2-0 (15-5 eta 15-14) gailendu zaizkie Ezkurra II.ari eta Larrañagari.

Urrizak eta Azpirozek 2-0 (15-5 eta 15-14) irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Larrañagari Binakako Txapelketako ligaxkako partida erabakigarrian. Horrela, irabazleak txapelketako finalerdira pasako dira eta galtzaileak kanporatuta geratuko dira. Urriza eta Azpiroz aurkariaren zain daude, eta Aldabe-Barrenetxea eta Ansa II-Martirena bikoteen arteko ligaxkako azken lehiatik aterako dira. Irabazlea zuzenean pasako da finalera eta galtzaileak Urriza-Azpirozen aurka neurtuko ditu indarrak.
Urrizak eta Azpirozek nagusitasunez irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Larrañagari. Irabazleek izugarri hobetu dute txapelketa hasi zenetik eta azken bi partidetan beraiengandik espero zen irudia eskaini dute. Faboritoak ziren eta orain hasi dira hori frogatzen.
Urriza jaun eta jabe izan zen lehen setean. Maila altuan jokatu zuen, eta hamar tanto lortuta eta hutsik egin gabe, gorriek 15-5 irabazi zuten.
Bigarren seta desberdina izan zen. Ezkurra II.a esnatu egin zen eta aurrelarien arteko lehia bikaina ikusi zen zortzi eta bederatzi tantorekin, hurrenez hurren. Markagailua parekatua joan zen eta 12-14koan bazirudien partida hirugarren setera joango zela, baina gorriek 3-0eko partziala lortu zuten Urrizaren tantoekin eta 15-14 eta 2-0 bukatu zen partida.

Zubirik erabaki du Bigarren Mailakoan

Bigarren Mailako Txapelketan, Gurrutxagak eta Zubirik 2-0 (15-6 eta 15-7) irabazi zieten Arluziaga eta Zaldua I.ari. Ostegunean Zaldua izan bazen aldea ezarri zuena, Zubirik hartu zuen lekukoa. Goizuetakoa jaun eta jabe izan zen eta set bakoitzean bederatzi eta hamar tanto eginda Gurrutxaga hegan eraman zuen. Urdinek ezer gutxi egin ahal izan zuten eta oraingoan Arluziagak ezin izan zuen garaipena lortu. Zubirik bederatzi tanto ere egin zituen saketik.

ekipazio ofiziala

salgai

Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!