Jon Irazu adunarrak ere maila honetako lehenengo finalerdia jokatuko du Oier Apezetxea goizuetarrarekin.
«Gogo handiarekin gaude. Txapelketa porrotarekin hasi genuen, baina gero eta hobeto jokatzen joan gara. Gogo handiarekin gaude bai Oier eta bai ni».
Nahiz eta lehenengo partidua galdu txapelketa guztian zehar ongi lehiatu dira. «Galdu ditugun partidak ere gutxigatik galdu ditugu. Nahiko ongi jokatu dugu eta ongi borrokatu ditugu partida denak».
Irazuk uste du finalerdia ligaxkako partidaren ezberdina izango dela. «Gogoratzen dut lehenengo set hura oso gaizki jokatu nuela eta orain lehendabiziko setean partidan sartuta hastea. Oierrek ongi jokatu zuen eta partida diferentea izango da. Gu hobeto iristen gara. Beraiek ere partida gehiago jokatu dituzte elkarrekin eta hobeto ulertzen dira kantxan».
«Gure erritmoa inposatzen saiatuko gara», dio Irazuk. «Ez badugu hori egiten Loitegik aginduko du. Oierren kolpea ere aprobetxatu nahi dugu. Hasieratik gure alde jarri nahi dugu partida. Loitegik egun ona badu zaila da gainditzen eta ahalik eta jokoan gutxien sartzea saiatu behar dugu. Jokoan sartzen bada beti ere defentsan edo postura zailetan sartzea komeni zaigu».
Irazu ongi aurkitu da txapelketan zehar. «Txapelketa hasi aurretik ongi ikusten nuen nire burua, txisparekin eta jokoarekin. Lehenengo set hark dudaren bat utzi zidan, baina berehala konturatu nintzen nuen sentsazioa benetakoa zela. Kolpez eta jokuz ongi aritu naiz eta hasieran baino hobe nabil erritmoarekin. Oierrekin gainera oso ongi moldatzen naiz. Gustora hartu genuen elkarrekin jokatuko genuen berria».
Finalerdirako sarrerak oriamendi.eus webgunean eskuratu daitezke.