Barrenetxeak lehen garaipena lortu du partida parekatu batean

Barrenetxeak lehen garaipena lortu du partida parekatu batean

Hernaniarrak 30-27 irabazi dio Ezkurra II.ari Masterseko ligaxkaren estreinaldian

Endika Barrenetxeak Kutxabank Masterseko txapelaren defentsa hasi zuen Josetxo Ezkurra 30-27 mendean hartuta. Atzelari hernaniarrak ligaxkako lehen lau puntuak lortu ditu eta Ezkurra II.ak bi. Emaitzak ligaxka oso irekita uzten du oraindik eta bi erremontistek finalerako aukerak dituzte eta irabazlearen kasuan aurrerapauso garrantzitsua eman du, baina ez behin betikoa.
Ezkurrak sorpresa ematea gertu izan zuen dirua Barrenetxearen alde 100-50era atera ondoren, baina ezin izan zen. Doneztebekoak eraman ezin izan zuen erreboteak 29-27koa jarri zuen markagailuan eta atzelariaren azken tantoa saketik etorri zen, partida 30-27 ixteko.
Partida polita izan zen eta ia hutsik egin gabe piloteatu zuten. Ezkurra borrokan aritu zen eta ia ez zuen pilotarik huts egin. Bakarra partidu osoan. Barrenetxeak gehiago arriskatu zuen eta zorrotzago aritu zen. Horrek bultzatu zuen ekimena eramatera eta, batez ere, errestoan bikain aritu zen. Hamaika tanto ere egin zizkion Ezkurrari. Tanto horiek era guztietakoak izan ziren.
Ezkurrak ezin izan zuen inoiz partida berdindu, nahiz eta partidutik ere ez zen inoiz atera. Barrenetxeak bost tantoko aldea izan zuen 7-2, 11-6 eta 20-15ean. Ezkurrak une oro egiten zuen atzera eta aurrera eta bi tantora edo bakarrera hurbiltzen zen: 7-5, 11-10, 22-20, 24-23, 26-25 eta 28-27.
Oraingoan sakea ez zen hain erabakigarria izan. Barrenetxeak tanto bat gehiago egin zuen, zazpi-sei, baina saketik ere falta gehiago egin zituen. Partida gogorra izan zen. Galarretara hurbildu zirenek oso gustora ikusi zuten buruz burukoa bi pilotariren artean. Barrenetxeak 22 tanto egin zituen piloteoan, zazpi saketik, hiru falta saketik eta hiru huts piloteoan. Ezkurrak 15 tanto egin zituen piloteoan, sei sakearekin eta huts bakarra egin zuen piloteoan.
Hurrengo partida Ansa II.ak Ezkurra II.aren aurka jokatuko du. Ezkurraren garaipen batek dena airean utziko luke hirugarren eta azken jardunaldirako, baina Ansaren garaipen batek Josetxo Ezkurra kanporatuko luke automatikoki.

Ezkurra II.ak pronostikoa bete du eta Kutxabank Masterseko ligaxkara pasa da

Ezkurra II.ak pronostikoa bete du eta Kutxabank Masterseko ligaxkara pasa da


Ezkurra II.ak 30-21 irabazi zion Azpirozi banakako Kutxabank Mastersean. Doneztebeko aurrelariak piloteoan apurtzea kostatzen zaion Azpirozek baino baliabide gehiago dituela erakutsi zuen. Hori bai, ligaxkan, Ezkurrak bere maila igo beharko du sakearekin, arlo horretan ez baitzen batere ongi aritu. Ansa eta Barrenetxea bezalako aurkariek ez dute piloteoan barkatuko.
Partidak bi zati izan zituen. Lehenengoan berdintasuna izan zen nagusi, Azpirozek ondo defendatzen eta eusten baitzuen. Markagailua 15nako berdinketara arte parekatu joan zen.
Hortik aurrera, aurrelariaren trebetasuna atzelariari gailendu zitzaion. Ezkurra II.ak sakearekin hobera egin zuen eta min gehiago egiten hasi zen. Horri esker, erasora jotzen ez zuen eta defentsiban zegoen aurkari baten aurka zuloa egin zuen. 15 berdinetatik 23-16 eta 28-18ra pasa zen. Azkenean markagailua 30-21 itxi zen Ezkurra II.arentzat 50 minututan.

