14garren edizioa urtarrilaren 27an hasiko da, larunbatean, Azpiroz eta Barrenetxea IV.aren arteko ligaxkaren atariko batekin

Hilaren 27an ekingo zaio 2024ko Kutxanbank Masters txapelketari. Ostegunean aurkeztu zuten Donostiako Aquiariumean eta txapelketaren nobedade nagusia, Javier Urrizaren ausentzia boluntarioa izan zen. Iruñeko aurrelariak ez du Mastersa jokatuko, baina horrek ez du esan nahi Banakako Erremonte Txapelketari ere uko egingo dionik. Ekainean emango du bere erabakiaren berri, Erremontari txapelketaren ondoren.

Masters Txapelketaren 14. edizioa Ansa IIak, Barrenetxea IV.ak, Azpirozek eta Juaneneak jokatuko dute. Ansa II.a, banakako bi txapelketetako txapelduna, iaz lortutako titulua defendatzen saiatuko da.

Urtarrilaren 27tik otsailaren 24ra bitartean jokatuko da Mastersa. Barrenetxea IV.ak eta Azpirozek irekiko dute txapelketa urtarrilaren 27an: irabazlea ligaxkara pasako da eta galtzailea, berriz, kanporatua izango da. Juanenea eta Ansa II.a sailkaturik daude dagoeneko ligaxkan, iazko txapelketako finalistak izan baitziren. 

Ligaxka otsailaren 3an hasiko da eta hiru jardunaldi izango ditu: otsailaren 3koa, 9koa eta 17koa. Lehen bi sailkatuak finalera sailkatuko dira eta hirugarrena kanporatua izango da.  Azkenik, final handia otsailaren 24an jokatuko da. 

Puntu formatua izango du txapelketak

Puntu formatuan jokatuko da ligaxka, 30 tantora. Partidua irabazten duenak lau puntu eskuratuko ditu; 29 eta 27 tanto artean egiten duenak bi puntu; 26-24 tantorekin puntu bat eskuratuko da; 23-17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko; eta 16 tanto edo gutxiago egiten dituenak, puntu negatiboa izango du. Puntu berdinketaren kasuan, bi pilotari horien arteko partidako irabazlea pasako da, eta berdinketa hirukoitzaren kasuan tanteo orokorra hartuko da kontuan