Aldabe-Juanenea (2-0) eta Loitegi-Barrenetxea IV (2-1)  garaitu dituzte hurrenez hurren
 
Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldia osatu da eta Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea) eta Ansa II-Zubiri (Bereziartua) lehenengo bi postuetan kokatu dira sailkapenean osteguneko jardunaldian Aldabe-Juanenea (Gurutzeta) eta Loitegi-Barrenetxea IV (Oialume Zar) gainditu eta gero, hurrenez hurren. Bitik bi garaipen lortu dituzte eta zazpi eta sei punturekin aurrera pauso haundia eman dute finalerdietara sailkatzerako bidean.
Ezkurra II eta Azpirozek 2-0 gainditu zituzten Aldabe eta Juanenea 15-9ko bi partzialekin. ezkurra izan zen lau pelotarietatik onena. Batez ere aurrelarien arteko partidua izan zen eta tanto gehienak beraiek egin zituzten. Atzelariak ez ziren jokoan asko sartu. Ezkurrak lehenengo setean bederatzi tanto egin zituen eta bigarren setean zazpi tantorekin amaitu zuen. Akats oso gutxi egin zituen eta aginte makila berak eraman zuen uneoro. Aldabek aurre egin zion lau eta sei tantorekin set bakoitzean, baina ezin izan zuen gehiago egin. Atzerlarien arteko borrokan tanto gutxi egin zituzten eta Azpirozek batez ere bigarren setean egin zituen tantoak, sei, eta lehenengo setean hiru tanto lortu zituen. Juaneneak berriz ez zuen bere eguna izan. Lehenengo setean ez zuen tantorik egin eta bigarren setean bi tanto egin zituen, beste bi akatsekin. Ezkurraren agintearekin eta Juaneneak agindu gabe atzean, 15-9koak set bakoitzean erakutsi zuen bi bikoteen artean egondako aldea. Bikote gehiago osatu zuten gorriek. Azpirozek sakearekin lau tanto ere egin zituen eta Juaneneak bakarra ere ez.
Sagardoaren Txapelketako bigarren partiduan Ansa eta Zubirik 2-1 lortu zuten garaipena, 15-7, 14-15 eta 8-1eko partzialekin. Ansa izan zen beste erremontarien gainetik aritu zena. Kolpe eta defentsa gehiagorekin Loitegi gainditu zuen aurrean. Urnietako aurrelarien arteko lehia izan zen eta Loitegi konfidantzarik gabe aritu zen. Normalean egiten dituen baino akats gehiago egin zituen. Kantxan ez zitzaion eroso ikusi. Bost akats egin zituen. Ansak berriz laguntza ona izan zuen Zubirirekin atzean. Nagusi izan ziren.
Lehenengo setean 15-7 irabazi zuten gorriek. Barrenetxea indartsu hasi zen sakearekin. Lehenengo sei tantoetatik lau egin zituen sakez eta markagailua berdinduta zijoan seina. Ezker hormatik zabalera hasi zen sakatzen eta Ansa harritu zuen. Lau tantoetatik hiru zabalera sakatuz egin zituen hernaniarrak. Urnietarra pixkana kokatzen joan zen zabalera eta agintea hartu zuen errestotik. Partziala 9-1ekoa izan zen Ansa eta Azpirozen alde eta lehenengo partziala 15-7 irabazi zuten.
Bigarren seta antzera hasi zen, gorriak agintzen eta urdinak ezinean. Ansa zen jaun eta jabe eta 11-3 aurreratu ziren. Partiduak historia gutxi izango zuela zirudien, baina orduan etorri zen urdinen erreakzioa. Gogotsu eta borrokaren bidez Barrenetxeak zortzi tanto egin zituen, horietatik hiru sakez, eta buelta eman zioten markagailuari partidua bana berdinduz. Loitegik lau tanto egin zituen bigarren set honetan. 11-3tik 12-9ra pasa ziren, 13na eta 14na berdindu zuten eta azken tantoa urdinen alde erori zen. Bigarren seteko azken tantoak izan ziren jaialdiko hoberenak. Maila haundiko erremontea ikusi zen azken tantoetan.
Hirugarren eta set erabakigarrian Ansa eta Zubiri jaun eta jabe izan ziren. Lehenengo tantoa urdinen alde erori zen, baina 8 eta 0ko partzialarekin 8-1 itxi zuten partidua gorriek. Zubiriren lehenengo akatsak ez zuen eraginik izan set honetan. Ansak lau tanto egin zituen eta merezimendu osoz eskuratu zuten garaipena urnietarrak eta goizuetarrak.
 
Sailkapena
1. Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea) 7 puntu
2. Ansa II-Zubiri (Bereziartua) 6 puntu
3. Segurola-Larrañaga (Petritegi) 5 puntu
4. Urriza-Martirena (Aburuza) 5 puntu
5. Loitegi-Barrenetxea IV (Oialume Zar) puntu 1
6. Aldabe-Juanenea (Gurutzeta) 0 puntu
ekipazio ofiziala

salgai

Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!