Urriza porrotarekin baina minik gabe agertu da berriro

Jaialdiko beste protagonista nagusia Javier Urriza izan zen. Galdu arren, Iruñeko aurrelariarengan zeuden begirada guztiak jaialdiko lehen partidan. Larrañagarekin batera, 18an geratu ziren Segurola eta Barrenetxea IV bikain batzuen aurrean.
Urrizak ez zuen partida irabazteko beharrezkoa den erritmo izan eta konfiantza falta izan zitzaion erasoan eta tantoak bukatzeko, baina defentsan maila eman zuen. Partidak eta erritmoa hartzea besterik ez zaio falta, eta horrek konfiantza emango dio. Gainera, maila bikainean ari den Segurolarekin topo egin zuen, baita une honetako erremontistarik onenarekin, Barrenetxea IV.arekin.
Hernaniko atzelaria onena izan zen berriro 14 tanto eginda, zazpi sakearekin, akats bakar baten eginda. Segurolak ere 14 tanto egin zituen lau akatsekin. Urrizak ia ez zuen huts egin, pilota bakarra, baina motz geratu zen bederatzi tantorekin. Larrañagak bi tanto egin zituen piloteoan, bi sakean eta huts bat.
Norgehiagoka berdinduta mantendu zen zortzinako berdinketara arte. 12-18 eta 17-24 urdinek tartea ireki zuten 18-30 norgehiagoka ixteko.
Albisterik onena da Urriza itzuli dela lesiotik erabat osatuta dagoela.

Barrenetxea IV.a da faboritoa larunbatean hasiko den Kutxabank Masters Txapelketa irabazteko

Barrenetxea IV.a da faboritoa larunbatean hasiko den Kutxabank Masters Txapelketa irabazteko

Urriza oraindik ez dago sasoian eta ez du jokatuko Kutxabank Mastersa. Beraz, Ezkurra II.a, Azpiroz eta Ansa II.a izango ditu aurkari aurreligaxka, ligaxka eta finala jokatuko diren bost partiduz osatutako txapelketan.  

Endika Barrenetxea hernaniarra da faboritoa Galarretan aurkeztu zen Kutxabank Masters Txapelketa irabazteko. Lau erremontistek jokatuko dute eta guztira bost partidu izango dira. Ezkurra II.a, Azpiroz, Ansa II.a eta Barrenetxea IV.a dira txapelaren bila ariko diren lau erremontistak eta Banakakoan txapeldun izan zen Urriza ez dago partaideen artean. Iruindarrak ez du bere burua sasoian ikusten buruz buru jokatzeko nahiz eta binaka hasiko den jokatzen larunbatean bertan.

Larunbat honetan urtarrilaren 21ean hasiko da Masters Txapelketa aurreligaxka batekin. Ezkurra II.a eta Azpiroz izango dira protagonistak eta bien arteko partidua irabazten duenak hiruko ligaxkara pasako da eta galtzailea kanporatua izango da. Ligaxkan hiru erremontista ariko dira. Barrenetxea, Ansa eta larunbateko aurrelixkako irabazlea. 

Hiru jardunaldi ligaxkan eta bi finalista

Hiru pelotarik hartuko dute parte ligaxkan eta denek denen aurka jokatuko dute urtarrilaren 28an, otsailaren 4an eta otsailaren 11n. Puntuaketa sistema erabiliko da. Honela, partiduen irabazleek lau puntu lortuko dituzte, 29tik 27 tantu artean egiten dituztenek bi puntu batuko dituzte, 26tik 24 tantura puntua lortuko dute, 23tik 17 tantura ez da gehituko punturik eta 16 tanto edo gutxiago eginez gero puntu negatiboa izango da sailkapenean.

Ligaxkan lehen bi postuetan geratzen diren erremontistak joaktuko dute Masters txapelketaren finala. Bi erremontisten artean puntu berdinketa badago, bi pelotari horien arteko partidua irabazi duen pelotariak lortuko du aurretik geratzea. Hiru erremontistek berdintzen badute ordea, tanteo globala hartuko da kontutan. 

