Ezkurrak eta Azpirozek Segurola eta Larrañaga hiru jokotan (14-15, 15-2 eta 5-8) hartu dituzte mendean, neurketa oso gorabeheratsuan. 

Bestalde, Aldabek eta Barrenetxeak partida irauli dute, eta Ansari eta Zubiriri irabazi diete hiru jokotan ere (15-6,-7-15 eta 5-8).

Erremontari saioko Sagardoaren Txapelketan bi partida jokatu ziren atzo Galarretan eta biak ere azken setean erabaki ziren. Lehenengoan Ezkurra II.ak eta Azpirozek (Aburuza) Segurola eta Larrañaga (Petritegi) hiru jokotan (14-15, 15-2 eta 5-8) hartu zituzten mendean.

Jardunaldiko bigarren partidan, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar) Ansa II.ari eta Zubiriri (Bereziartua) irabazi zieten, hauek ere hiru jokotan (15-6,-7-15 eta 5-8). Lehenengo jokoan kale egin ondoren, Lekunberriko aurrelariak eta Hernaniko atzelariak norgehiagoka iraultzea lortu zuten.

Estreineko partidan lehen jokoa oso borrokatua eta estua izan zen. Detaile txikiek erabaki zuten bikote irabazlea. Segurolak eta Ezkurrak min egin zuten pilota harrapatzeko aukera izan zuten bakoitzean. Segurolak hasiera hotz samarra eman zion norgehiagokari, baina behetik gora egin zuen nabarmen. Aburuzako bikote nafarra 7-8 aurretik joan zen atsedenaldira. Bueltan, Segurolak dejada polita egin eta zortzinakoa jarri zuen markagailuan. Gutxi geroago, hormabiko polit bat txapara joan zitzaion, eta jokaldiak bederatzinako berdinketa suposatu zuen. Jokoaren azken txanpan berdinketak errepikatu ziren (14-14), eta azken tantoak erabaki zuen zeta. Aburuzakoaren aldekoa izan zen azken tantoa, eta Petritegikoen lanak ez zuen saririk izan (14-15).

Bigarren jokoa erabat desberdina izan zen. Bikote gipuzkoarra amorru biziz kantxaratu zen, eta erremontista nafarrak gainetik pasa zituzten. Segurolak etorri ikaragarriarekin jarraitu zuen, eta Larrañaga oso sendo batek lagundu zion atzetik. Aburuzako bikotea konturatzerako 8-1 galtzen ari zen atsedenaldian. Gainera, kantxara itzuli eta ez zuten jokoaren joera aldatzerik lortu. Segurolak Ezkurra menderatu zuen, eta atzeko koadroetan gauza bera egin zuen Larrañagak Azpirozekin. Horrela gauzak, Petritegiko bikotea ia zuzenean joan zen 15era. Guztiz nagusi izan ziren gipuzkoarrak (15-2). Bestalde, Ezkurrak kolpea hartu zuen eta beso osoa lokartu omen zitzaion bigarren joko horretan zehar.

Hirugarren joko erabakigarrian, lehengo lepotik burua, neurketa berriro berdindu zen. Erremontista gipuzkoarrak 2-0 hasi ziren aurretik, eta bigarren jokoaren joerari eutsi behar ziotela zirudien. Baina Segurolak pilota bat txapapera bidali zuen, eta Ezkurra partidan sartu zen. Doneztebeko aurrelaria agintzen hasi, eta errematean asmatu zuen. Joko laburreko atsedenaldira 2-4 aurretik joan ziren nafarrak. Petritegiko bikoteak ez zuen etsi eta estu hartu zuen Aburuzakoa, baina azkenean Uitziko atzelariaren sendotasunak erabaki zuen jokoa, eta nafarrek garaipena poltsikoratu zuten (5-8).

Sailkapenean lider dira Aburuzakoak zortzi punturekin partida baten faltan. Petritegiko bikoteak berriz ez du garaipena ezagutzen bi partidetan, nahiz eta bi puntu batu dituzten eta garaipenetik gertu izan diren bietan.

Jaialdiko bigarren partidan lehenbiziko jokoan Ansa II.a eta Zubiri aise nagusitu ziren. Bereziartuako bikotea oso eroso aurkitu zen kantxan, eta aurkariak guztiz kontrakoa. Ansak pilota izan zuen aurrealdean, eta ederki baliatu tantoa bukatzeko. Zubirik hiru tanto egin zituen sakez, eta jokoan oso sendo azaldu zen. Oialume Zarreko erremontistek ez zuten zirrikiturik aurkitu, eta jokoa galdu zuten (15-6). Bitxikeria bezala, lehen joko horren 1-2koan pilotak kontrakantxako kameraren hutsunea, kristala, jo zuen, eta mantso-mantso atera zen bertatik, eta 4-3koan Barrenetxearen pilotakadak txapa azpiko kamera bete betean jo eta txikitu zuen.

Aurreneko jokoan bere sakearekin lanak izan ondoren, bigarrenean Barrenetxeak sakearekin agindu, eta berea izan zen jokoaren ekimena. Ansa, ostera, presaka ibili zen, ezin asmatu. Horrela, atsedenaldira markagailuan 2-8 aurretik joan ziren Lekunberriko aurrelaria eta Hernaniko atzelaria. Bereziartuako bikoteak markagailua zertxobait itxuratzea lortu du, baina Oialume Zarreko erremontistak nagusi izan ziren, eta hirugarren jokoa nahiko erraz behartu zuten (7-15).

Hirugarren joko erabakigarriaren hasieran, Ansak eta Zubirik ez zuten norabidea zuzendu, ondoren garesti ordaindu zituzten akatsak eginez. Aldabek eta Barrenetxeak, aldiz, bereari eutsi zioten, eta joko laburreko atsedenaldira 1-4 aurretik joan ziren. Azken txanpan pilota batek ihes egin zion Zubiriri, eta Barrenetxearen hankan jo zuen (2-7). 3-7koan Aldabek modu ikusgarrian eraman zuen pilota bat, ezker hormari itsatsita. Oilaume Zarreko bikoteak azken jokoa erraz eraman behar zuela zirudienean, Bereziartuakoek neurketan hurbildu ziren (5-7), tanto luze eta borrokatuen bidez. Lau erremontistak fisikoki jota iritsi ziren amaierara. Azkenean lekunberriarrak eta hernaniarrak neurketa irauli eta garaipena eskuratu zuten (5-8).

Bi partida jokatuta sei punturekin bigarren da sailkapenean Oialume Zarreko bikotea. Ansa eta Zubiri, hiru partidekin, hirugarren kokatu dira bost punturekin.