Zortzi erremontarik jokatuko dute antolatuko den azken Masters Txapelketa
Kutxabank Masters Txapelketa 2026 gaur aurkeztu da Galarretan berrikuntza askorekin.
Zortzi erremontarik jokatuko dute txapelketa, ohiko lau partaideak bikoiztuz eta ondorengoak izango dira: Juanenea, Barrenetxea IV, Ansa II, Azpiroz, Ezkurra II, Aldabe, Jabalera eta Larrañaga. 2025eko Buruz Buruko erremonte txapelketan zortzi lehenengo postuetan sailkatutako pilotariak dira.
Zazpi jaialdi antolatu dira, finalaren aurretik, eta lehenengo lau jardunaldiak kanporaketak izango dira. Kanporaketekin indar gehiago izango du txapelketak. Gainera, lehenengo bi kanporaketak aurkezpenaren ondoren jokatu dira. Ezkurra II.ak, Larrañaga izan du aurkari eta Jabalerak, Aldabe.
Bigarren jardunaldia larunbatean, urtarrilaren 17an jokatuko da, gaurko garaileen artean. Urtarrilaren 24an jokatuko da hirugarrena  Azpiroz eta behetik datorren erremontariaren artean eta kanporaketak urtarrilaren 31n amaituko dira Ansa eta urtarrilaren 24ko garailearen arteko partiduarekin. Kanporaketen jardunaldi guztiak arratsaldeko 16:30ean hasiko dira.
Kanporaketen ondoren bizirik jarraitzen duen pelotaria ligaxkan sartuko da eta bertan Juanenea eta Barrenetxea IV.a izango ditu lehiakide.
Ligaxka otsailaren 7an hasiko da, 16:30ean iragarri den jaialdian. Bigarren partidua otsailaren 14an jokatuko da, 16:30etatik aurrera eta ligaxka otsailaren 21ean amaituko da, 15:15ean hasiko den jaialdiarekin.
Ligaxkan bi lehenengo postuetan geratzen diren erremontariak jokatuko dute Masters txapelketaren finala. Ohiko puntuaketa sistema erabiliko da: 30 tanto (4 puntu), 29-27 tanto (2 puntu), 23-17 tanto (puntu bakarra) eta 16 edo gutxiago (puntu negatiboa).
Bi erremontarien artean berdinketa badago, bi pilotarien arteko partida irabazi duenak lortuko du sailkatzea. Hiru erremontarien arteko berdinketa tanteo globalak  erabakiko ditu bi finalistak.Finala otsailaren 28an larunbatean jokatuko da, 16:30ean hasiko den jaialdian.
Partida guztiak 30 tantora jokatuko dira, baita finala ere.
Ansak azken hiru urteetako txapelak defendatuko ditu.

Aurkezpen ekitaldian izan ziren Oriamendi2010 enpresako arduradunak, erremontariak eta Kutxabank-en ordezkari bezala Marta Madinabetitia. Honakoak izan ziren bere hitzak aurkezpenean.
Protagonista guztiek azpimarratu zuten tamalez azken Maters Txapelketa izango dela. Kutxabank-eko Marta Madinabeitia ordezkariak esker  hitzak izan zituen azken urteetan egin den lanarengatik.

“Arratsalde on danoi, eskerrik asko Kutxabank Masters txapelketa honen aurkezpenera etorri zareten guztioi. 16. edizioa hasiko dugu larunbat honetan, urtarrilaren 17an, eta hilabete t´erdin, otsailaren 28ko finala arte, gaur egun sasoi onean dauden zortzi erremontari ikusteko aukera
izango dugu Galarreta-Jai Alai pilotaleku historiko honetan, erreminta honen etxe kuttuna den frontoian.
Kutxabankentzat garrantzitsua da erremontearekin dugun berezko harremanari eustea. Bertako gure kirola den erremontea babesten eta sustatzen jarraitu nahi dugu. Erremonteak behin eta berriz erakutsi du egokitzeko eta aurrera jarraitzeko gaitasuna. Orain, inoiz baino gehiago,
erremonteak guztion konpromisoa behar du: enpresena, erakundeena, komunikabideena eta zaleena. Izan ere, erremontearen etorkizuna guztion artean eraiki behar dugu.
Erakundeek irtenbide egokia aurkituko dutela ziur gaude, euskal pilotaren altxor hau etorkizunean ere sendo iraun dezan. Erremontea bizirik nahi dugu, eta bizirik mantentzea guztion ardura da. Kutxabank Masters 2026 ez da txapelketa soil bat; erresistentziaren, harrotasunaren eta
etorkizunarekiko konfiantzaren adierazpena da. Oriamendi enpresa zoriondu nahi dugu, eta bihotzez eskerrak eman nahi dizkiogu urte guzti hauetan egindako lan eta dedikazioagatik. Tradizioa eta egungo teknika modernoenak uztartzen jakin du, aro berrietara egokituta, zaletu berriak erremontea hurbiletik ezagutzera animatu eta adin guztietako publikoak Galarretan disfrutatzea lortuta.

Eta, noski, eskerrik asko baita ere Kutxabank Masters-ean parte hartuko duzuen erremontista guztiei, zuek baizarete honen guztiaren oinarria, erremontearen bihotza eta birika. Mila esker Ansa II.a, Barrenetxea IV.a, Azpiroz, Juanenea, Jabalera, Ezkurra II.a, Aldabe eta Larrañaga. Zorte on danoi!
Ez naiz askoz ere gehiago luzatuko. 2026ko Kutxabank Masters txapelketari berriz ere arrakasta haundia izatea opa diogu, eta 16. edizio honen ondoren ere beste makina bat urte bete ditzagula, frontoia jendez beteta; zaleen, komunikabide eta erakundeen babesarekin. Kutxabanken, gure aldetik, txapelketako partidu guztietarako sarreren zozketa egingo dugu Newsletter bitartez, finaleko sarrerak barne noski; gure bezeroek
txapelketa hau bertatik bertara ikusteko aukera ematen jarraitu nahi dugu.
Mila esker antolatzaileei beste behin Kutxabankengan konfiantza jartzeagatik, zuei guztioi -komunikabideei- zuen arretagatik eta erremontea urte askoan gurekin izatea espero dugu bihotz-bihotzez”