Otsailaren 18an finala, Galarretan

Ligaxkan lehenengo bi postuetan geratzen diren erremontistek jokatuko dute 2023ko Kutxabank Masters txapelketaren final haundia.

Barrenetxea IV.a da hautagai nagusia eta aurkarien artean Ansa da emaitzarik onenak lortu dituena azken urteetan. Pasa den urtean bien artean jokatu zen finala eta hernaniarrak lortu zuen txapela. Bi txapela jantzi ditu (2020an eta 2022an) eta hirugarrena nahi du eskuratu. Gainera azken bi final haundietan azpitxapeldun geratu da eta arantza hori atera nahiko du atzelari hernaniarra.

Masters Txapelketa 2011n hasi zen jokatzen eta Ezkurra (2011, 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019, 2021), Uterga (2015, 2016) eta Barrenetxea (2020, 2022) izan dira txapela jantzui duten lau erremontistak. Hernaniarrak irabazten baldin badu bigarren jarriko litzateke palmaresean.

Urrizak txapelketa jokatu ez arren bere errekuperazioa bide onetik joan da eta larunbatean bertan itzuliko da. Binakako partidu bat jokatuko du eta ez nolanahikoa. Larrañagarekin batera Segurola eta Barrenetxearen aurka jokatuko dute, Ezkurraren eta Azpirozen artekoaren aurretik.

Aurkezpenean izan ziren Arrate Arrizabalaga (Kutxabank), Xabi González (Oriamendi) eta txapelketa jokatuko duten lau erremontista (Endika Barrenetxea, Imanol Ansa, Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz).

Segurola eta Larrañaga dira Binakako Erremonte Txapelketako txapeldun berriak

Segurola eta Larrañaga dira Binakako Erremonte Txapelketako txapeldun berriak

Finala merezimenduz irabazi zuten 40-34 Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.aren aurka jendez bete zen Galarretako frontoian.

Segurolak eta Larrañagak 40 eta 34 irabazi zuten Goikoetxea V.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka Orona Fundazioaren Binakako Erremonte Txapelketako final haundian. Bigarren txapela da Larrañagarentzat eta lehenengoa Segurolarentzat. Merezitako txapela, aurkariak baino erregularragoak izan baitziren. Oso indartsu atera ziren Larrañaga sasoiko batekin eta 8-0 eta 10-1eko partzial erabakigarri batekin aurreratu ziren.
Larrañaga protagonista argia izan zen partiduaren hasieran eta erdialdera arte. Ondoren Segurolak hartu zion lekukoa. Bikote orekatu eta erregularra osatzen dute, eta beren bertute guztiak azaleratu zituzten. Urdinetan Goikoetxea ondo aritu zen, oso ondo, baina Barrenetxeak ez zuen pelota gurutzatzen asmatu eta besoa ere ez zuen askatu, ohituta dagoen bezala.
Gorriek bederatzi tantoko abantailak izan zituzten; 10-1, 13-4, 29-20 eta 30-21, baina urdinek ez zuten amore eman eta finala irabazteko aukerak izan zituzten. Lau tantora hurbildu ziren 16-12, 19-15, 20-16 eta 30-26. 34-29koaren ostean partiduan bete-betean sartu ziren 34-33 eta 35-34koan.
Goikoetxeak urdinei eutsi zien eta Barrenetxeak bi sake eta pelotakada on batzuk lotu zituenean partidua asko berdindu zen.

