Urriza da faborito gaur buruz burukoan zazpigarren txapela irabazteko gose haundia duen Endikaren aurka
2020 Iraila 26

Urriza eta Endikak buruz buruko Kutxabank Torneoaren finala jokatuko dute gaur, 16:30etatik aurrera, Galarretan. Urrizaren bederitzagarren finala izango da eta Endikaren aurrenekoa. Urrizak sei txapela irabazi ditu eta beraz faborito nagusia da zazpigarren txapela janzteko. 
Pasa den urtean aurrelari iruindarrak bere bigarren finala galdu zuen Barrenetxearen aurka. Beraz, pasa den urteko arantza atera nahi du.  
Endikak peloten aukeraketan esan zuen gose haundiarekin dagoela bere lehenengo txapela irabazteko eta konfidantzarekin dago. 
Bien artean partidu asko  jokatu dituzte azken urteetan eta aurrelari iruindarra izan da beti garaile. Bien artean Master Txapelketako final bat ere jokatu dute eta aurtengo buruz burukoaren ligaxkan Urrizak 30-19, erraz, gainditu zuen Endika gaur lau aste. Aurrekari guzti horiekin faboito argia da Urriza, baina ez da fidatzen. Aurreko urtean ere bera zen hautagai nagusia eta ezustekoa egon zen. Gainera, Urrizak esan bezala Endika oso erremontista konpletoa da. «Aurrelari bezala jokatu du eta errekurtso ikaragarriak ditu buruz buru jokatzeko».  

Pelota biziak Urrizak, indartsuagoak Endikak
Biak ere gustora geratu ziren pelota aukeraketan, baina «nahi den jokoa egiteko asmatzea zaila» dela onartu zuten.  «Asteazken goizetik larunbat arratsaldera arte portaera alda daiteke. Buruz burukoan oso garrantzitsua da sakea eta lehen pelotakada horrekin gustura egoteko moduko pelotak bilatzea zen asmoa» adierazi zuen Urrizak.
Urrizaren pelotak biziagoak dira. «Bereak indartsuagoak dira. Atzelaria da eta beste doaiak ditu, aurrelari gisa ere jokatu duen arren». 
Endikak modu positiboan baloratu zuen aukeraketa. «Ez zait aukeraketa gustatzen, baina oraingoan gustura geratu naiz. Finalaurrekoen antzekoak dira. Ez dira biziak eta niretzat ondo moldatzen dira. Bereak ezberdinak dira, pelota biziagoa bilatu du». Lehen finalerako lasai dago oraingoz. «Badakit zer den finalak jokatzea, eta horrek presioa hobeto eramaten laguntzen du».

Partekatu: