Erremonte jardunaldi polita eta borrokatua Orion

Erremonte jardunaldi polita eta borrokatua Orion

Erremonteak eta Oriok harreman estua izan dute historian zehar, eta historiako erremontista onenetako batzuk oriotarrak dira, Salsamendi eta Intxauspe kasu. Atzo Erremontari Herriz Herrik kostaldeko herria bisitatzen zuen eta giroak ez du huts egin.
Giro ederrean ikusi ziren bi partida borrokatuak eta onak. Aurrenekoan Urrutiak eta Apezetxeak 2-0 irabazi zioten Zaldua II-Odeiri. Lehen seta 15-12 amaitu zen eta bigarrena, 15-14. Nahiz eta 2-0koa izan, setak oso lehiatuak izan ziren inspiratuta zeuden gorrien alde. Urrutia II.ak maila onean jokatu zuen, lehen setean 6 tanto egin zituen eta bigarrenean 9. Xehetasunek erabaki zuten lehia.
Bigarren partida berdinketa hausteko setean erabaki zen. Goikoetxea eta Barrenetxea 2-1 nagusitu ziren Aldabe eta Juanenearen aurka 12-15, 15-8 eta 5-2ko partzialekin.
Aldabe eta Juanenea oso indartsu hasi ziren eta 12-15 nagusitu ziren. Goikoetxea eta Barrenetxea behetik gora joan ziren oso erregularrak izanik. Urdinak gutxiago izan ziren eta bigarren setean gorriek 15-8 irabazi zuten. Azken setean Goikoetxearen bi tantok eta Barrenetxearen bik garaipena eman zieten, 5-2. Barrenetxea izan zen onena.

Urriza-Martirenak lehen match pointa gainditu dute eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV.a sailkatu dira finalaurrekora

Urriza-Martirenak lehen match pointa gainditu dute eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV.a sailkatu dira finalaurrekora

Urrizak eta Martirenak 2-1 (15-6, 11-15 eta 5-3) irabazi diote Ezkurra-Zubiriri, eta Goikoetxeak eta Barrenetxeak gauza bera egin dute (7-15, 15-10 eta 5-4) Aldabe eta Azpirozen aurka.

Sagardoaren Txapelketak jardunaldi berri bat jokatu zuen ETB1eko Erremontari Saioaren barruan. Goikoetxea V eta Barrenetxea IV (Oialume Zar) bikoteak hirugarren garaipena lortu zuten hiru partidatan eta 10 punturekin, matematikoki oraindik ez bada ere, lau onenen artean daude. Urriza-Martirena (Alorrenea) 2-1 (7-15, 15-10 eta 5-4) gailendu zitzaizkien Aldabe eta Azpirozi (Petriegi).
Urriza-Martirena bikoteak (Alorrenea) Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta X Txuleta) gainditu zuen 2-1 (15-6, 11-15 eta 5-3). Bi partidatan bi porrot izanda, hirugarren porrota jarraian larria zatekeen eta match point bat salbatu zutela esan daiteke.
Urriza eta Martirena indartsu hasi ziren eta lehen seta nagusitasunez eraman zuten, 15-6. Urrizak zazpi tantorekin eta hutsik egin gabe aginte makila eraman zuen, sei tanto eta huts bat egiten zuen Martirenak lagunduta. Bigarren setean parekotasun handiagoa egon zen, baina Ezkurrak eta Zubirik launako berdinketaren ostean, garaipenetik gertu geratu ziren 4-11, zazpi tanto erreskadan egin eta gero. 11-15eko emaitzarekin seta itxi zuten, Urrizak lau akats egin eta gero. Behin betiko setean berdintasun handia izan zen. Iruñeko aurrelariak bazekien zer zuten jokoan eta errebote batek 4-3koa jarri zuen eta pilotakada bortitz batek 5-3ko lehia itxi zuen.
Jardunaldiko bigarren partida ikusgarriagoa, distiratsuagoa eta piloteatuagoa izan zen. Lehen seta ezin hobea izan zen urdinentzat eta 7-15 irabazi zuten Aldabe eta Azpirozek. Atzelari urdinak huts bakar bat ere egin gabe eutsi zion partida osoari. Goikoetxeak eta Barrenetxeak 15-10 irabazi zuten bigarren setean. Barrenetxea esnatu zen 10 tanto eta bi huts eginda. Bost tanto eta akatsa bakarra egin zuen Goikoetxeak. Hirugarren seta 2-4 irabazten hasi ziren urdinak, baina 3-0eko partzialak garaipena eman zien gorriei. Goikoetxearen erresto batek, Barrenetxearen ihesaldi batek eta atzelariaren errebote batek partida polita erabaki zuten. Bitxia bada ere, galtzaileek tanto gehiago egin zituzten partidaren batuketan, baina ez zen nahikoa formatu berriarekin.

