Ansa II-Zubiri eta Segurola Larrañaga gainditu dituzte hurrenez hurren 
 
Sagardoaren Txapelketako hirugarren jardunaldia hasi zen ostegunean Galarretan eta Loitegi-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) eta Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea) bikoteek garaipen garrantzitsuak lortu zituzten. Txapelketako lehenengo partiduan Loitegi eta Barrenetxeak 1-2 (12-15, 15-14 eta 6-8) lortu zuten garaipena Segurola eta Larrañagaren (Petritegi) aurka. Garaipen honekin Loitegik eta Barrenetxeak arnasa hartu dute sailkapenean eta finalerdietara sailkatzeko aukera guztiak mantentzen dituzte. Orain lau puntu dituzte, hiru puntu lortuta. Segurolak eta Larrañagak puntua lortu zuten eta hirugarren postuan, sei puntu dituzte sailkapenean.
Txapelketako bigarren partiduan Ezkurrak eta Azpirozek 0-2 (10-15, 13-15) irabazi zieten Ansari eta Zubiriri (Bereziartua). Beraz, garaileak finalerdietara sailkatu direla esan liteke 11 punturekin, nahiz eta matematikoki horrela ez izan. Galtzaileak sei punturekin geratu dira, bigarren postuan.
Txapelketako bi partiduak maila altukoak izan ziren eta orain arte jokatutako jardunaldi ikusgarriena izan zen.
Barrenetxeak aurrera pauso bat eman zuen. Sakearekin agindu zuen eta lehenengo setean 12-15 irabazi zuten Loitegik eta atzelari hernaniarrak. Hamabina berdinduta zeudenean bi tanto jarraian sakez zabalera egin zituen Barrenetxeak. Bost tanto sakez eta hiru piloteoan egin zituen, Loitegik ongi lagunduta. Segurolak ez zuen asko erasotu eta Larrañagak ongi defendatu arren, urdinek eraman zuten lehenengo set hori.
Bigarren jokoa oraindik eta berdinduagoa izan zen. barrenetxeak agintzen jarraitu zuen zazpi tantorekin piloteoan eta bi sakearekin. Hamalaunakoan sakearekin zabalera atera zuen baina kanpora joan zitzaion. Segurolak maila igo zuen eta norgehiagoka berdindu egin zen.
Azken set erabakigarrian bost tanto egin zituen Segurolak eta lau Barrenetxeak garaipena Loitegi eta Barrenetxearentzat izan zelarik. Tanto ederrak ikusi ziren eta jendeak asko gozatu zuen.
Ansak eta Zubirik galdu arren partidu ona jokatu zuten. Abiadura handia izan zuen lehiak. Lehenengo setean Ezkurra izan zen onena bederatzi tantorekin eta Ansa hotz hasi zen partidan. Lau tanto egin zituen lehenengo set honetan. Hala ere tanto ederrenak aurrelari urnietarrak egin zituen. Azkenean urdinek irabazi zuten lehenengo jokoa 10-15.
Bigarren setean Ansa esnatu eta Ezkurraren gainetik ere jarri zen bederatzi tantorekin. Emozioz beterik egon zen, baina azkenean Ansaren bi akatsek urdinen alde eraman zuten partidua. Partida oso azkarra izan zen eta bi aurrelariek pilotakada bortitzak jo zituzten. Atzelariak ongi defendatun zuten. Ezkurra izan zen onena 16 tanturekin eta ia akatsik egin gabe. Bi set bakarrik jokatu arren partida bikaina jokatu zuten lau pilotariek.
Jaialdiko lehenengo partiduan Gurrutxaga eta Goikoetxea VI.a nagusitu ziren. Goikoetxeak sei partidu jokatu ditu profesionaletan eta denak irabazi ditu. Gurrutxaga ere gero eta hobeto ari da jokatzen. Lau pilotariak aritu ziren bikain.