Final handian Javi Urriza eta Iban Larrañaga menderatu dituzte, bi jokotan, 9-15 eta 7-15.
Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak “Erremontari” saioko 2025eko ekitaldia irabazi dute, Galarretan, Hernanin. Sagardoaren Txapelketako final handian, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Javi Urriza eta Iban Larrañaga txapeldunordeak menderatu dituzte, bi jokotan, 9-15 eta 7-15.

Galarretan giro bikaina zegoela, finaleko lehenengo jokoan hiru zati izan ziren. Lehenean, Oialume Zarreko Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak, Iñaki Lekuona kapitain zutela, sei tanto jarraian egin zituzten, eta 1-6 jarri ziren aurretik; Petritegiko Javi Urrizak eta Iban Larrañagak, Aritz Altadill kapitain zutelan, beste sei tanto egin zituzten, bata bestearen ondoan, eta 7-6koa ipini zuten markagailuan; eta, ia segituan, bederatzina zeudela, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, beste behin, sei tanto jarraian lortu zituzten, hamabosgarrenera iritsi arte. Hala, aurreneko jokoan hiru bolada izanda, lekunberriarrak eta hernaniarrak eskuratu zuten puntua.


Bigarren jokoan, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak jokoaren kontrola izan zuten, bai eta markagailuarena ere, eta argi nagusitu ziren. Aurrelari nafarra eta atzelari gipuzkoarra 1-6 aurreratu ziren, lehenengo jokoan bezala, eta ez zuten abantaila hori galdu, txapelak eskuratu arte. Urriza eta Larrañaga hiru tantora gerturatu ziren, 5-8koan eta 7-10ekoan, baina Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, orduan, bost tanto jarraian egin zituzten, eta titulua irabazi zuten. Gainera, Endika Barrenetxeak txapelketako Pilotari Onenarentzako saria erdietsi zuen.
Atzelari hernaniarrak bere lehenengo txapela lortu du sagardoaren Txapelketan. Txapela hau falta zitzaion eta Oialume Zarrekin irabaztea oso pozgarria izan da berarentzat. Gainera Urrizaren azken partidua izan zen, nahiz eta ez zen amaitu aurrelari iruindarrak nahi bezala.
Markagailuaren bilakaera

Lehen jokoa: 1-0/1-1/1-2/1-3/1-4/1-5/1-6/2-6/3-6/4-6/5-6/6-6/7-6/7-7/8-7/8-8/8-9/9-9/9-10/9-11/9-12/9-13/9-14/9-15.

Bigarren jokoa: 0-1/0-2/0-3/1-3/1-4/1-5/1-6/1-7/2-7/2-8/3-8/4-8/5-8/5-9/5-10/6-10/7-10/7-11/7-12/7-13/7-14/7-15.