Bost tantoko azken partzial erabakigarria
Hor agertu zen Segurola hiru pelotakada onekin, berriro ere lau tantoko errenta zabalduz, 38-34, eta Larrañagaren bi sakek 40-34 itxi zuten finala ordubete eta bederatzi minuturen ostean.
Gorrietan, batek bere maila jaisten zuenean, besteak gora egiten zuen, eta alderantziz. Horrek abantailak mantentzea lagundu zien. Larrañagak bederatzi tanto saketik eta zazpi peloteoan eginak zituen 24-17rako.
Beheko posturatik oso ondo ateratzen zuen eta pEloteoan ere pelotakada onak lortzen zituen Barrenetxea eroso ez sentiarazteko. Jokoan behera egin zuenean, Segurolak lekukoa hartu zion. Larrañagak ez zuen berriro tantorik egin azken bi sakeak egin arte, baina aurrelari gorria tantoak batzeaz arduratzen zen.
Urdinetan Goikoetxeak Larrañagaren sakeak irakurtzen ikasi zuen eta pixkana urdinak hazi egin ziren. Gainera, taktika aldatu zuen aurrelari urdinak. Hasieran ez arriskatzen saiatzen zen eta errebotera jotzen zuen, baina gero gehiago arriskatu zuen eta ondo atera zitzaion. 16 tantorekin amaitu zen. Barrenetxeak ere hobera egin zuen, eta hortik etorri zen berdintasuna, baina igeri egin zuten itsasertzean hiltzeko.
Segurolak partidu bikaina egin zuen 17 tanto eta hiru hutsekin. Larrañagak izan zituen zenbaki onenak, zazpi tanto egin baitzituen peloteoan eta hamaika saketik. Goikoetxeak 16 tanto egin zituen eta bi huts. Barrenetxeak sei tanto egin zituen peloteoan eta beste sei saketik.
Galarretak sarrera ikusgarria izan zuen eta giro ederreko partidua eta finala jokatu ziren.

Segurola eta Larrañaga faborito sentitzen dira

Segurola eta Larrañaga faborito sentitzen dira

Atzo aukeratu zituzten bihar jokatu behar duten Binakako Erremonte Txapelketaren finalerako pelotak. Bikote urnietar-hernaniarra urdinez arituko da, Segurola eta Larrañagaren aurka eta pelota biziagoak aukeratu zituzten. 

Binakako Erremonte Txapelketaren finala bihar ostegunean jokatuko dute Galarretan Segurola-Larrañaga eta Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a bikoteek. Urnietako eta Hernaniko bikotea gogotsu dago finalerako, finalerdian Ansa eta Juanenea erraz gainditu eta gero. Hirugarren finala izango du Barrenetxeak eta lehenengoa Goikoetxeak.Atzo astelehenean, bost minutu behar izan zituen bikote bakoitzak Binakako Erremonte Txapelketako finalerako pelotak aukeratzeko.
Segurola eta Larrañaga lehenengo kantxaratu ziren Galarretara eta argi zuten zer nahi zuten, jokatzeko moduko pelota bat, irteera haundirik gabekoa. 129 gramoko bi pelota bereizi zituzten, 128ko bat eta 127koa bestea. Ez dira pelota lehorrak, ezta bote baxukoak ere, baina ezta arinak eta hegaldikoak ere. Barrenetxeak min egingo duen pelota saihestu nahi zuten eta gustura geratu ziren, non aukeratu bazegoelako.
Are denbora gutxiago behar izan zuten urdinek. Goikoetxeak eta Barrenetxeak finalerdiko material berdinaren aldeko apustua egin zuten. Pelota biziagoa sakearekin min egiteko. Laurak arinagoak dira, 128 gramo, 125 gramo eta 126 gramoko bi pisatu baitzuten pelotek.
Aukeraketa amaitutakoan, osteguneko finalari buruz hitz egin zuten,. Jaialdia 17:30etan hasiko da, Galarretan, eta finala 18:30ak aldera jokatuko da.

Endika Barrenetxea

«Segurola eta Larrañagak jokoa eta tantoa asko lantzen dute» 

