Gaur aurkeztu da Galarretan eta bihar hasiko da Juanenea eta Larrañagaren finalarekin.
Buruz Buruko Kutxabank 2020 Torneoa gaur aurkeztu dute Galarretan zazpi erremontistekin. Bihar B taldeko finala jokatuko dute Juanenea eta Larrañagak eta irabazlea txapelketako hurrengo fasera sartuko litzateke. Orduan sartuko dira jokoan Ansa II, Goikoetxea V, Endika, Urriza eta Barrenetxea IV.
Txapelaren defentsa egingo du Endika Barrenetxeak. Pasa den urtean estreinekoz irabazi zuen erremontean dagoen txapelik garrantzitsuena eta aurten bere helburua balentria hori errepikatzea da. Iristea mantentzea baino zailagoa dela esaten da, beraz helburua oraindik eta zailagoa du aurretik atzelari hernaniarrak.
Horren arrazoia aurkari gogorrak dituela aurrean da eta noski Urriza txapeldun haundiak ‘tronua’ errekuperatzeko helburuarekin irtengo da. Hori bai, aurretik txapelketa interesgarri batek jartzen dituen ztasunak izango dituzte bai batek eta bai besteak.
Finalaurdenetako fasean bakarra sailkatuko da eta abuztuaren 20an amaituko da
B mailako garailea erabakiko da bihar lehendabizi. Juanenea eta Larrañagaren artean partidu estua espero da, biak oso ongi eta maila ezin hobean ari direlako jokatzen. Saria potoloa da, fasez pasatzea eta bi partidu gehiago txapelketan ziurtatzea.
Finalurdenetako fase hori gaurko garaileak, Ansa II.ak eta Goikoetxea V.ak jokatuko dute. Hiruen arteko ligaxka izango da eta abuztuaren 13an ostegunean hasiko da. Beste bi jardunaldiak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira. Puntuazio onena ateratzen duen erremontistak hurrengo fasera egingo du salto eta beste biak kanporatuak geratuko dira.
Finalerdietako faseko aurrenekoa finalera zuzenean
Hurrengo fase hori finalaurretako fasea izango da eta lau pelotarik jokatuko dute: finalaurdenetako irabazleak, Endikak, Urrizak eta Barrenetxeak. Lehen postuan geratzen den pelotaria, zuzenean finala jokatzeko sailkatuko da.
Bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnak, finalerdietarako sailkatuko dira. Eta laugarren geratzen den pelotaria txapelketatik kanpo geratuko da aurrera ezin joanez.
Bi bikoteen arteko puntu berdinketa badago, bi bikote horien arteko partida irabazi duen bikoteak lortuko du sailkatzea. Hiru bikotek berdintzen badute ordea tanteo globala hartuko da kontutan.
Finalerdia eta finalak, irailaren 19an eta 26an
Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak. Azpimarragarria da aurten txapelketa luzatu egingo dela eta beste urtetan finala jokatzen den fetxetan aurten ligaxka amaitzen egongo dela.
Finaleko bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da eta irailaren 26an jokatuko da finala. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailaktuen artean irailaren 19an jokatuko da.
Barrenetxeak bigarren txapela lortu nahi du
Aurreko urteetako aurkezpenetan Urriza izaten zen protagonista eta faborito argia. Aurten berriz gauzak aldatu dira eta bi faborito daude txapela irabazteko; Urriza eta Barrenetxea IV. Atzelari hernaniarrak gainera Masterra ere irabazi zuen 2020 urte hasieran eta Urrizaren pare dagoela erakutsi zuen.
Hala ere, ez da ahaztu behar Javier Urrizak sei txapela dituela irabaziak eta azken urteetako txapeldun haundiena izan dela.Bere maila mantentzen du eta azkenaldian jokoarekin dabil.
Endika ere kontuan hartzeko erremontista da eta zailtasunetan jarri izan du Urriza eta Barrenetxea bein baino gehiagotan gainditu ere bai. Atzoko Galarretako aurkezpenean erremontista denak ilusioarekin eta gogotsu azaldu ziren.
Partidu guztiak osteguna eta larunbatean jokatuko dira eta puntuaketa ere azken urteetan bezala eramango da ligixketan. Irabazleak lau puntu eskuratuko ditu, 27 eta 29 tanto bitartean geratzen denak bi puntu btuko ditu. 24-26 tanto artean puntu bakarra batuko da, 17-23 puntu artean eginez gero ez da punturik batuko eta 17tik bera puntu bat kenduko da sailkapenean.
Buruz burukoaren 38garren edizioa da aurtengoa eta 1986 urtetik urtero jokatu da. Lehenengo txapelduna Abrego izan zen 1944 urtean eta txapela gehien eskuratu dituena Koteto Ezkurra hamaika txapelekin.