Arluziaga eta Zubiri gainditu dituzte 2-1 (15-11, 14-15 eta 8-6) ligaxkako azken partidan, eta finalerdietan Jabalera eta Goikoetxea VI.a izango dituzte aurkari

Berria Erremonte Txapelketako finalaurrekoak osatu dira gaur Galarretan ligaxkakako azken partida jokatu eta gero. Zaldua II.ak eta Eskduerok 2-1 (15-11, 14-15 eta 8-6) gainditu dituzte Arluziaga eta Zubiri, eta finalerdietara sailkatu dira B taldean bigarren amaitu eta gero puntu bakarrarekin. Galtzaileek ere puntu bakarrarekin amaitu dute ligaxka, baina kanporatuak geratu dira euren arteko partida galdu ondoren. Beraz, datorren larunbateko finalerdian Zaldua II.ak eta Eskuderok, Jabalera eta Goikoetxea VI.a izango dituzte aurkari. Beste finalerdia jokatuko dute Gurrutxaga-Aiestaran VI.a bikoteak, Irazu-Zaldua I.a bikotearen kontra.

B taldeko eta ligaxka osoko azken partida berdindua izan da, baina bikote sendoagoa osatu dute Zalduak eta Eskuderok. Set erabakiorrean 5-4 galtzen jarri arren Zalduaren lan onak lau eta bateko aldeko partziala izatera eraman du bikote urdina (8-6). Merezitako garaipena izan da. Lehenengo bi setetan ere beraiek eraman dute ekimena eta bikote sendoagoa izan direla erakutsi dute. Zalduak gidaritza eraman arren, Eskuderok ez du akats askorik egin eta horrek eraman ditu garaipenera. Gorrietan Zubiri sendo aritu da eta partidako erremontaririk onena izan da, baina aurrean Arluziagak ez ditu tantoak amaitzeko aukerak baliatu.

Aurreneko setean ekimena, alde txikiekin, urdinek eraman dute. Bi eta hiru tantoko abantailak set osoan mantendu dituzte eta azkenean 11-15 lortu dute lehen partzial hori irabaztea. Bigarren seta hobeto hasi dute gorriek eta 7-5 jarri dira aurretik. Hala ere, urdinek ongi erreakzionatu dute eta 7-9 jarri dira aurretik. 12-14 ere joan dira eta tanto bakarrera izan dute finalerdia, baina Zubirik agintea hartu du eta hiru tanto jarraian eginez 15-14 berdindu dute partida. Azken setean berdintasuna handia izan da. 2-4 aurreratu dira urdinak Zalduari esker, baina gorriek 5-4 jarri dira Arluziagaren bi tantorekin eta Zubiriren batekin. Ondoren, urdinek hobe baliatu dituzte euren aukerak eta Zalduak tantoak amaitzea lortu du eta gorriek ez dute amaitzen asmatu.