«Konfiantzarekin iristen gara finalera. Lehengo larunbatean finalerdian garaipen argia eskuratu ondoren sentsazio oso onak atera genituen kantxatik. Beraz gogotsu gaude. Ansa eta Juanenearekin alderatuta oso bikote ezberdina da. Segurola eta Larrañagak jokoa eta tantoa gehiago lantzen dute, bukatzea agian gehiago kostatzen zaie, baina oso serioak dira jokatzen. Uste dut, pelota gutxi galduko dituztela, tantoa asko landu beharko dugula eta saiatuko gara gurea egiten. Gakoa beti bezala sakean egongo da. Larrañaga sakatzaile handia da eta ni saiatuko naiz min egiten sakearekin, gero Goikoetxearen hurrengo pilota aprobetxatzen saiatzeko. Kasu honetan badakigu errebotean ez dela zuloa egongo, finalerdian bezala. Saiatuko gara gauzak ahalik eta txukunena egiten. Niretzako oso berezia da, Goikoetxearen lehenengo finala izango delako eta nirekin. Hiru aldiz iritsi gara finalaurrekoetara eta ez dugu inoiz finalera sartzerik izan aurten arte. Prest gaude eta lehenengoan txapela buruan jartzen saiatuko gara»

Ander Goikoetxea

«Partidu gogorra espero dut eta irabaztea gauza haundia litzateke»

 «Ondo aurkitzen naiz, konfiantzarekin aurreko larunbateko partidua eta gero. Partidu oso gogorra espero dut, Segurola eta Larrañagak ez dute pilotarik galtzen. Egia da, tantoa amaitzeko ez dutela Ansaren gaitasuna, baina partidu gogorragoa egingo digute. Finala irabazi nahi badugu ezingo dugu pilotarik apenas galdu. Tantoa luzatu egingo da eta amaitzerakoan asmatu egin beharko da. Nire lehenengo finala da eta ilusio haundia egiten dit eta gainera Barrenetxearekin. Irabaztea gauza haundia litzateke eta horrelako egun bat bizitzea polita izango da».

Iban Larrañaga

«Final irekia espero dut, baina gure burua ikusten dugu faborito» 

«Ondo gaude, ilusioarekin. Momentu onean harrapatzen digu finalak eta espero dugu partidu on bat egitea eta ea txapela etxera eramaten dugun. Aurrez lanak ongi egin ditugu eta finalera sailkatu gera. Horrek ere bere arrisku puntua dauka. Bi aste egon gara txapelketako partidurik jokatu gabe, beraiek ordea larunbatean finalerdia irabazi zuten eta ikaragarrizko ilusioarekin jokatuko dute finala. Konfiantzarekin daude Ansa eta Juanenea bezalako bikote bati erraz irabazita. Guk belarriak tente eduki beharko ditugu, inongo konfiantzarik gabe eta kontzentratuta. Finala Barrenetxearen sakeak erabaki dezake. Lehengo egunean 13 tanto egin zituen eta hori ikaragarria da. Espero dut nik ere asmatzea eta errestoan ere asmatzea. Gure jokoa egin behar dugu Barrenetxearekin obsesionatu gabe, Goikoetxea ere jokoarekin dago eta Segurolak aurrean izango dituen aukerak aprobetxatu beha ditugu. Gure burua jarriko dugu faborito, ezin da beti biktima moduan joan. Bikote konpletoa osatzen dugu eta final irekia espero dut. Hau nire bigarren finala da, oran hiru urte Urrizarekin batera irabazi nuen, Matxin III.a eta Barrenetxea beraren aurka». 

Beñat Segurola

«Elkarrekin hasi ginen, debuta ere elkarrekin egin genuen eta finala elkarrekin irabaztea pilota izango litzateke» 

«Gogo handiarekin gaude. Jokoarekin gaude Ibai eta ni. Ea final ona egiten dugun. Hasieratik bikote bezala maila altua erakutsi dugu, ni tantoak bukatzen eta bera sakatzen. Bikote ona osatzen dugu eta txapela irabazteko aukera onak ditugu. Partidu gogorra espero dut. Barrenetxeak asko jokatzen du eta sakeari eustea garrantzitsua izango da. Sake errestoan asmatu behar dut, bestela partidua zaildu egingo zaigu. Nik faborito ikusten dut gure burua. Ligaxkan onenak izan gara, nahiz eta finala partidu batera jokatu. Binakakoan nire lehenengo finala izango da Ilusio handia egiten dit Larrañagarekin finala jokatzea. Elkarrekin hasi ginen erremontean eta elkarrekin egin genuen debuta. Polita izango zen biak batera irabaztea».