Sei bikote ariko dira Masterrean aritutako erremontistarik gabe

Oriamendi Torneoa aurkeztu zuten asteartean Galarretan eta txapelketaren lehenengo jardunaldia bihar jokatuko da Hernaniko frontoian ateak itxita.  Master txapelketan aritu ez diren koadroko beste pelotari guztiak osatu dituzte bikoteak eta beraz sei bikotek hartuko dute parte. 


Zubirik Etxarrirekin batera jokatuko du eta txapelketan debuta bihar egingo dute, Mirubia eta Martirenaren kontra. Oriamendi Torneoan parte hartuko duten beste lau bikoteak ondorengoak dira: Segurola-Zaldua I, Goikoetxea V-Labaka, Urrutia II-Aizpuru III eta Zaldua II-Larrañaga. Biharko jardunaldian jokatuko den beste partidua Zaldua anaien artekoa izango da; Zaldua II eta Larrañagak, Segurola eta Zaldua I.aren aurka ariko dira. Beraz, atsedena dute bihar Goikoetxea V-Labakak eta Urrutia II-Aizpuru III.ak.


Partiduak ostegunero jokatuko dira eta jendea egotea baimentzen bada larunbatera pasako lirateke jardunaldiak. Bi multzotan egongo dira banatuak sei bikoteak. A multzoan daude; Segurola-Zaldua I, Goikoetxea V-Labaka eta Zaldua II-Larrañaga. B multzoa osatzen dute; Etxarri-Zubirik, Mirubia-Martirenak eta Urrutia II-Aizpuruk. 


Multzo bakoitzeko bi lehenengoak pasako dira finalerdietara eta azkena kanpoan geratuko da. Lehenengo fasea otsailaren 11ra arte jokatuko da hiru jardunaldiko (bihar, otsailak 4 eta 11an) sei partidurekin; bi finalerdiak otsailaren 18an izango dira eta finala otsailaren 25ean. 
Halaber, Oriamendi Torneoko norgehiagoka guztiak 40ra jokatuko dira eta aurreneko fasean betiko puntuaketa sistema erabiliko da.