Ansak eta Zubirik, Aldabe-Juanenea bikotea kinka larrian utzi dute 2-0 garaitu eta gero
Sagardoaren Txapelketan jardunaldi garrantzitsua jokatu zen ostegunean Galarretan eta emandako emaitzek sailkapena argitu dute. Urriza-Martirena (Aburuza) eta Ansa II.a-Zubiri (Bereziartua)  bikoteek 2-0 garaitu zituzten Segurola-Larrañaga (Petritegi) eta Aldabe-Juanenea (Gurutzeta), hurrenez hurren. Honela, garaileek aurrera pauso garrantzitsua eman dute finalerdietara sailkatzeko eta Aldabe-Juanenea bikotea kinka larrian geratu da hiru partida eta gero punturik ez baitu sailkapenean. Orain, Urrizak eta Martirenak bederatzi puntu dituzte hiru partidatan eta Ansak eta Zubirik hamar lau partida jokatu eta gero.
Erremontari Saioko bi partidak oso hantzekoak izan ziren eta markagailua ere ia parekoa izan zen.
Lehenengo partidan Urrizak eta Martirenak 15-11 eta 15-8 garaitu zituzten Segurola eta Larrañaga. Gakoa atzelarien arteko borrokan egon zen. Martirena, Larrañaga baino hobeto aritu zen eta horrek lanak erraztu zituen. Faboritoak ziren eta pronostikoa goitik-behera bete zuten. Eroso aritu ziren, batez ere Martirenak oso ongi atera zuelako. Sei tanto egin zituen sakearekin eta Larrañagak, bakarra ere ez.
Lehenengo seta parekatuta hasi zen, baina azken tantoetan egin zuten ihes gorriek. Urrizak 14 tanto egin zituen eta ezinean aritu ziren urdinak.
Bigarren partidan 15-9 eta 15-9 irabazi zuten Ansak eta Zubirik, Aldabe eta Juanenearen aurka. Hemen ere Zubirik askoz hobeto atera zuen Juaneneak baino. Bost tanto egin zituen atzelari gorriak eta bakarra ere ez urdinak. Guztira hamaika tanto egin zituen atzelari goizuetarrak, sei lehenengo setean eta bost bigarrengoan. Akatsik ez zuen egin eta Ansak pilota asko izan zituen tantoak amaitzeko. Hamaika tanto egin zituen guztira aurrelari urnietarrak, lau lehenengoan eta zazpi bigarren jokoan.
Lehenengo setean, bosnako berdinketa eta gero, 11-5era egin zuten ihes gorriek, 15-9 amaitzeko. Bigarren jokoan hirunako berdinketatik, 12-5era joan ziren, hemen ere 15-9 irabazteko.
Arluziagak eta Zalduak ere 2-0 irabazi diete Irazu-Aiestaran VI.ari
Jaialdiko lehenengo partiduan Arluziagak eta Zalduak 15-13 eta 15-13 lortu zuten garaipena Irazu eta Aiestaranen aurka. Oso partidu berdindua izan zen bai atzean eta bai aurrean. Inork ez zuen hausten. Bi setetan 13nako berdinketarekin iritsi ziren amaierara, baina azken bi tantoak gorrien alde izan ziren.