Finala merezimenduz irabazi zuten 40-34 Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.aren aurka jendez bete zen Galarretako frontoian.

Segurolak eta Larrañagak 40 eta 34 irabazi zuten Goikoetxea V.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka Orona Fundazioaren Binakako Erremonte Txapelketako final haundian. Bigarren txapela da Larrañagarentzat eta lehenengoa Segurolarentzat. Merezitako txapela, aurkariak baino erregularragoak izan baitziren. Oso indartsu atera ziren Larrañaga sasoiko batekin eta 8-0 eta 10-1eko partzial erabakigarri batekin aurreratu ziren.
Larrañaga protagonista argia izan zen partiduaren hasieran eta erdialdera arte. Ondoren Segurolak hartu zion lekukoa. Bikote orekatu eta erregularra osatzen dute, eta beren bertute guztiak azaleratu zituzten. Urdinetan Goikoetxea ondo aritu zen, oso ondo, baina Barrenetxeak ez zuen pelota gurutzatzen asmatu eta besoa ere ez zuen askatu, ohituta dagoen bezala.
Gorriek bederatzi tantoko abantailak izan zituzten; 10-1, 13-4, 29-20 eta 30-21, baina urdinek ez zuten amore eman eta finala irabazteko aukerak izan zituzten. Lau tantora hurbildu ziren 16-12, 19-15, 20-16 eta 30-26. 34-29koaren ostean partiduan bete-betean sartu ziren 34-33 eta 35-34koan.
Goikoetxeak urdinei eutsi zien eta Barrenetxeak bi sake eta pelotakada on batzuk lotu zituenean partidua asko berdindu zen.

Bost tantoko azken partzial erabakigarria
Hor agertu zen Segurola hiru pelotakada onekin, berriro ere lau tantoko errenta zabalduz, 38-34, eta Larrañagaren bi sakek 40-34 itxi zuten finala ordubete eta bederatzi minuturen ostean.
Gorrietan, batek bere maila jaisten zuenean, besteak gora egiten zuen, eta alderantziz. Horrek abantailak mantentzea lagundu zien. Larrañagak bederatzi tanto saketik eta zazpi peloteoan eginak zituen 24-17rako.
Beheko posturatik oso ondo ateratzen zuen eta pEloteoan ere pelotakada onak lortzen zituen Barrenetxea eroso ez sentiarazteko. Jokoan behera egin zuenean, Segurolak lekukoa hartu zion. Larrañagak ez zuen berriro tantorik egin azken bi sakeak egin arte, baina aurrelari gorria tantoak batzeaz arduratzen zen.
Urdinetan Goikoetxeak Larrañagaren sakeak irakurtzen ikasi zuen eta pixkana urdinak hazi egin ziren. Gainera, taktika aldatu zuen aurrelari urdinak. Hasieran ez arriskatzen saiatzen zen eta errebotera jotzen zuen, baina gero gehiago arriskatu zuen eta ondo atera zitzaion. 16 tantorekin amaitu zen. Barrenetxeak ere hobera egin zuen, eta hortik etorri zen berdintasuna, baina igeri egin zuten itsasertzean hiltzeko.
Segurolak partidu bikaina egin zuen 17 tanto eta hiru hutsekin. Larrañagak izan zituen zenbaki onenak, zazpi tanto egin baitzituen peloteoan eta hamaika saketik. Goikoetxeak 16 tanto egin zituen eta bi huts. Barrenetxeak sei tanto egin zituen peloteoan eta beste sei saketik.
Galarretak sarrera ikusgarria izan zuen eta giro ederreko partidua eta finala jokatu ziren.

ekipazio ofiziala

salgai

Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!