Hernaniko Galarreta pilotalekuan aurkeztu zen 39. Buruz Buruko Erremonte Txapelketa-Kutxabank Sari Nagusia. Javier Urriza izango da faboritoa, baina ez zen ekitaldian izan, konfinatuta baitago.
Hori bai, Iruñeko txapelduna gainditzen saiatuko diren beste bost erremontistek ez zuten hutsik egin. 2019ko txapelduna izan zen Barrenetxea IV.a, Juanenea, Ansa II.a, Aizpuru III.a eta Zubiri ere bertaratu ziren.


Kutxabank Txapelketa larunbat honetan bertan hasiko da, uztailaren 31n, Zubiri atariko irabazlearen eta Ansa II.aren arteko norgehiagokarekin. Aurreligaxka bat izango da eta Ansa, Zubiri eta Aizpuru III.ak jokatuko dute. Hiru erremontistek lehen postuan geratzea izango dute helburu eta irabazlea finalerdietako ligaxkara pasako da. Bigarren eta hirugarren sailkatuak kanporatuta geratuko dira. Sailkapena puntuka neurtuko da berriro eta hiru partida jokatuko dira.


Txapelketako partida guztiak ostegun eta larunbatetan jokatuko dira 17:00etan hasiko diren jaialdietan. Beraz, lehen ligaxkako bigarren partida abuztuaren 5ean jokatuko da eta hirugarrena abuztuaren 7an.
Lehen sailkatua finalerdietako bigarren ligaxka batera igaroko da, eta bertan, txapelerako faborito nagusiak izango ditu zain: Urriza, Barrenetxea IV.a eta Juanenea. Laurek denen aurka jokatuko dute sei jardunaldi edo sei partidatan.
Lehen sailkatua irailaren 11ko finalera pasako da eta bigarren eta hirugarren sailkatuak irailaren 4an jokatuko den finalaurreko batean lehiatuko dira. Ligaxka ixten duena txapelketatik kanpo geratuko da. Sailkapena puntu bidez izango da berriro. Berdinketa gertatuz gero, tartean daudenen arteko lehia hartuko da kontuan, eta berdinketa hirukoitza izanez gero, tanteo globala baloratuko da.
Finalerdietako ligaxkako lehen partida, ohi bezala, aurreko edizioko txapeldunak irekiko du, Urrizak kasu honetan, eta aurreko ligaxkako txapeldunaren aurka neurtuko ditu indarrak. Hori abuztuaren 12an izango da eta Barrenetxea eta Juanenea abuztuaren 14an estreinatuko dira. Beste lau jardunaldiak abuztuaren 19an, 21ean, 26an eta 28an jokatuko dira.


Aurkezpenean, ekitaldiaren babesle nagusiak ere egon ziren. Estitxu Urbietak ordezkatu zuen Kutxabank, eta aurten Donostia Turismoaren laguntza paregabea izango du. Eider Calderón zuzendariak ordezkatu zuen Donostiako erakundea.
Xabi Gonzalez Oriamendi2010eko gerenteak Kutxabank Txapelketaren garrantzia azpimarratu zuen eta jasotako laguntza eskertu zuen Oihane Mateos kazetariak zuzendutako aurkezpen batean.