12-15, 15-12 eta 8-5 nagusitu zaizkie Aldabe eta Barrenetxea IV .ari partida ikusgarri batean
Ansa II.ak eta Zubirik Aldabe eta Barrenetxea IV.a mendean hartu dituzte hiru jokotan (12-15, 15-12 eta 8-5), Erremontari Sagardoaren Txapelketako final handian. Aurrelari urnietarrak eta atzelari goizuetarrak finala irauli behar izan dute, Lekunberriko aurrelaria eta Hernaniko atzelaria oso sendo izan baitira. Txapeldunek lan handia egin behar izan dute eta lehen setean aurka jarri zaien finalari buelta eman diote.
Galarreta jendez gainezka zegoen batean final epikoa ikusi da, zaleek lau erremontista eman dituzte eta harmaila batek gogotsu erantzun dio kantxan ikusitakoari. Ansa izan da finalisten artean onena, baina Zubiri ere funtsezkoa izan da bere sakearekin set erabakigarrian. Bi pilotariek Bereziartua sagardotegiari eman diote txapela, Zubirirentzat bigarrena dena txapelketa honetan, 2022an Urrizarekin lortutakoaren ondoren, eta Ansa estreinatu da, palmares ezin hobea osatuz. Horixe zen falta zitzaion titulua, eta lortu du.
![]()
Aldabek eta Barrenetxeak hasiera bikainaeman diote partidari; izan ere, 0-3 aurretik jarri dira markagailuan. Barrenetxeak aurreneko bi tantoak sakez egin ditu, eta lehen kintze borrokatuan Oialume Zar sagardotegiko erremontistak nagusitu dira. Orduan Ansa agertu da, Bereziartuako ordezkarien lehenbiziko tantoa egiteko (1-3). Neurketak erritmo bizia izan du, fisikoki oso exigentea. Ansa airez sartzen saiatu da, eta aurkariak hura saihesten. Aldabe eta Barrenetxea aurretik joan dira lehen atsedenaldira (5-8).
Oialume Zarreko bikotea aldeari eusten saiatu da. Barrenetxeak sakez egin duen hirugarren tantoak 7-11koa suposatu du. Bereziartuako erremontistek markagailua estutu dute, baina Zubirik garai txarreko oparia egin du sake labur batekin (8-11). Ansa eta Zubiri berriro erreakzionatzen saiatu dira, baina Aldabek eta Barrenetxeak ez diete utzi, eta lehen jokoa poltsikoratu dute (12-15).
Bigarren jokoan, finalaren erritmoa ez da jaitsi, baina joera guztiz aldatu da. Ansa eta Zubiri oso indartsu hasi eta 6-2 aurretik jarri dira. Hala ere, Oialume Zarrekoek ez dute etsi, eta ederki erantzun dute. Barrenetxeak sakea berreskuratu eta min handia egin du berriro. Horrela, Oialume Zarreko ordezkariek seinako berdinketa lortu dute. Hala ere, Ansak beste martxa bat sartu dio norgehiagokari, eta Bereziartuako bikotea aurretik joan da bigarren atsedenaldira (8-6).
Kantxara bueltan, Aldabek eta Barrenetxeak jokoa berdindu dute berriro (8-8), baina Urnietako aurrelariak musika jartzen jarraitu du, eta Bereziartuako bikoteak abantaila lortu du (13-8). Jarraian, Aldabek tanto bat egin du, eta Barrenetxeak beste bat sakez (13-10). Ansak dejadaz, maisuki, 14-10ekoa egin du. Ondoren, Barrenetxeak sakez zabalean jarri du pilota modu apartan (14-12). Baina Ansa ez zegoen txantxetarako, eta errestoan jokoa erabaki du (15-12).
Final handiko hirugarren joko erabakigarria ere oso orekatua eta lehiatua izan da. Detaile txikiek erabaki dute. Berdinketak bina, hiruna eta bosna izan dira. Ansak egin du aldea berriro, baina Zubirik ere meritu ikaragarria izan du jokaldi askotan. Barrenetxeari kanpora joan zaion pilota batek eman dio amaiera final bikainari (8-5), eta Ansak eta Zubirik eraman dute txapela. Txapelketako jokalaririk onena, ostera, Barrenetxea izendatu dute.
![]()