Ekainaren 16an, datorren astelehenean, Urriza-Larrañaga bikotearen aurka jokatuko dute. Finalerdian, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea menderatu dituzte, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.

Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 2025eko Sagardoaren Txapelketa “Erremontari” saioko final handirako sailkatu dira, atzo, Galarretan, Hernanin, eta, horrenbestez, Sagardoaren Txapelketako txapelak eskuratzeko partidan lehiatuko dira, datorren astelehenean, ekainaren 16an, Javi Urrizaren eta Iban Larrañagaren aurka. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, finalerdian Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea hartu zituzten mendean, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.

Hala “Erremontari” saioko finalean, alegia, Javi Urrizak bere kirol ibilbidean jokatuko duen azken partida handian, aurrelari iruindarra eta Larrañaga eta Aldabe eta Barrenetxea IV.a arituko dira nor baino nor gehiago. Finalerdian, bi zati oso desberdin izan ziren; izan ere, lehenengo jokoan, bi bikoteak oso parean ibili ziren, eta Aldabek eta Barrenetxea IV.ak tanto bakar batez eskuratu zuten puntua, baina bigarren jokoan, ordea, Ezkurra II.ak eta Juaneneak ez zuten aukerarik izan. Bigarren joko horretan, gakoetako bat izan zen Barrenetxea IV.aren sakea; atzelari hernaniarrak sei tanto egin zituen bigarren jokoan tantoari hasiera ematen dion jokaldia baliatuta, eta guztira hamar egin zituen, partidan. Horrek eragin handia izan zuen finalerdian.

Iñaki Lekuona kapitain lanetan, eta Oialume Zar sagardotegia ordezkatuta, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 3-6 aurreratu ziren norgehiagokako aurreneko jokoan, baina Bereziartuako ordezkariak diren Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, Patri Espinar kapitain izan dutela, seinakoa jarri zuten segituan. Jokoaren azken zatian, Aldabe eta Barrenetxea IV.a 9-12 ipini ziren, eta gertu zuten lehen puntua; Ezkurra II.ak eta Juaneneak ondo erantzun zuten, eta azken tantora iritsi zenean emaitza 14-14koa zen, eta sakea saldiastarrak zuen. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, baina, hamabosgarren tantoa eskuratu zuten, eta aurretik jarri ziren neurketan.

Finalerdia amaituta, Ezkurra II.ak nabarmendu zuen oso garrantzitsua izan zela lehenengo jokoa aurkariek eskuratzea. Egia esan, bigarren jokoan, aurrelari lekunberriarra eta atzelari gipuzkoarra gehiago izan ziren. Barrenetxea IV.ak min handia egin zuen saketik, eta bikote garailea 1-8 jarri zen; hori oztopo handiegia izan zen Ezkurra II.a-Juanenea bikotearentzat. Bi nafarrek 5-8ekoa lortu zuten, baina Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak beste lau tanto jarraian erdietsi zituzten, 5-12kora arte, eta Ezkurra II.ak eta Juaneneak ezin izan zuten hori gainditu. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, beraz, “Erremontari” saioko finala dute jomugan, dagoeneko.