Aritz Eskudero andoiandarrak, Loitegi urnietarrarekin batera, Bigarren Mailako Binakako txapelketaren finalerdia jokatuko dute larunbatean. Orain arte profesionaletan jokatutako garrantzitsuena izango du Eskuderok.

«Hasiera batean partido biziagoa interesatzen zaigu batez ere Loitegirengatik. Egun ona badu pilota biziarekin min egin diezaioke Irazuri. Hala ere, egun guztiak ez dira berdinak izaten. Ligaxkan elkarren aurka jokatu genuen txapelketa ireki zuen partiduan. 2-1 lortu genuen garaipena eta partida borrokatua izan zen. Oraingoan ere partida hantzekoa espero dugu. Partidari begiratzen diot pilotei baino gehiago. Saskian denetarik izango da. Gakoa nik ongi sakatzean egongo da, gero Loitegik bere pilotakadarekin min egiteko. Abiadura bizia ematen dio pilotari eta min gehien egin dezakeen pilotaria. Irazuri pilota kendu behar diogu, Apezetxeari pilota txokoratuz».

Bi bikoteak ibilbide parekoa izan dute eta lehenengo jardunaldi hartatik partida ez dela asko aldatuko uste du Eskuderok. «Esango nuke Irazu eta Apezetxea gu baino erregularragoak direla jokoan. Gu gora beheratsugo aritu gara. Finalera pasatzeko aukera izan genuen, baina Arluziagak eta Zalduak puntu negatiboan utzi ziguten. Ondo merezitako minus bat izan genuen. Beraiek irabazi edo galdu partida guztietan irabazteko aukerak izan dituzte eta borrokatu dituzte».

Faboritorik ez omen dago. «Inoiz ez ago jakiterik zer gertatuko den, baina hasiera batean oso berdindua izango da finalerdia. Publikoak gozatzea izango da garrantzitsua eta guk irabazten badugu hobe. Horretarako sakean asmatu behar dut. Apezetxea ni baino sakatzaileagoa da, baina Loitegi errestoan Irazu baino hobeto aritzen da. Alde horretatik berdinduak gaude. Aurrelarien joko puntua ere garrantzitsua izango da. Loitegik asmatzen badu finala gertuago izango dugu».

Finalerdiak ikusteko sarrerak oriamendi.eus webgunean eskuratu daitezke.