Javier Urrizak Binakako final berri bat bilatuko du larunbatean Galarretan. Azpirozek lagunduta, soken aurka hasi zuten txapelketa lehen bi partidak galduz, baina finalerdietan daude eta orain oso arriskutsuak dira.

«Ibilbide argia daramagu behetik gora. Zoritxarrez azken txapelketetan gertatu ohi zaidan zerbait da. Gero eta gehiago kostatzen zait lehiaketa erritmoan sartzea, eta egia esan, lehen partida, hain zuzen ere Aldabe eta Barrenetxea IV.aren aurkakoa, gure aldetik txarrena izan zen. Xabierrek eta biok gure maila ez genuen eman eta oso erraz irabazi ziguten. Bigarren partidak detaileengatik ihes egin zigun eta aurrera egin dugu. Ligaxkako azken bi partidetan itxura hobea eman dugu. Emaitzak erakusten du».

Javier Urrizak bere ibilbidean zehar final ugari jokatu dituen arren, ez du inoiz ilusiorik galtzen. «Gogotsu eta ilusioz gainezka gaude. Oso finalerdi garrantzitsua da, inoiz erraza ez den Binakakoaren final batean sartzeko aukera emango ligukeena. Zaila da horrelako txapelketen finaletan sartzea. Behetik gora, ea finalerdia gaindi dezakegun».

Aldabe eta Barrenetxearen aurka jokatzeko zailtasuna ondo baino hobeto ezagutzen du. «Joko askorekin daude biak. Finalerako txartela, Ansa eta Martirenaren aurka, aurkariaren merituagatik ez zuten lortu, txapelketa bikaina egiten ari baitira. Oso erregularrak izan dira eta erasoko bi pilotari dira, oso arriskutsuak. Ezin zaie irabazi defendatuz, abiadura handia ematen baitiote pilotari. Erasora pasatzen saiatu behar dugu, haiek gustura egon ez daitezen».

Ekimena eramatea izango da helburua. «Beti esaten dut zuk kolpatu edo kolpatu egiten dizutela. Lehenengo ematen duenak bi aldiz ematen du. Endikak sakearekin asko menderatzen du eta aldeak markatzen ditu, eta Kemenek nahi bezala ematen dio abiadura pilotari. Azken urtean asko hobetu du defentsan eta oso aurrelari arriskutsua da. Oso bikote ona egiten dute eta irabazi nahi badiegu partida bikaina jokatu beharko dugu».

Azpirozekin bikote indartsua osatzen du eta Urrizak aginte ahotsa eramaten du. «Xabi oso pilotari ausarta da, oso autoexijentea da bere buruarekin eta lasaitzen saiatzen naiz. Partida guztietan zuloetatik pasa behar da eta bien artean sendoak izatea lortzen badugu bikote oso arriskutsua gara. Oso gustura jokatzen dut berarekin. Berme handiko atzelaria da, kantxa asko estaltzen duena. Ondo egiten badugu, oso zaila izango da irabiatzea».

Zaletasuna pizten duen partida da, eta hori ikusteko sarrerak oriamendi.eus webgunean eskura daitezke.