Jaialdia Bigarren Mailako finalarekin hasi zen, non Aldabe eta Aiestaran VI.ak txapela jantzi zuten Jabalera eta Apezetxeari 15-11 eta 15-3 irabazita. Ligaxkan nagusi izan ziren burdinazko eskuarekin eta gauza bera egin zuten finalean. Askoz gehiago izan ziren hasieratik bukaerara. Lehenengo setean urdinek eutsi zioten, baina bigarren seta guztiz gorria izan zen. Aldabek txapelketako pilotaririk onena dela erakutsi zuen eta finalean berretsi zuen. Aiestaran txapelketa osoan bezala egon zen, ezin hobeto. Denetik eta ondo egin zuen.
Partida berdinduta hasi zen zortzinako berdinketarekin. 11-10aren ondoren 14-10 ihes egin zuten gorriek, 15-11 seta ixteko.


Bigarren setak ez zuen historia handirik izan. 2-1ekoan Apezetxeak pilotakada bikaina jo zuen, baina goiko txapa jo zuen, eta 1-1etik 13-1era pasa zen seta. 12-0eko partzialarekin erabakita geratu zen finala. 15-3 azkenak dena esaten du.
Aldabek 11 tanto egin zituen akats batekin. Aiestaranek hiru tanto egin zituen piloteoan eta bi huts. Sakearekin zazpi tanto egin zituen falta batekin. Urdinetan, Jabalerak sei tanto egin zituen lau hutsekin. Apezetxeak bost tanto egin zituen eta lau huts. Saketik tanto bakarra egin zuen eta falta bakarra.

Markagailua: 5-0, 5-1, 6-1, 6-6, 7-6, 7-7, 8-7, 8-8, 10-8, 10-9, 11-9, 11-10, 14-10, 14-11, 15-11,
1-0, 1-1, 13-1, 13-3, 15-3