Endika Barrenetxeak beste finalerdi bat jokatuko du bere ibilbide profesionalean, oraingoan binaka. Aldaberekin batera, Urriza eta Azpiroz izango dituzte aurrez aurre.

Lehenengo partida jokatu zuten Binakako Txapelketa hasi zenean eta orduan erraz irabazi zuten Aldabek eta Barrenetxeak. Hala ere atzelari hernaniarra jakitun da finalerdia oso ezberdina izango dela eta horren arrazoiak ematen ditu. “Urrizak txapelketak ez ditu sasoi betean hasten. Behetik gora joaten da, eskarmentu handia du eta finalerdian Urriza hobeago bat ikusiko dugu. Azken partidetan hobekuntza nabaria izan dute Urrizak eta Azpirozek, baina guk partida gure aldera eramaten saiatu behar dugu”

Barrenetxeak dioenez “beldurrik gabe sartu behar dugu partidara. Ausartak izan behar dugu. Ligaxkan beldurrik gabe aritu ginen, baina orain zailagoa izango da presioa antzematen baita. Horregatik izan behar du ausartak”.

Txapelketan zehar bikoterik erregularrena izan da. “Ansak eta Martirenak gora behera gehiago izan dituzte. Ongi kudeatu ditugu nerbioak eta agian presio hori gehien nabaritu genuen unea azken partidan izan zen. Kemenek nabaritu zuen presioa eta nire lana izango da bera lasaitzen. Azken partidua ongi etorri zaigu larunbatean arriskatu egin behar dugula jakiteko”.

Barrenetxeak esperientzia handia du eta Aldaberentzat laguntza izango da. “Pilotari bakoitza ezberdina da eta bakoitzak jakin behar du presioa eramaten. Aldaberekin, Goikoetxearekin baino lan gutxiago dut erremontari ezberdinak direlako”.

Aurkarien indarguneak ongi ezagutzen ditu hernaniarrak. “Oso bikote sendoa osatzen dute, nahiz eta kantxan batzuetan ez ulertuak izaten dituzten eta hori aprobetxatu behar dugu. Azpirozek zabaletik ongi ateratzen du, baina hori arriskutsua ere bada ez baduzu gurutzatzen asmatzen”.

Binakako txapela jantzi izan du behin baino gehiagotan Barrenetxeak, baina banakakoa baino zailagoa izan da emaitza onak lortzea. Barrenetxearen ustez atzelarientzako Binakako zailagoa da. “Jokoan gutxiago sartzen gara edo behintzat tantoa amaitzeko aukera gutxiago izaten dugu. Inzidentzi gutxiago dugu jokoan. Aurrelaria atzera etorri daiteke, errebotatu, aurrean tantoak amaitu… niretzako hori zailagoa da eta horrek eragina du atzelarientzat.”.

Hala ere, larunbatean partidaren bila irtengo dira burubelarri Aldabe eta Barrenetxea eta horretarako pelota biziak aurkeratuko ditu ostegunean. “Gure pilotak iznago dira, komeni zaizkigunak,. Beraienak motelak izango dira, nahiz eta gero gureekin jokatu”.

Zaletasuna pizten duen partida da, eta hori ikusteko sarrerak oriamendi.eus webgunean eskura daitezke.