A multzoan, Barrenetxea eta Urriza 2-1 (13-15, 15-13 eta 8-2) gailendu dira Aldabe-Larrañagari eta B multzoan, 15-8 eta 15-7 Zaldua eta Zubiri gainditu dituzte finalistek.
Jai Alai Summer Season txapelketak uztailaren 27an Galarretan jokatuko diren finalak osatu ditu. Juaneneak eta Ansa II.ak Barrenetxea IV.aren eta Urrizaren aurka neurtuko dituzte indarrak A txapelketan eta Susperregi-Aiestaran VI.ak Gurrutxaga eta Apezetxearen aurka jokatuko dute B finalean.
Barrenetxea IV.ak eta Urrizak 2-1 (13-15, 15-13 eta 8-2) gainditu zituzten Aldabe eta Larrañaga. Gorriek lanaren eta borrokaren bitartez lortu zuten garaipena. Sufritutako garaipena izan zen. Lehen bi setak borroka bidez iritsi ziren 13nako berdinketara, joko onagatik baino gehiago. Aurrenekoan Barrenetxea eta Urriza 13-12 irabazten ari ziren, baina Larrañagaren bi hormek hamahirunakoa jarri zuten eta Aldabek 13-15ekoa jarri zuen. Bigarren seta alderantziz izan zen. Hamahirunako berdinketan Urrizak hamalaukoa egin zuen eta Barrenetxeak hamabostekoa. Set erabakigarrian gorriak nagusi izan ziren eta 8-2 irabazi zuten. Urrizak hiru tanto egin zituen sakez eta bi piloteoan. Barrenetxeak beste tanto bat egin zuen. Saketik egindako tantoak Larrañagak eta Aldabek egindako hutsak izan ziren, Urrizak asmatutakoak baino gehiago. Urrizak behetik gora joan zen, baina ez zuen eroso jokatu. Barrenetxea ere deseroso aritu zen. Esperientziak markatu zuen aldea. Juanenearen eta Ansaren aurkako finala oso interesgarria eta polita izango da.
B multzoko partidan Gurrutxaga eta Apezetxearen nagusitasuna erabatekoa izan zen. 2-0, 15-8 eta 15-7ko partzialekin, Galarretako kantxan ikusi zenaren isla da. Ostegunean izan zuen beheralditik suspertu zen Gurrutxaga eta berriz ere gogor jo zuen pilota. Gainera, Apezetxeak oso ondo lagundu zion atzean, goizuetarra izan baitzen partidako onena. Sakearekin dominatu zuen bederatzi tanto eginez eta bikotearen pisua eraman zuen. Gurrutxagak zazpi eta bost tanto egin zituen lehen eta bigarren setetan, hurrenez hurren. Apezetxeak 7 eta 6 egin zituen guztira. Zalduak eta Zubirik atoian jokatu zuten. Orain finala Susperregi eta Aiestaran VI.aren aurka jokatuko dute.