oraingoz bigarren postuan. Ezkurra eta Zalduak berriz puntu negatiboa izan zuten eta zaila dute finalerdietara sailkatzea. Bost puntu dituzte eta azken jardunaldian irabazi beharra dute eta Ansak eta Juaneneak ezin dituzte 17 tanto edo gehiago egin sailkatu nahi badute.
Bi emaitza horiek Segurola eta Azpiroz ere sailkatu dituzte finalerdietara. Beraz hiru bikote sailkatu dira finalerdietara: Urriza-Zubiri, Goikoetxea-Barrenetxea eta Segurola-Azpiroz.
Atzoko bi partiduak gorriek erraz irabazi zituzten eta ez zen berdintasunik izan. Jaun eta jabe izan ziren garaileak. Bai atzean eta bai aurrean hobe aritu ziren gorriak eta Barrenetxea eta Urrizak erakutsi zuten gaur egungo bi izar nagusiak direla.
Erremontarik datu benetan onak
Bestetik Erremontari saioak datu benetan onak ari da lortzen ETB1n. Datuen arabera katearen astelehenetako bataz besteko audientzia %84an gainditzen du. 49.000 ikusle akumulatu ditu eta 20.000ko bataz besteko ikusle kopurua.