Berria Erremonte Txapelketako aurreneko partidan 0-2 (9-15 eta 10-15) garaitu dituzte Irazu eta Zaldua

Jabalerak eta Goikoetxea IV.ak 0-2 (9-15 eta 10-15) lortu dute garaipena, Irazuren eta Zalduaren aurka, Berria Erremonte Txapelketako lehendabiziko partidan. Urdinak nagusi izan dira partidan eta lau puntu lortu dituzte. Galtzaileek ez dute punturik lortu.A taldeko bi bikoteak gogotsu irten dira Galarretako kantxara. Joseba Goikoetxea zestoarraren debuta izan da profesional mailan eta gauzak ezin hobeto egin ditu. Ez du akatsik egin eta guztira hamar tanto lortu ditu, horietatik bost sakearekin. Gainera, partidako azkenaurreko tantoa bi pareta dotore batekin amaitu du. Hala ere, partidako izarra Jabalera doneztebearra izan da. Beste behin bere indarra erakutsi du, bere pilotakadek abiadura itzela dute eta aldeak lortzen ditu sasoi horrekin. Defentsan hobekuntza nabarmena izan du eta etorkizunean kontutan hartu beharreko erremontista baten aurrean daude zaleak.Lehenenego seta urdinen aldekoa izan da, 9-15. 9-10eko markagailura arte berdintasuna izan da nagusi, nahiz eta urdinek gehiago agintzen zuten. 0-5eko azken partzial batek erabaki du aurreneko jokoa. Jabalera izan da onena set honetan bederatzi tantorekin. Gorriak ez dute asmatu momentu erabakiorrean.Bigarren seta urdinen alde hasi da 2-7, baina Irazuk Jabaleraren jokoa berdindu du, zazpinako eta zortzinako berdinketak markagailuan jarriz. Goikoetxearen momentua orduan iritsi da. Piloteoan ere erasokorra izan da eta urdinen azken bost tantoetatik berak egin ditu lau. Zortzinako berdinketatik 8-12ra egin dute ihes urdinek eta gorriak 10-12ra hurbildu arren, azken hiru tantoak Jabalerak eta Goikoetxeak egin dituzte.

 

 

ekipazio ofiziala

salgai

Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!