Txapeldunek Gurrutxaga eta Aiestaran VI.a gainditu dituzte 1-2 (4-15, 15-12 eta 1-8), set erabakigarrian, Jabaleraren lan bikainari esker

Jabalera eta Goikoetxea VI dira Berria Erremonte Txapelketako txapeldunak, finalean Gurrutxaga eta Aiestaran VI.a gainditu eta gero. Jabalera izan da protagonista nagusia lehenengo eta hirugarren setean eta bere maila bikainari esker 1-2 lortu dute garaipena 4-15, 15-12 eta 1-8ko markagailuarekin.

Berria Erremonte Txapelketak talentu berrien erakuslehio izateko balio du askotan eta aurtengo edizioa Jabaleraren despegeagatik ezagutuko da. Kolpe eta joko bereziak ditu, onenekin lehiatzeko gai dela erakutsi du txapelketa guztian zehar eta finalean ere bai. Goikoetxearentzat profesionaletan debuta izan da eta ez dago ibilbide bat hobeto hasterik.

Partida urdinen nagusitasunarekin hasi da eta batez ere Goikoetxearen sake zitalarekin. Lehenengo lau tantoetatik hiru sakez lortu ditu atzelari urdinak eta 0-6 aurreratu dira. Gurrutxagak eta Goikoetxeak jokoan sartzeko aukera gutxi izan dituzte eta konturatzerako set-a galduta zuten. 2-11ko markagailuarekin, Jabaleraren erritmora joan da aurreneko jokoa. 4-15 amaitu da 20 minututan eta aurrelari urdinak zortzi tanto egin ditu. Gainera ez dute akatsik egin irabazleek eta gorriak partidan sartu ezinda ibili dira.

Bigarren jokoa zeharo aldatu da. Gurrutxaga Jabaleraren pare jarri da jokoan eta Aiestaran sakearekin min egiten hasi da. Horren ondorioz, nahiko parekatuta joan da markagailua, nahiz eta gorriak beti izan diren agintzen (3-1, 5-3, 11-6, 13-7, 14-12 eta 15-12). Aurrelariak izan dira protagonista eta Gurrutxagak bederatzi tantorekin amaitu du bigarren set-a eta Jabalerak beste zortzi tantorekin. Gorriei kosta zaie jokoa ixten, baina Gurrutxagaren pilotakada eder bati esker, ezker paretera itsatsita, amaitu da set-a, 15-12.

Azken joko erabakigarria Goikoetxearen akats batekin hasi da, baina ez dute tanto gehiago egin gorriek. Aiestaranek segidan bi pasa egin ditu eta urdinek sakea hartuta ez dute gehiago utzi. Jabalerak lau tanto jarraian egin ditu eta 1-2tik, 1-6kora pasa dira. Azkenaurreko tantoa Goikoetxeak lortu du saketik eta Gurrutxagaren akats batekin amaitu da finala.

Bai atzean eta bai aurrean hobeak izan dira zestoarra eta doneztebearra. Jabalerak 20 tantorekin eta hiru akatsekin amaitu du finala. Goikoetxea VI.ak bederatzi tanto, horietatik lau sakez, lortu ditu eta bi akats bakarrik egin ditu. Galtzaileetan Gurrutxagak hamaika tanto eta hiru akats egin ditu, eta Aiestaran atzelariak bost tantorekin eta hiru akatsekin amaitu du finala.

Ordu beteko iraupena izan du jendez gainezka zegoen Galarreta batean. Zale gazte asko hurbildu da Hernaniko frontoira eta giro ederra bizi izan da. Partida amaitu eta berehala garaileek zaletuen animoak eskertu dituzte eta pozez gainezka agertu dira. Jabalerakk nabarmendu du partidan kontzentraturik sartzearen garrantzia. “Ezin sinistu nago” esan du Goikoetxeak. “Lehenengo set-ean sakearekin asmatu dut. Bigarren set-ean beraiek maila igo dute eta azken jokoan ez diegu aukerarik eman”. Jabaleraren kolpeak diferentziak egin ditu jokoan. “Bizitasun hori dut, goiko posturan gehiago kostatzen zait, baina min handi egin dut”. Motibazio handia da bientzat. “Oso gustora amaitu dugu partidarik galdu gabe”. Aimar Jabalerak estelarretan jokatzeko aukerak gero eta gertuago ikusten ditu. “Entrenatzen eta hobetzen jarraitu behar da”.

ekipazio ofiziala

salgai

Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!