Javier Urrizak eta Endika Barrenetxeak Master Txapelketako finala jokatuko dute bihar, Galarretan, gaueko 23:00etatik aurrera. 22:00etan hasiko da jaialdia, baina finala eguneko bigarren partidua izango da. Urriza eta Barrenetxearen arteko finalak klasiko ari dira bihurtzen, nahiz eta aurtengo Banakako Txapelketan ez ziren finalean aurkitu.


Pasa den urtean Barrenetxeak irabazi zuen final hau lehenengo aldiz, Urrizari 30-29 irabazita. Ikusgarria izan zen partida eta maisu izaten jarraitu nahi du atzelari hernaniarrak. Hala ere, ez da erraza izango jokatu duen guztia irabazi baitu aurrelari nafarrak. Udaran jaun eta jabe izan zen buruz buruko txapelketa nagusian eta binakakoan ere nagusitu zen, ahaztu gabe 50. Urteurren txapelketan ere bera izan zela txapeldun, Zubirirekin batera, uztailean. Denboraldia borobilduko luke gaur irabaziz gero. Gainera 2011an hasi zen txapelketa hau bost aldiz irabazi du Urrizak (2013, 2014, 2017, 2018, 2019); bitan irabazi dute Ezkurrak (2011, 2012) eta Utergak (2015, 2016) eta behin jantzi du txapela Barrenetxeak (2020).
Bien arteko balantzea argia da Urrizaren alde. Zazpi aldiz irabazi du aurrelari iruindarrak eta atzelari hernaniarra bi aldiz gailendu zaio nafarrari.

Pilota biziagoak Barrenetxeak
Bi erremontistak ongi ezagutzen dira eta bata besteari nola min egin badakite. Urriza oso pilotari osoa da eta defentsan ezin hobeto moldatzen da, tantoa berari egitea oso zail bihurtzen delarik. Barrenetxeak sakean min handia egin dezake eta horregatik aukeratzen ditu Urrizaren aurka pilota biziagoak. Horrela izan zen asteartean. Urrizarenak zerbait motelagoak dira, piloteoan tantoa luzatzeak mesede egiten baitio aurrelaria izanda.  

«Urriza oso momentu onean aurkitzen da»
Barrenetxeak badaki aurrean erronka zaila duela. «Aurtengo denboraldia Urrizarena da. Jokoan egon diren txapela guztiak irabazi ditu eta sasoi betean dago. Ni presiorik gabe irtengo naiz eta presarik gabe. Gauzak zail jartzea espero dut».


Horretarako material egokia aurkitu zuen xestoan. «Pozik geratu naiz pilotekin». Zortzi minututan, 129, 127 eta 126 gramoko hiru pelota bereizi zituen. Bere pelotak aurrelariarenak baino biziagoak dira. Aurkariaren pilotekin ere gustora zegoen Barrenetxea IV.a.  «Espero nuena baino pilota normalagoak aukeratu ditu Urrizak. Normalean pelota lehorragoak aukeratzen ditu eta horrek konfiantza handiarekin dagoela adierazi nahi du».


Hernaniarrak ez du kexarik. «Bere pilotak gustatu zaizkit, lehorragoa den bat izan ezik. Agian seinale txarra da niretzat». Iaz Masterra irabazi zuen, baina Urriza iaz baino hobeto dagoela argi dauka.


Txapeldun iruindarrari irabazteko sakean egon daiteke gakoa. Ongi ateratzea ezinbestekoa du hernaniarrak.

«Txapel guztiak dira garrantzitsuak eta beste final bat nahi dut irabazi»
Urriza beste txapel baten bila dabil. «Txapel guztiak dira garrantzitsuak eta jakin badakit ez dela batere erraza horrelako finaletara iristea eta beste final bat nahi dut. Finaletan egotea gustuko dut eta asko gozatzen dut». Aurreko denboraldian bi buruz burukoak galdu zituen arren hernaniarraren aurka egoerari buelta eman dio aurtengo denboraldian iruindarrak.


Hamar minututan 126 gramoko hiru pilota aukeratu zituen material aukeraketan Urrizak. Ez dira berdinak  denak. Bi biziak eta lehor tankerako bat bazegoen. Urrizak esan zuen material asko zegoela aukeratzeko eta pozik geratu zen aukeraketarekin. «Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta badakigu bakoitzak zer bilatzen duen. Berak pilota indartsuago bat bilatzen du sakerako eta bigarren pilotakadarako, eta nik nahiago dut piloteatzeko material mantsoagoa. Uste dut biok aurkitu dugula nahi genuena». Pilotetako bat lehorragoa izateak arritu zuen Barrenetxea, baina ederki azaldu zuen Urrizak arrazoia. Azkenean, pilotak aukeratzen ditugu sentsazioengatik eta partida egunean agian kalte egiten dizu material geldoak pilota gehiegi geratu daitekeelako eta kalterako izan daiteke».

Urrizak banakako zazpi txapel ditu, urte hasieran binakako seigarren txapela ere irabazi zuen eta seigarren txapela nahi du Masterrean. Gainera beste hainbat txapelketetan ere garaile izan da, San Fermin edo Sagardo Txapelketan esaterako. ETB1ek zuzenean eskainiko du partidua.

ekipazio ofiziala

salgai

Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!