Sailkapena

1. Oialume Zar 10 puntu 3 partidu
2. Gurutzeta X Chuleta 6 puntu 3 partidu
3. Aburuza 4 puntu 2 partidu
4. Bereziartua 4 puntu 2 partidu
5. Petritegi 4 puntu 3 partidu
6. Alorrenea 4 puntu 3 partidu

Urrizari eta Martirenari finalerdietarako sailkapena zail jarri zaie

Urrizari eta Martirenari finalerdietarako sailkapena zail jarri zaie

Sagardoaren Txapelketak hirugarren jardunaldia jokatu zuen astelehenean, eta bi partida jokatu dituzte bikote guztiek. Emaitzak ikusita, Urriza eta Martirena (Alorrenea) izan dira bi partidak galdu dituen bikote bakarra, eta puntu bakarrarekin ixten dute taula. Oraindik txapelketa asko geratzen da, baina finalerdietarako txartela zaildu egin zaie. Jardunaldiko beste emaitzak gehiago estutu zuen sailkapena bost bikote onenen artean.
Erremontariko lehen partidan Saioa Segurolak eta Juaneneak (Bereziartua) 1-2 irabazi zieten Urriza eta Martirenari; 15-6, 12-15 eta 4-5eko partzialekin. Bigarren partidan Ezkurra II.a eta Zubiri (Gurutzeta x Txuleta) izan ziren garaile, 0-2 Aldabe eta Azpirozen aurka (Petritegi); 9-15eko eta 12-15eko partzialekin.
Jaialdiko lehen partidan Segurolak eta Juaneneak partidari buelta ematea lortu zuten, lehenengo seta 15-6 galdu eta azkenengoan 4-1eko markagailuari buelta emanda. Ez zen ia piloteorik izan eta Urrizaren nagusitasuna bigarren setean desagertu zen. Hor agertu ziren Segurola eta Juanenea, bost eta lau tantorekin, hurrenez hurren, ia hutsik egin gabe partida berdindu zutenak. Berdinketa hausteko setean Urriza eta Martirena 4-1 aurreratu ziren. Bazirudien gorriek eginda zutela, baina bi akats gorrik, Juanenearen sake batek eta Segurolaren tanto batek markagailua iraultzea ahalbidetu zuten.
Bigarren partida politagoa eta piloteatuagoa izan zen, berdinketa hausteko setik egon ez zen arren. Ezkurrak eta Zubirik Azpirozen hasiera apur bat hotzagoa aprobetxatu zuten lehen seta 9-15 irabazteko. Uitziko atzelaria esnatu zen eta bigarren set ederra ikusi zen, berdinduta hamabira arte. Zubirik, partiduko onena izan zenak, gidaritza hartu zuen azkenean, 13., 14. eta 15. tantoak irabazteko. Ezkurrak 16 tanto egin zituen akatsik gabe eta Zubirik hamar tanto bi akatsengatik.

Goikoetxea eta Barrenetxea berriz irabazle, Ansa II.a eta Zaldua estreinakoz garaile

Goikoetxea eta Barrenetxea berriz irabazle, Ansa II.a eta Zaldua estreinakoz garaile

Ezkurra II-Zubiri eta Segurola-Juanenea bikoteek 2-1 galdu eta puntu bat lortu dute

Jardunaldi zirraragarria bizi izan zuen Sagardoaren Txapelketak bi partida oso parekatuekin. Lehenengoan Goikoetxeak eta Barrenetxeak bigarren garaipena lortu zuten, bi partidatan, Ezkurra II.a eta Zubiri 15-14, 12-15 eta 5-2ko partzialekin irabazita. Bigarren partidan, Ansa II.a eta Zalduaren aldeko emaitza errepikatu zen Segurola eta Juanenearen aurka, 15-10, 12-15 eta 5-1eko partzialekin.
Horrela, Oialume Zarrek zazpi puntu lortu ditu, bigarren jardunaldiko hirurekin. Aburuzak hiru puntu gehiago lortu zituen, eta Gurutzeta X Txuletak eta Bereziartuak txapelketako lehen puntua lortu zuten Erremontari saioan.
Lehen partida, gorriak nagusi izan ziren set batekin hasi zen. Goikoetxea eta Barrenetxea 14-6 aurreratu ziren, baina urdinek 0-8ko partzialarekin 14na berdindu zuten. Goikoetxearen errestoari esker, azken gola gorrien alde erori zen.
Bigarren seta ere gorri tankerarekin hasi zen, baina Ezkurra II.a eta Zubiriren 0-7ko partzialak partida berdintzeko aukera eman zien 11-13ko emaitzarekin. 12-15 ixtea lortu zuten seta.
Hirugarren setak hasieratik Goikoetxea eta Barrenetxea seguruago batzuen alde egin zuen, 5-2 partida itxiz.
Barrenetxeak ez zuen minik egin sakearekin, tanto bakarra egin zuen eta horrek partida berdintzea eragin zuen piloteoan. Zubiri oso erregular, seguru eta ondo aritu zen sakean. Ezkurrak ez zuen tantorik egin berdinketa hausteko eta Goikoetxea ziur egon zen gorriek irabazitako setetan.
Bigarren partidan Ansa nabarmendu zen besteen gainetik 14 tanto eta akats batekin. Indartsu sartu zen eta gorriek 15-10 irabazi zuten lehen seta. Segurolak hobera egin zuen bigarren setean eta Segurola eta Juaneneak partida berdindu zuten 12-15ekoarekin.
Hirugarren setean ez zen emoziorik izan. Segurolaren bi akatsek 5-1eko berdinketa hautsi zuten Ansaren eta ondo lagundu zuen Zalduaren alde. Juanenea erregularra izan zen.

