Lehen norgehiagokan, bikote nafarrak bi jokotan irabazi die (6-15 eta 8-15) Aiestaran VII.ari eta Juaneneari. Aiestaran debutariak Goikoetxea ordezkatu du. Bigarren partidan, Lekunberriko aurrelariak eta Hernaniko atzelariak gauza bera egin dute Segurola eta Larrañagarekin (4-15 eta 9-15). Aurpegian jasandako pilotakada batek baldintzatu du Aizarnazabalgo aurrelariaren jarduna.Ezkurra II.ak eta Azpirozek (Aburuza) garaipen argia lortu dute Aiestaran VII.aren eta Juanenearen (Alorrenea) kontra, bi jokotan (6-15 eta 8-15) gailendu baitira Erremontari-Sagardoaren Txapelketako laugarren jardunaldian, Galarreta pilotalekuan. Aparteko norgehiagoka jokatu gabe bikote nafarrak aurkariak egurtu ditu. Paulo Aiestaranek Goikoetxearen hutsunea bete eta debuta egin du txapelketan. Urnietarra ondoezik aurkitu da egunean zehar eta Aiestaranek ordezkatu du.

Ezkurra eroso ibili da lehen jokoan, eta erritmoa berak markatu du. Aburuzako bikoteak dantzan jarri ditu aurkariak, eta atsedenaldira abantaila politarekin joan dira jadanik (3-8). Erremontistak berriro kantxaratu direnean, ez da deus aldatu, eta Alorreneako bikotea ezinean aritu da. Horrela, nafarrak aise nagusitu dira (6-15). Gainera, Aritz Juaneneak ez du sakearekin batere asmatu.

Bigarren jokoan, zertxobait hobetu dute Alorreneako ordezkariek, baina ez da nahikoa izan, Aburuzakoen maila berdintzeko. Juaneneak merituzko bi hormabiko polit egin ditu, baina Ezkurra jokoan sartzen zen bakoitzean aldea egin du berriro. Doneztebeko aurrelaria eta Uitziko atzelaria atsedenaldira berriro aurretik markagailuan joan dira (4-8).

Alorrenea sagardotegiko bikoteak Goikoetxearen baja, sabeleko arazoekin, asko nabaritu du. Paulo lotuta aritu da partida osoan zehar. Horrela, bikote nafarrak erraz irabazi du bigarren jokoa eta neurketa (8-15).

Ezkurrak eta Azpirozek tanto kopuru berdina egin dute partidan zehar, 10na, baina Ezkurrak akats gehiago egin ditu eta atzelaria izan da onena.

Era berean, jardunaldiko bigarren partida bi jokotan erabaki da. Aldabek eta Barrenetxeak (Oialume Zar) erraz hartu dituzte mendean Segurola eta Larrañaga (Petritegi) (4-15 eta 9-15).Atzelari hernaniarrak erakustaldia eman du sakearekin, eta pilotakada askoko tanto oso gutxi izan dira neurketan.

Lehen jokoan, Endika Barrenetxeak ikaragarri asmatu du sakearekin, eta Kemen Aldabek ederki lagundu dio bere atzelariari, baina aparteko distirarik gabe. Dena alde izan du Oialume Zarreko bikoteak; izan ere, 0-4koan Larrañagari pilota batek ihes egin dio, eta zuzenean bere aurrelariaren aurpegira joan da. Beñat Segurola aldageletan sartu da, eta nahiko azkar itzuli da kantxara. Hala ere, aho barruan odola sumatu duela aitortu du.

Partidari berriz heldu diotenean, Barrenetxeak, txokotik sakea eginda, min handia egiten jarraitu du. 4-10ekoa jokoko tantorik lehiatuena izan da, eta hori ere Oilaume Zarrekoen alde erori da. Petritegiko ordezkariak ezinean, eta Aldabe eta Barrenetxea zuzenean joan dira 15. tantora (4-15).

Bigarren jokoan zuzenago hasi da bikote gipuzkoarra, eta 2-0 aurretik jarri da. Baina Endika Barrenetxeak berriz sakea bereganatu eta aitaren batean 2-8koa jarri du markagailuan. Atzelari hernaniarrak sakearekin musika jartzen jarraitu du. Jokoko atsedenalditik bueltan, Petritegiko bikote gipuzkoarra etsita zegoela zirudien, Barrenetxearen sakeekin nazkatuta. Hala ere, erreakzio txikia izan eta Oialume Zarreko bikotea estutu dute.

Hormabiko bikain batekin 7-13koa egin du Segurolak, Aizarnazabalgo aurrelariak neurketan zehar egindako tantorik onenean. Bederatzi egin dituzte gipuzkoarrek, baina Lekunberriko eta Hernaniko erremontistak ez zeuden barkatzeko, eta bigarren jokoa eta norgehiagoka irabazi du (9-15). Barrenetxeak 14 tanto sakez egin ditu partidan.

Emaitza hauekin Ezkurra-Azpiroz eta Aldabe-Barrenetxea bikoteen artean erabakiko da lehenengo postua eta finalerako zuzeneko sailkapena. Azkenengo jardunaldian Oalume Zarreko bikoteak irabaziz gero finalera sailkatuko da. Egoera berdinean aurkitzen dira azken bi sailkatuak eta atzoko galtzaileak. Puntu negatiboa batu zuten eta bietako bat kanporatua geratuko da seguruenik.

 
 
Sailkapena
1. Ezkurra II-Azpiroz (Aburuza) 12 puntu 4 jardunaldi
2. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 10 puntu 3 jardunaldi
3. Ansa II-Zubiri (Bereziartua) 5 puntu 3 jardunaldi
4. Goikoetxea V-Juanenea (Alorrenea) 2 puntu 3 jardunaldi
5. Segurola-Larrañaga (Petritegi) 1 puntu 3 jardunaldi