SAILKAPENA

1. Oailume Zar 7 puntu 2 partidu

2  Aburuza 4 puntu 2 partidu

3. Petritegi 3 puntu partidu bat

4. Gurutzeta X Chuleta puntu 1 partidu bat

5. Bereziartua puntu 1 partidu bat

6. Alorrenea 0 puntu 1 partidu bat

Erremontari Herriz Herri txapelketak erremontea hurbilduko du herrietara

Erremontari Herriz Herri txapelketak erremontea hurbilduko du herrietara

Erremontari Herriz Herriko txapelketa aurkeztu da gaur Miramongo EITBren egoitzan. Txapelketa berria da Erremontari saioaren bultzada jarraituz antolatu dena.


Berritzailea da eta txapelketan Oriamendiko pilotari guztiak hartuko dute parte bi taldeetan banatuta: A taldean Erremontari saioan ari diren pilotariak egongo dira eta B taldean Oriamendiko beste erremontista guztiak.


Txapelketa Euskal Herriko bederatzi herrietan barrena jokatuko da. Lehenengo jardunaldia larunbatean hasiko da, arratsaldeko 18:00etan, Aizarnazabalen.  Bidean, larunbatetan, Zestoak, Amezketak, Oriok, Beasainek, Altsasuk, Villabonak eta Hondarribiak jardunaldi bana jasoko dute bertako frontoian. helmuga Zumarraga izango da eta finala bertan jokatuko da ekainaren 27an. 

Bikoteak ez dira finkoak izango, jardunaldi bakoitzean aldatzen joango dira eta puntuaketa indibiduala izango da.

Zortzi jardunaldiren ondoren, pilotari bakoitzaren emaitzak kontuan hartuta (eginiko tantuen eta huts egiteen kenketaren emaitza) media onena duten lau erremontistek jokatuko dute talde bakoitzeko finala (bi aurrelari eta bi atzelari talde bakoitzean)

Pilotari batzuk bi eta beste batzuk hiru partida jokatuko dituztenez, tantuen media egingo da. Erremontistai batek partida bakarra jokatzen badu, ez du finalera iristeko aukera izango.

Aurkezpenean izan ziren: Joseba Urkiola EITBko Kirol Zuzendaria; Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Mari Carmen Arregi Aizarnazabalgo Alkatea; Mikel Serrano Zumarragako Alkatea; Anuska Esnal Orioko Alkatea; Beatriz Unzue Villabonako alkatea; eta Juan Luis Silanes: Hondarribiako kirol zinegotzia.


Oriamenditik bertan izan ziren txapelketan parte hartuko duten hamar erremontista eta Joxe Mari Barrenetxea. Barrenetxearen hitzetan,”Oriamenditik eskerrak eman nahi dizkiogu txapelketa aurrera ateratzen lagundu diguten agente guztiei: Gipuzkoako Foru Aldundia, EiTB eta txapelketan parte hartzen duten bederatzi herriei”.

Barrenetxearen esanetan Oriamendiren helburu bat beti izan da erremontea zabaltzea. “Azkeneko bi urteetan Erremontari saioari esker Euskal Herriko etxe askotan sartzeko aukera izan dugu oso emaitza onekin. Aurten ere Erremontariren hirugarren urtea aprobetxatuz aurrera pauso bat eman nahi izan dugu herriz herriko txapelketa antolatuz. Horrela, erremontea zuzenean ikusteko aukera ematen dugu eta pilotazaleei hurbiltzen diegu erremontea ikusteko aukera herri ezberdinetan”.

Oriamendirentzat oso proiektu polita eta garrantzitsua da eta “ziur gaude lehenengo txapelketa hau, hurrengo urteetan ere geroz eta zabalagoa izango dela. Animatu jokatuko ditugun herrietako biztanleei erremonte jaialdia ikustea eta animatu beste herriei ekimenean parte hartzera.
Aurkezpenean ere hartu zuten hitza Iker Goiriak, Joseba urkiolak, Mari Carmen Arregik eta Mikel Serranok.